ARKUPEAN

Apalik ez, harro

Mikel Elorza -

2016ko azaroak 30
Jaungoikoaren aurrean» egin zuen Urkullu lehendakariak zina joan den larunbatean. Apal-apalik. Okurritu zitzaidan aurrenekoa, txistea, izan zen «jaungoikoaren aurrean? nola bada —galdetzea—, bart gauean hil da-eta?» (txistea Zaldi Eroak hobea, ohi duenez, egin zuen biharamunean). Baina halaxe egin zuen zina, jaungoikoaren aurrean. XXI. mendean, EAE izeneko eta akonfesionala ei den estatu-erdi edo erdi-estatu honetan. Estatu akonfesionala, bai, baina akonfesional kristau, katoliko eta praktikantea. Haren aurrean egiten dute zin, herritarron aurrean konprometitu beharrean, izan ere, gero zina betetzen ez badute datorrela hura kargu hartzera! Zigor gisa errezo batzuk eginaraziko dizkie, eta kito.

Zina herritarron aurrean eginez gero ere antzera, badakit, bete ez duten makina bat promesa hitz emanda iritsi baitira asko aginte-makilak hartzera. Baina, serio, nik uste legez debekatua beharko luketela kargudunentzat bizimodu zibil eta politikoan jaungoikoaren presentzia, zinak, mezak, prozesioak eta bestelako pontekeriak; egin ditzatela kristauek haien etxeetan, pagatu gabe ere haien izenean erregistratu dituzten eliza eta ermitetan. Debekatu?, asaldatuko zait inor. Ez al haiz ba hi hain zuzen debeku ororen aurkakoa? Ba bai, debekua: agintari publikoak guztion ordezkariak dira eta ordezkari lanetan ari direnean ezin dute fede konturik ibili, fede hori mendebaldeko sekta nagusiari badagokio ere.

Ez da, baina, erraza, eta ezta harritzekoa ere, Erlijioa eskolako ikasgai den toki batean, non erlijio gizon eta emakumeek (kritikatzen ditugun musulmanak bezala beloarekin ibiltzen diren horiek) oraindik ere eskubidea duten eskolak izan eta irakaskuntzan jarduteko, diru publiko parrasta batez hornituta. Eskolan etorkizuneko kristau berriak eginez, eta heziketa horretan hainbat didaktika molde erabiliz umeekiko kariño demasekoa gainditzen dutenak —eskola laikotan ere gertatzen da haurrak izorratzea, onar dezagun, baina erlijiosoetan sexu-osagaia nagusi da—. Baina bueno, hainbat haurren bizitzak betirako markatuagatik ere konponbidea erraza dute, arestian adierazi bezala: barkamena eskatu, eta penitentzia koxkorren bat, parrokia urrunen bat... Ona da beraientzat daukaten zigor sistema, batik bat haurrekin eskoletan baliatu izan dituzten zigor moduak ezagututa. Merkatu-legeen indarragatik (eta estatubatuarrei diegun sumisioagatik) Spotlight filma egin zitzaigun ezagun 2015ean, eta gomendagarria da, baina zinez film latza ikusi nahi izanez gero, honetaz, urte bereko Pablo Larrain txiletarraren El Club da ikustekoa.

Iruditzen zait egiten dena baino askoz gehiago egin beharko litzatekeela, adibidez orain hizpide den Espainiako Hezkuntza alorreko Itun horren harira, puntu honetan zurrunak izanik: erlijioa desagerrarazi behar da curriculumetik, eta eskoletatik. Erlijioa ikasi eta irakasteko badituzte pagatu gabe ere haien izenean erregistratu dituzten eliza, ermita eta lokalak franko. Franko, k-z. Eta exijitu behar zaie sailburuei negoziatzean, hezkuntza alorrean ere gure singulartasuna lantzean, erakuts dezatela apalik ez baizik eta harro honetan ere singular nahi dugula oraingoz Espainian dagoenarekiko. Eta eskoletan planak egin beharko lirateke intsumiso izateko, zentroek erlijioa ez eskaintzeko, ez emateko (badaude batzuk egiten dutena, posible, beraz, bada). Eta noski, ezker adjektibo baino gehiagotzat duten indar politikoek ere ekimenik izan lezakete, halakoetan ere marra gorriak ezarriz, hauek erraz urtzen baitzaizkie.

Eta igual bizitzaren bestelako alorretan: hedabideak (meza irrati eta TB publikoan!), osasungintza, aisialdia...

Baina ez da erraza. EAJk, luzaz bozkatuena ez dezagun ahantz, izenean darama nonahikoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna