garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Narrastien mintzoa

2016ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Giza burmuinak hiru garun independente omen ditu bere baitan, hiru maila-edo, eboluzioak garai bereizietan emanak. Funtzio jakin banari erantzuten omen dio bakoitzak.

Barru-barruan garun primarioa genuke, instintu hutsa litzatekeena. Oinarri-oinarrizkoari heltzen dio, ez du pentsatzen, ezta sentitzen ere, ekitea da bere lana, datorkiona onartzea ala errefusatzea, borrokatzea ala ihes egitea, biziraupena ziurtatzea betiere. Unean unekoa da beraz, oraina besterik ulertzen ez duena, iraganik eta etorkizunik gabekoa. Pentsa noraino den primarioa, narrastien garuna ere esaten zaiola. Animalion pareko inteligentzia lukeelako, gutxi gorabehera.

Narrastiaren garunaren gainetik sistema linbikoa genuke. Bigarren garun hori gure emozio eta oroitzapenen biltegia omen da. Hirugarrenik eta azkenik, azala edo kortexa genuke, garun arrazionala, «probetxuzko» gizakiari aitortzen zaizkion nolakotasunak, hala nola ahalmen kognitiboak, kontzientzia edota kontrola prozesatzen eta bideratzen dituena.

Hiru alde, hiru molde: biziraupena, emozioa, arrazonamendua.

Gure burmuin korapilatsuaren harira, eta eskolan egunerokoan aurkitzen diren trabez hausnarrean ari nintzela, baieztapen grazioso bat irakurri nion Sugata Mitra hezkuntza metodo berrien guruari, gaur zortzi: «Jabetzen ez bagara ere, geure burmuinaren erdian dagoen zona, narrastiaren garuna deiturikoa, lanean ari da etengabe; egoera berria suertatzen den bakoitzeko, borrokatzea ala ospa egitea komeni ote den ebaluatzen aritzen da. Mehatxua sumatzen duelarik, burmuineko beste gune batzuk isiltzen ditu, esate baterako, pentsamenduak koordinatzeaz arduratzen dena. Irakaskuntzan egiten diren azterketak hain justu, mehatxutzat hartzen ditu narrastiaren garunak eta sormena blokatzen du. Azterketa batean murgilduta dagoen ikasleari gorputzak zer eskatzen ote dion galdetzen bazaio, hark, albait agudoen alde egitea dela erantzungo du. Bizi duen unea ideia handietarako ez dela pentsaraziko dio estresak».

Sugata Mitrak, bistan da, ez die baliorik aitortzen gaur egungo ebaluaketei, buruz ikasitakoa neurtzen dutelako batez ere, baina ez jakituria bera. Haurrek beren kabuz ikas dezaten proposatzen du, taldeka antolatuta eta internet konexioa eskura dutela, izan telefono eramangarria, tableta edo ordenagailua —gutxi gorabehera, lagunartean aritzen diren moduan, alegia—. Irakasleak jakin-mina piztuko dien galdera bota, eta haiek lanari ekin, beren kasa, beren senari jarraiki, erantzunaren jabe egin arte.

Bitxia da Sugata Mitraren proiektuari ebidentzia zientifikorik eza kritikatzea, betiko klase magistralek, betiko hezkuntza paradigmak, ebidentzia zientifikoak barra-barra dituenean, baina kurioski, denak kontrakoak.

Bitxia da ikerketa, garapena eta berrikuntza etorkizuneko giltzarri gisa aldarrikatzera heldu garen honetan, hezkuntza sistemari hori bera ukatzea, koiunturazko politiken menera kondenatzea, eta erreformak erreforma, duela ehunka urte asmatutako paradigma zaharkituan ainguratuta edukitzea, aldian behin ikaslearen garunik primarioena gori-gori jarriz, ospa egiteko gogo inkontzientea piztuz.

Bitxia da haurrek edukiak irakaslearen hitz aspertuen bitartez eta buruz ikasi beharra, hain zuzen memoria ikaragarria duten tramankuluz inguratuta bizi direnean, eta oro har gurasoek eta irakasleek baino askoz hobeto gobernatzen dituztenean.

Bitxia da buruz ikasitakoari galderak egiteko gaitasunari edo erantzunak asmatzeko irudimenari baino balio handiagoa aitortzea, jakinik konputerizazioaren aroan, zeregin eta lanpostu ugari robotizatuko direnean, sormena izango dela gizakiaren helduleku ia bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.