mikel elorza
ARKUPEAN

Naturaltasunez

2017ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Tuteran lagun batzuk autoarekin harrapatu eta haietako bat hil izana oihartzun handia izaten ari den albistea da, Nafarroan batez ere (ez maritimoan, alegia). Elkarretaratzea ere izan zen herenegun Tuterako plazan, jende mordoa bildu zen gertakaria gaitzesteko, eta biktimei elkartasuna adierazteko, pentsatu nahi dut. Ez naiz halako elkarretaratzeen oso zalea —genero indarkeria kasuetan besterik da—, maiz zuriketa ariketa izateaz gain, zurrumurru eta lintxamendu kolektibo arriskutsuetarako ongarri ere badirelako, batzuek halakoetarako baliatzen dituztelako. Baina bueno, protesta eta duelua modu kolektiboan agertzea ez da txarra dena norbanakoaren mireste gorenekoan eraikitzen ari garen jendarte honetan.

Igandean ere, Iruñeko Sarasate pasealekuko kutxa automatiko batean hilda agertu zen emakume bat. Kaleko bizilaguna, txiroa, eskalea, bezero garen pertsonok osatzen dugula bankua dioten afixen azpian, euskal jende sasoiko eta irribarretsua ageri ohi den afixa horien azpian topatu zuten hilda. Kartoiak izango zituen lastaira eta burusi, eta, hau demagogia hutsa da, badakit, bakardade erraldoi bat lagun bakar. Autopsiak akaso erranen du intoxikazio etiliko batez hil zela, muerte natural, baina ez da egia. Miseriak hil zuen. Nola izango da bada naturala hala hiltzea? Eta, batez ere, nola izango da naturala hala bizitzea?

Ez dugu, baina, haren alde inolako elkarretaratzerik egingo. Udaleko gizarte zerbitzuek horretarako duten poltsatik ordainduko ditugu ehorzte gastuak, eta aurrera. Eta ez izanagatik elkarretaratzeen zale, batik bat elkarretaratzea amaitu eta ez dezagun pentsa horrekin konplitua dugula gure obligazio soziala horrekiko, halakoetan egin daitekeela uste dut. Zuritzaile izango da agian, arinduko digu kutxara hurbildu eta kartoiak edo mantak ikustean urdailean egiten zaigun zimikoa (zeren eta oraindik ere atximurkada sentitzen dugu, ala?); eta beraz lasaiago gelditzeko baliatuko dugu, baina bada protestarako motibo nahikoa. Miseriak hildako norbait dagoen bakoitzean. Zeren eta bestelako krimenen aurrean ondo dago gure egoneza eta are amorrua erakustea, ados, baina badago bestelako erremintarik (lege aldetik, esan nahi dut), kamuts edo zorrotzagoak, seguruenik oker erabiliak krimen asko zigor gabe lagatzeko, lapur txikiak kartzelatu eta handiak libre utziz; baina gizarteak baditu mekanismoak. Horietarako.

Miseriak eragindakoetarako ez. Hilketa hauen kontra ez dugu egitura bakar bat ere eratu. Baina normala ere bada: heriotza naturalak dira.

Hildakoaren izena eman nahi nuen, Clara, Darinka edo Ana Maria zela esan ahal izan. Baina ez dut lortu jakiterik: dena dakien Googlek ere ez daki, albistea jaso duten medioetako bakar batek ere ez dakar. Emakumezkoa, boliviarra, 59 urte. Izenik ez. Baina hala ere ezezagunen tunban ez dugu ehortziko, hori soldaduentzat izaten baita, norbere soldaduentzat gainera (eta printzipioz gizonezko soldaduentzat, gerra gizonezkoen kontua baita —eta armagabetzea, arraioa!, gizonezkoena eta ponte-usainekoa—). Eta hau ez zen ez soldadu ezta gure ere. Boliviarra zen, machupichua, guachopina, eta pobrea, eskalea. Eta emakumezkoa. Maria-Merce Marçalen poema batean egoteko merituak akaso bai, baina gure gizartean nor izateko ez.

Eta bueno, dagoeneko nik ere konplitu dudanez nire obligazio etiko eta sozialarekin, eta albisteak eragindako atximurkadarena baretu elkarrateratzearen faltan artikulua baliatuz, ba kitto. Lasaiago ikusiko dut Championseko partida. Aurrera egin beharra baitago. Bizitza badoa. Hori da naturala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.