mikel elorza
ARKUPEAN

Herri harritu hau

2016ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Harritzeko gaitasunarena maiz erabiltzen den kontua da, maiztua ere badagoena igurtziaren igurtziz. Harritzeko ahalmena galdutzat jotzen genuela esaten dugu harritzen garen bakoitzean, baliogabetuta geneukan ahalmena hala ere esnatu zaigula adierazi nahian, alegia, asuntoa benetan harrigarria dela adierazi nahian. Hamaika ikusiak ginen, bai, eta hala ere harritu.

Eta harritu egin gara AEBetako hauteskundeen emaitzarekin, lehenago Erresuma Ezin Banatuzko erreferendumak harritu gintuen gisa, edo Kolonbiakoak, azken hilabeteotan durduzatu gaituzten hiru afera ezagun, nazioarteko, gogoratze aldera.

Mariano Rajoy Espainiako gobernuburu aukeratu izanak ez gaitu harritu, are gutxiago PSOEren abstentzioak, eta ezta hauteskundeak hirugarrenez egin izan balira irabazi egingo zukeela eta seguruenik aurrekoetan baino emaitza hobeekin. Hori ere esperogarrien zakuan genuen.

Pedro Sanchez nola joan den, horrek harritu agian ez, baina askok uste ez zuena izan da. Nahiz eta gauza esperogabeak gertatu eta hurrengoan ziento bat diren eurek aurreikusi zutela eta espero zutela esaten dutenak. Eta berdin dio aurreikusi eta espero ez bazuten ere, iritzilariek ez daukate (daukagu) inolako arazorik hilabeteetan esan duguna hankaz gora errealitateak nola jarri duen ikusi eta biharamunean gertatuaz azalpen xeheenak emateko. Marxena hartuta, Grouchorena jakina, hedabideetako iritzi-emaileok lasai aldarrika genezake baditugula aurreikuspen eta azalpen irmo batzuk, baina errealitatea azaltzeko baliagarriak suertatzen ez badira, «lasai, beste batzuk ere baditugu; eta baita beste batzuk ere».

Bizi dugun garai honek badu, harritzearenarekin bezala, haserretzeko ahalmenarekin antzeko konturik. Haserraraziko gintuzten azio handiagorik, bidegabekeria nabarmenagorik ez zegoela uste izan dugunean, hortxe agertu izan da Guardia Zibila eta Auzitegi Nazionala (edo Gorena edo...) guztiok bortitz ernegaraztera. Hamaikagarrenez hamabi ikusaraztera, batzuei pairaraztera. Posible ote? Ez, ez da posible, baina gertatu egin da, sei lagun espetxeratu dituzte Altsasuko zapatu gau bateko borroka harengatik... Baina ezta hori ere, ez dituzte horregatik espetxeratu. Kartzelatu dituzte Espainiako Estatuak ezarria duen egitura juridiko-polizialak agintzen duelako hemen, eta gertatu zena norbaitek larri ordain zezala beharrezkoa zeukatelako, beharra artifizialki sortu bada ere. Agintzen dutela, ez direla joan eta ez daukatela joateko inolako asmorik erakusten jarraitzeko premia—eta abagune aproposa— elkartu direlako. Hedabideen bitartez gizendu den elur meta bat izan da, gainera. Hedabideak ez direla errudun jo behar, mezularia ez dela salatu behar? Bada bai, batzuetan bai, kasu honetan bai. Salatu behar dira hainbat hedabide, hainbat elkarte, Guardia Zibila eta Espainiako biktima (batzuen) lobbya eta zenbait erakunde publiko. Egin eta defenditu dutenagatik, batzuk; egin ez dutenagatik beste zenbait.

Gure herrietan guardia zibilek, epaitegi baten aginduz (alegia, eskutik helduta, batak bestearekin adostuta), zortzi gazte atxilotu eta sei espetxera bidali ahal dituenean afera honetan egin duen moduan, guk ditugun autonomia eta askatasun mailak ahuntzaren gauerdiko putza dira.

Baina harrigarriena, edo etsipengarriena akaso, da ikustea asunto hau zein bazterrekoa den hainbat eremutan izan ezik. Oso eremu murritzetan. Gazteon paraderoak kezkatu behar gaitu, une honetan bai, baina luzera bestea kezkagarriagoa da.

Harrizko herri hau. Ez. Herri harritu hau. Baina ez ustekabeak harrapatua, harri eginda dagoena baizik. Hain gloriosoa dugun eskultore zerrenda osoak ere lan ederra dauka bertatik ezer taxuzkorik ateratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.