Xabier Mendiguren Elizegi.
ARKUPEAN

Hau

2018ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Gure inguruko hizkuntza gehienek sistema hamartarra erabiltzen dute zenbatzeko, eta euskaldunok, berriz, hogeitarra: hogei, berrogei, hirurogei, laurogei... Gure hegoaldeko auzotarrak, aldiz, horretan ere nagusi, berrogeinaka kontatzen baitituzte azkenaldiko historiaren faseak: berrogei urte frankismoak, beste berrogei Joan Karlos I.aren erregealdiak...

Berrogei urte atzera begira jarri naiz ni ere, Francoren ondorengo trantsizio urte haiek oroitu nahian, eta esaldi bat etorri zait bat-batean gogora, garai hartako alderdi politiko batek kaleak kartelez betetzeko erabili zuena: «Berrogei urte eta gero hau». Esanez bezala «hau» hori, diktaduraren ondorengo erregimena, ez zela inondik ere guk nahi eta espero genuena, lehengo agintariek eta aginte-moduek jarraitzen zutela, itxura apur bat txukunduta ere. (Bide batez, urte haietan, alderdi horrexek asmatu zuen «Que se vayan» leloa ere, askoz iraupen luzeagoa izan duena, besteak beste, joan beharko zuten haiek inoiz joan ez direlako). Bitxiena da eslogan horiek asmatu zituztenek, handik urte gutxira, «hau» hori bera izugarri goratzera eta gozatzera iritsi zirela, eta, batez ere, «hau» horren kontra jarraitzen zutenak guztiz gaitzestera eta gorrotatzera. Baina ez dut gaiztoz jardun nahi, denok aldatu gara berrogei urtean eta, behar bezainbateko patxadaz eta distantziaz begiratuz gero, ia denok edukiko genuke zertaz lotsatu; zertaz harrotu baino gehiago, seguru asko.

Baina, batez ere, «hau» aldatuz joan da. Europar Batasunean sartu zen, ekonomian eta bizimoduan modernizatu, kultura eta aisialdiko erreferentzietan globalizatu, eta demokrazia mendebaldarren estandarretara guztiz iritsi ez arren, demokrazia mendebadarrek nahiago dute «hau» beraien arteko kidetzat hartu, horretarako hainbat itsuskeriaren aurrean ez ikusiarena egin behar badute ere. Horretan lagungarria zen itsuskeria horietako gehienen biktimak euskaldun basatiok izatea, baina katalan zibilizatuei pairatzea egokitu zaienean, europar klubeko bazkideen jokabidea ez da oso bestelakoa izan.

«Hau» egunen batean onargarria izatera iritsiko zelako itxaropenari heldu diogu denok, gure basakeriak alde batera uzteak lagunduko zuela haien zibilizazio maila apur bat goratzen, eta, zergatik uka, gu ere iritsiko ginela agian, alderdi politiko azkar hartako kideak bezala «hau» horren abantailak gozatzera ez bazen, gutxienez adeitasunezko bizikidetza batera.

Tamalez, berrogei urteko ibilbideak erakusten digu «hau» erremediorik gabeko kaka pila bat dela, eta azkenaldiko gertakariek berretsi besterik ez dute egiten nire irudipen pertsonala bezainbat balorazio historiko objektiboa den hori. «Hau» da, esate baterako, duela berrogei urte joan behar zuen Guardia Zibilaren kide mozkortu pare batekin zeure herriko jaietan goizaldeko ordu txikietan tabernako liskarra izateagatik berrogeitaka kartzela urte sufritzeko arriskua. «Hau» da nazkagarri saldo bat (tartean guardia zibil eta militar bana) gure festa ospetsuenetara neska bat taldean bortxatzera etorri, neska hori hautatu eta gero atari batean sarrarazita gehiegikeria mota guztiak egin, eta hori jakinda ere indarkeriarik eta intimidaziorik egon ez dela baieztatzea epaile jaun-andreek. «Hau» da azken berrogei eta lehenagoko beste berrogei urteetako torturak eta bortizkeria estatal guztia ez onartzea eta haien biktimak aintzat ez hartzea. «Hau» da insurrekzio armatua egin zutenek beren jarduna behin betiko utzi, armak entregatu eta erakundea desegin eta gero ere, haren kideak baldintza gogorrenetan eta etxetik urrun preso atxikitzea. «Hau» da... (norberak jarrai dezala bere zerrendarekin).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.