ARKUPEAN

Kolerarako motiboak

Mikel Elorza -

2017ko maiatzak 17
Koleratuta egoteko motiboak badauzkate Yemengo herritarrek. Kolerak jota egotekoa, gaitzak jota alegia... ere bai. Besterako adina motibo. Lehendik handia zen behar gorriari azken bi urteko gerra zibil krudela erantsiz gero, gugandik oso urruti gertatzen den gerra, Saudi Arabiak guk saldutako hegazkinen bitartez —kasu horretan gu AEBak edo Frantzia edo ez dakit zein garen, gehi zuzeneko salmenta, seguru badagoena—, eta alferrik izanda ere Genevako Konbentzioak erabat debekatu beharko lituzkeen drone-en bitartez sarraskiz sarraski doan gerra erantsita, ba motiboak sortu egiten dira. Lehen ere nozitzen zuten gerra zibila mugetatik ere at atera eta herrialdea odolusten jarri den honetan, lehen mailako ez elikagai ez botikak ez deus ez izatea motibo nahikoa da, orain gertatzen ari den bezala, kolera izurri bat edukitzeko. Lehenago ez lehertu izana da arraroa.

Gurean bizpahiru egunetan sendatuko litzatekeen gaitz bat, han ere baliabide ohikoekin bizpahiru egunetan sendatuko litzatekeen gaitz bat, hilgarria da eta, hortaz, beherakoko ur zikinarekin batera ipurtzulotik ihes egiten die bizitza Yemengo herritar batzuei. Herritar ahulenei: haurrak, haiek elikatzeagatik jaten ez duten haien amak...

Ukatu edo akatsa izan delakoan deitoratzen dutelarik ospitale baten bonbardatzea, edo zibilez betetako eraikin batena, orduan akaso iristen da gure leihoetara Yemengo berri, odol zipriztin gutxi batzuek zikintzen dituzte gure ekranak. Odola, edo eriei uzkitik darien zirin urtsu horren tantaren bat —nardagarria da, arrain ustelaren kiratsa dauka diarrean doan bizitzak, Wikipediak esaten du— iristen zaigu eta uzkurtzen ditugu sudurrak eta amorru keinu bat egiten nazkarenarekin batera eta artikulu bat idazten dugu yemendarren alde eta haiek masakratzen dituzten yemendarren —eta batez ere hemendarren— aurka. Zer gehiago egin dezaket nik?

Yemengo kostaren parean, Itsaso Gorriaren beste aldean —izenaren posibilitateez paso egingo dut, errazegia da—, Eritrea, Somalia, Etiopia daude. Handik hasi eta mendebalderantz ere beherakoak jota hiltzen dira urtero hainbat pertsona, batik bat haurrak, beherakoa eta gosea eta desnutrizioarekin zerikusia duten bestelako eritasunek jota, hemen anekdota zaizkigun gaitzak. Hildako kopurua normala denean, gose maila arrunta denean ez dugu haien berri izaten. Urte oso txarra suertatu —pasatu den hau— eta apartekoa denean, goseteak numeroak gure lotsaren langatik gora eramaten dituenean, orduan bai, orduan sabel puztutakoren bat edo beste erakusten digute kamerek eta madarikatzen ditugu urte txarrak eta abarrak, beste artikulu bat idazten dugu eta, premia ere apartekoa denez, aparteko ekarpena egiten diogu GKE bati (desgrabatzen duen ekarpena, beti ere, ez ahaztu aitorpen garaian gaudela, gu kristau mendebaldar errukitsuok, limosna eta aitorpena).

Eta egia da aurrekoez aparte eta manifestazioren batera edo bestera joateaz gain —oso aldrebes egokitzen diren deialdiak, dena den, beti konpromiso familiar edo ludiko-deportibo utziezin batekin egokituta, hiriburuan gainera...—, ezer gutxi egin dezakegula, ez dugula asmatzen.

Baina era berean ez da gezurra ezer gutxi egin dezakegun aitzakia horrek gero eta pisu handiagoa duela —espresuki adierazten ez badugu ere—, eta gero eta lotuago gauzkala bizimodu hemendarrera, zeina hain justu dagoen yemendarren bizimodua hobetzetik urrutien.

Gogorra esan nezake, indignazioa mantentzen dugula eman dezan, baina ez da gogorra. Izatekotan, tristea da. Tristea ohartzea pasatzen ari garela kontraesanak edukitzetik garai batean kontraesantzat geneuzkanak norma izatera.

Bidegabekeriaren aurka zerbait erreala, ez aitortzak, egitea bihurtzen ari zaigula kontraesan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna