Baldintzak eta mehatxuak elkarrizketaren ordez

NBEk Yemengo gerra konpontzeko antolatu dituen elkarrizketak bertan behera gelditu dira. Gobernuak gaur arteko epea eman die matxinoei

Gerran hildakoen hilarriak, Sana hiriburuan. YAHYA ARHAB / EFE.
mikel rodriguez
2018ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Aspalditik iragarria zuen NBE Nazio Batuen Erakundeak Genevako (Suitza) atzoko hitzordua, Yemengo gerraz eztabaidatzeko. «Kontsulta» terminoa erabilia zuen, gobernua eta matxino xiitak ez baitzeuden prest zuzeneko negoziazio formalak hasteko. Ahalegin diplomatiko xumea zenari bultzada berezia eman zion NBEk duela hilabete bat, Saudi Arabiak zuzentzen duen koalizioak 40 adingabe hil ondoren bonbardaketa batean. NBEk «munduko krisi humanitario larriena» izendatuta daukanari konponbide bat bilatzeko itxaropentzat aurkeztu zuen, eta Segurtasun Kontseiluak herenegun bi aldeei erran zien «lehenbiziko pausoa» emateko, baina ezerezean gelditu da ahalegina.

Izan ere, huthien (matxino xiiten) ordezkariak ez ziren Genevara joan atzo, NBEri leporatu baitzioten ez betetzea haiek paratu zituzten baldintzak. Yemengo Gobernuak gaur eguerdira arteko epea eman die agertzeko; bertzela, haren ordezkariak Genevatik joanen dira. Huthiek NBEri eskatu zioten bermatzeko zaurituta dauden milizianoak Omanera eramatea, Omanen sendatu dituztenak bueltatzea, eta Genevara joatekoa zen delegazioa Yemengo Sana hiriburura itzuli ahal izatea. Huthiek Sana eta ipar-mendebalde eta mendebalde gehiena dituzte kontrolpean 2014az geroztik. Gobernua, berriz, hegoaldean ezarrita dago.

NBEko ikerlariekin, haserre

Saudi Arabiak eta harekin bat egin zuten herrialde batzuk 2015eko martxoan hasi ziren Abd Rabo Mansur Hadi presidentearen gobernuaren alde esku hartzen. Joan den astean, NBEren ikerlari batek gerra krimenak egitea leporatu zien gatazkaren bi alde nagusiei, eta zehaztu zuen «dokumentatutako hildako zibil gehienak» koalizio horrek eragin dituela. Mohammed Asker Yemengo Giza Eskubideetarako ministroak ikerlari taldearekin elkarlana bukatzeko mehatxua egin zuen atzo, «neutralak» ez direla leporatuta.

NBEren arabera, 2015az geroztik 6.600 zibil hil dituzte. Huthien eta gobernuaren artekoa da orain gatazka nagusia, baina Yemenek, batu zenetik (1990), ez du bakerik ezagutu, gatazka armatu ezberdinak izan baititu herrialdearen hainbat eremutan. Horren adibide, Hadramout probintzian, Hego Yemenen, independentziaren aldekoak indartsu diren tokian, bi aste daramatzate protesta gogorretan Hadiren gobernuaren aurka egoera ekonomiko larriarengatik, eta, atzo, probintziako gobernadoreak presidenteari erran zion horien eskaerak betetzen ez baditu petrolio esportazioak etengo dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.