ARKUPEAN

Euskal argazki eta postalak

Mikel Elorza -

2016ko urriak 5
Bisita eta bisitari errekorrak gainditu omen ditugu uda honetan, EAEn, milioitik gora. Espainolezko gure albistegian irribarretsu zehaztu dute: «en los tres territorios». Imajinatzen dut Nafarroan eta Bidasoaz iparraldeko hiru lurraldeetan ere datua ona izango zela. Bueno, Iparraldean itsasoak bustitzen dituen lurraldean bai, Santiagoko erromesen bide horrek zipriztintzen duen bestean ere akaso, baina gure erreserba indiotzat ere etorkizun kaxkarra duen Zuberoan agian ez. Geu ere ez gara joaten... Maskarada eta pastoralekiko lilura galdu dela esanen nuke, gure sustraien bila XIII. mendeko errege-erregina nafarrengana joanda moldatzen baikara, eta gainera, onar dezagun, gauzak arrunt aldatu dira eta indioen hizkuntza eta kantuak-eta baino gogokoago ditugu bakeroen hizkuntza eta kantuak-eta. Hizkuntza bereziki, dena ingelesez bataiatzen dugun garaiotan. Seme-alaben izenetan mantentzen dugu oraindik euskararekiko leialtasun gorena, eta eremu horretan ingelesezkoek baino izen exotikoagoek egin diezagukete, egitekotan, konkurrentzia.

Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanena, bisitaz ari naizela, aldatu baita. Harremana badago eta Espainian jai izanik Baionara paseatzera eta erosketa batzuk egitera joaten gara, eta beharbada hortik hurbilago dago garai batean eskatzen genuena, hori eta ez ikurrina motxilan sartuta Zuberoako kantu eta dantzekin malkoak isurtzera joan beharra. Normalidadea iritsi zaigu seguruenik, baina nago hizkuntza bidean galdu dugula. Eta hizkuntza ez dira letrak eta soinuak bakarrik, hizkuntzak mundu bat darama berarekin. Normalidade horren beste aldea —hizkuntzarekiko berdina— da Donostia Inditexekoen erresuma eta pintxoaren parke tematikoa bihurtua dugula.

Pozten gara, ni ere pozten naiz, denok poztu beharreko albistea da turismoak gora egin eta gero eta bisitari gehiago izatea Euskal Herrian (utzidazue orokortzen datua). Ona da gure ekonomiarentzat. Ona bai, baina bide-saririk ez du? Datua beroan hartzen dugu, sukaldetik ateratako gure xef zoragarri horien kreazioetarik bat balitz bezala, pintxoa baino areago experiencia sensorial bat delakoan. Turismoak gorantz egin duela eta hori poztekoa dela, eta jaten dugu eta ase eginda geratzen gara.

Hozten utziko bagenu, ordea, gauean erretira dezaten baino lehen ikusiko bagenu goizetik barran egon den pintxoa, esperientzia sentsoriala bestelakoa litzateke seguruena. Baita alor ekonomikotik ere. Ona da gure ekonomiarentzat? Bueno, prezioei errepara diezaiegun, garraioari, turismorako ez dagoen alokairuko pisu bat aurkitzea zenbat kostatzen den, zer preziotan dagoen... Ondorio horiek ere gure ekonomia dira.

Baina beste alderdiak kezkatzen nau gehiago. Bisitan etorri direnak, euren herrietara joan eta behiala sustatu zen ven y cuéntalo egingo balute, zer kontatuko luketen. Globalizazioaren arazo orokorrari —munduko hiriek elkarren gero eta antz handiagoa dute, denda igualak, hiri-paisaia berdinak...— gure partikularra ere erantsi beharko diogu. Hizkuntza bidean galdu dela, eta hizkuntzarekin batera mundua. Baina ez esentzia, ezpada eraikitzen dihardugun mundu normal hori.

Ez nuke nahi gutako batzuk Zuberoara joaten ginen bezala etortzea turistak hona, lumadun txapelarekin argazkia ateratzera, Sanferminetako zezenak eta gastronomia. Erreserbetako argazkiak ez ditut nahi, eta ezta postal guai eder baina hutsak. Herri normal bat bisitatzea nahiko nuke, bizi dena, hainbat tokitan euskaraz bizi dena, barre eta negar ere egiten duena, sortzen duena... bisita zezaten nahiko nuke.

Baina errezeloa dut haien etxeetara bueltan joan diren horietarik gehienak ez argazkiak, ez postalak, baina ezta nik nahi dudan oroitzapena eramaten dituztela: etxera soilik selfie-ak daramatzate. Milioia eta gehiago selfie.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna