Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Eltzeko burbuilak

2016ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Ura irakiten jarri dut eltzean, otordua prestatzeko. Begira geratu naiz, apurka-apurka bare zirudiena nola aldatzen hasiko den zelatatzeko. Hasieran ez da batere mugimendurik sumatzen ur-azalean; dena da bake eta ordena. Berehala, baina, eltzearen fondoan burbuila txiki solte batzuk agertzen hasten dira bat-batean. Baretasunari eutsiko zaio puska baten, baina badakigu zer jazoko den hemendik oso minutu gutxi barru: burbuila txiki horiek handitzen hasiko dira, elkar eragiten, eta nagusitu egingo dira; bor-bor jarriko da eltzeko ura, hasierako fenomeno ia ikusezina nagusi bilakatuko den arte. Sua bere horretan utziz gero, gainezka egingo du eltzeak, eta bitartean, aldaketa gauzatuko da: likidoa zena lurrundu egingo da. Sukaldeko leihoko kristalean islatzen hasi dira aldaketa horren lehen zantzuak. Eskuaz garbitu dut lurruna; erretiroa hartuta dagoen bizilagunak, agurtu agurtzen ari natzaiolakoan, keinua egin dit hutsik dagoen etxe ondoko jolas-parkerainoko bere goizeroko osteratxoan.

Burbuila txiki-handiak aspalditxo ari dira iragartzen luze gabe begi hutsez ikusteko modukoa izango den gizarteko aldaketa, oinarri-oinarrizkoa. Eltzeari eragiten diodan bitartean ikusi dut gaur bertan, badirela bi adibide argi horren inguruan, neurriak hartzearen beharraz eta urgentziaz gogoeta eragin didatenak.

Gasteizen «Gobernantza 65+» ekimena aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzak, adin horretako euskal herritarrek zerbitzu publikoen diseinu eta erabaki-gunetan izan behar duten parte-hartze ereduaren ingurukoa. Abiaburuan laster eztanda egingo duen burbuiletako bat: zahartzen ari gara, bizkor edo oso bizkor, ikusteko moduaren arabera.

Ez da geure kontua soilik, baina horrek ez du esan nahi geurea ere ez denik. 2050. urtean geu gauden planetako izkinatxo hau, Europako hego-mendebaldea, 60 urtetik gorako herritar gehien izango duen munduko eremua izango da. Historian sekula ez baita horren luzea izan herritarron batez besteko bizitzeko itxaropena. Berria da, halaber, garai berberean lau belaunaldi batera bizi izatea elkarrekin, bakoitzak bere interes eta itxaropenekin, maiz kontrajarriak. Geurean jadanik gertatzen da fenomeno hau. Berez, poztu egin behar gaitu egoera honetara iritsi izanak, bizi-kalitatea eta oro har bizi-itxaropena luzatu izana garapen-seinale argia baita. Erronka, alta, handia da. Nolako zerbitzuak behar izango ditu adinez zaharrago eta aldi berean, aldeak alde, gero eta osasungarriago izango den gizarteak? Nork eskainiko ditu zerbitzuok? Nola ordainduko ditugu?

Demografiaren eboluzioa islatzen duen forma geometriko berria sortzen ari da, hau ere berria zaiguna. Oinarritik mehetzen ari da piramidea, arrapaladako adintzea geratzen den gara bertsuan, jaiotze-tasarik baxuenak baititugu. Hona bigarren burbuila. Krisiaren berehalako ondorioei begira ari ginen bitartean, askoz sakonagoa dirudien eraldaketa ate joka ari zitzaigun, eta zantzuak badaude entzungor egitea alferrik izango dela esateko: eltzearen barruan ekaitza perfektua lehertzekotan da.

Bigarren burbuila hori ez da biribila, ertz askokoa baizik. Gaur eta bihar Donostian «Berdintasuna eta Kontziliazioa» kongresua egiten ari da, emakumeon ahalduntze ekonomikoaz gogoeta egiteko. Emakumeok lan-eskubide ororen jabe izan gabe, nekez eutsi ahal izango zaio piramidearen oinarria soiltzen ari den fenomenoari, berdintasunik ezaren ondorio zuzena baita jaiotze-tasa emendatzeko zailtasun ia kronikoa. Zer babes edo berme mota eskaintzen dio gaur egun lanaren munduak ama izateko adinean dagoen emakumeari? Lan prekarioak emakume izena du, derrigorrezko lanaldi mugatuak edo zaintzaren arduratik sortutako askotariko menpekotasunak emakume izena duten bezalaxe. Eltzea sutan jarri baino lehen, bada, galdetu beharko diogu elkarri zer babes edo berme eskaini beharko liokeen, alta, bere jasangarritasuna auzitan dakusan gizarte zahar honek.

Gero eta burbuila sendoagoak ageri dira eltzearen fondoan. Laster ur-azalera irtengo dira, eta orduan, gainezka egingo du urak. Beheko suan jarrita ere, geldiezina da gizartea goitik behera eta osoki sukaldatu beharra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.