garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Gurutzaketa

2017ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Plan berezirik gabeko jaiegunak amarenean batu ditu bi senideak, aspaldiko partean ez bezala. Karanbola handi xamarra izan dela esan liteke, asteburuak esaterako, ondo hipotekatuak izaten baitituzte biek ala biek; batek, bere ume futbolzaleari partidaz partida jarraitu behar izaten diolako, eta eginbehar horretan goizean goiz hasi eta eguarte osoa ematen duelako ia larunbatero; besteak, berriz, erabat hartuak izaten dituelako igandeak, den-denak, nagusiki bikotekidearen familian konplitu beharragatik. Ama, beraz, bisitak txandaka hartzen ikasia da geroztik, eta, esan gabe doa, bere agenda besteenera moldatzen.

Okasio apartak plazako tabernara eraman ditu hirurak, eta eguraldi eguzkitsua lagun, terrazako zumezko aulkietan jarri dira, egonean egon, asteburuetako bazkalordu berantiarrak jo artean. Bermut banaren usainean eta platerkadatxo bat olibak ipintzen duen erritmoan, hitz aspertuari ekin diote, bereziki haurrideek, ohiko azalkerietatik hasi eta gaiak arian-arian harilkatuz. Elkarren berri maiz xamar iristen zaien arren, denbora da buruz burukorik ez dutela eta gogotsu ari dira, isilunerik sortu gabe, gozo eta airoso, orain bakoitzaren bizitokiaz eta auzokideez, lanaz eta lan ezaz, orain eskola-ume ziren garaiko bizipenez eta orduz geroztik gorde dituzten adiskideez. Errepaso horrek berak, hain zuzen, sare sozialen gaira bideratu ditu ia ezinbestean, eta sakelako telefonoa baita txiza egitean ere astintzen aritu behar izaten duten horiek larrutu dituzte, konexio totalik gabe bizitzen ez dakiten horiek —tartean lagun-minak ere badira—, erdi txantxetan erdi serio. Alabaina, inbidia printzaren bat ere sumatu zaie.

Amak, hirurogeita hamarrak aspaldi betetakoak, ez du txintik ateratzen. Hein handi batean ez diolako seme-alaben kalakaritaxurik hartzen, baina orobat, kezka batek bereganatu diolako arreta. Bietako batek aurki urteak beteko dituela etorri zaio tximistan gogora, eta ondorioz, nagia eta ezinegona eragiten dizkion dilema bati egin beharko diola aurre, zorioneko eguna iritsi artean: zer arraio oparituko ote dion. Zer eskain diezaiokeen inolako premiarik ez eta denetarik daukanari. Jakina, baliagarri izango zaionik. Edo, bederen, gustuko. Izan ere, zer egin ote dio iaz erositako alkandorari, horrenbesteko dirutza ordaindu eta gero, jarri ote du inoiz soinean. Eta non galdu ote du diru-zorro elegante eta garestia, bere egunean emana hura ere, hamar eurokoa zuzenean patrikatik ateradu-eta kokolo horrek, oraintxe... Bada marka gero, bere sabeletik sortuak izanagatik ere, eta urteetan bere mantaletik tiraka ibilki baditu ere, gaur zein ezezagunak zaizkion eta zer gutxi duten elkarri komunikatzeko. Zer den bizi legea.

Haien berriketari belarria luzatzen ez dien arren, «ba nik ez dut Facebook-ik» entzun dio urteak beteko dituenari, arrebak saretze neurtuaren onurak zerrendatu dizkionean. Amari zerua argitu zaio bat-batean.

—Ene, ba ez kezkatu —bota dio tinko, hatzak azken olibaren bila luzatzen dituen bitartean—, neronek oparituko dizut. Urtebetetzerako, motel.

Oliba hozkatzen ari dela, bakea hartzen duenaren suspirioak egin dio ihes.

Alabak, keinu izpirik egin gabe, komunera joateko aprobetxatu du gaizki-ulertua. Semeak, egoeraren surrealismoagatik txundituta, izotz artean gelditu zaion bermut tanta zurrupatuz ito nahi du barregura. Edalontzia ahoan duela, eta amari beiraren ipurditik zeharka begira, andre horrek etorkizunari inoiz erreparatzen ote dion galdegin dio bere buruari, errukituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.