mikel elorza
ARKUPEAN

Ez da lehena

2015eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Mania dute gertakariek sustrai okerrak bailiran gure zangoen artean trabatzeko. Pasaporte europarra dutenak izendatu eta gero, hondamendi edo istripu batean suertatuta, pasaporterik ez dutenei izena jartzen ez dutela asmatzen europarrek, idatzi zuen orriotan oraindik orain Iñigo Aranbarrik. Denengana ere ezin irits gaitezkeela, zioen, eta beraz Everesten magalean elurpean geratu diren mendizaleei eta trekkingean zebiltzan pasaportedunei erreparatu diegu batez ere, haien izenak jakin ditugu eta taxiz eraman New Delhiraino, eta ondoren hasi gara arduratzen Chomologmaren magaletik at elur eta harripean dauden nepaldarrez. Normala da, nork bere etxekoak kontuan hartzea aurrenik, eta hedabideek nepaldarren tragediaren berri ere ondo eman digute. Baina zein inportantea den pasaportea edukitzea. Pasaporte zuria!

Herria erabat txikituta daukate —ze pena, ezingo dugu Katmanduko plazan argazkia atera, plaza historikoan alegia!—, eta deika ari dira mendi txangoetara ez, laguntzera joan gaitezen. Zuzenean, edo dolar bitartez, edo laguntza bidaliz. Seguru drone-ak ere eskertuko lituzketela, baina haiek lanpetuta dauzkagu Yemenen eta Pakistanen bestelako laguntzen garraiaketan.

Ez dut uste Katmandun Maiatzaren Lehena ospatuko zutenik, atzo. Baina orain arte egingo zuten, ez alferrik gerrilla eta mugimendu maoista oso indartsua eduki dute, armak utzi eta politikara emana, mugimendu eta gerrilla zeinaren berri kosta zitzaigun izatea, haien mendiak «konkistatzera» joaten hasi ginela aspaldi bada ere.

Hemen bai, hemen izan dira manifestazio eta martxak.

Baina premia berean ez egonagatik, hauek ere behar dute laguntzarik, berrikuntzarik. Katmanduko plazak bezala amaitu nahi ez badute, behintzat.

Euri langar xeheak beldurtzen ez zituela, atzo makina bat jende zebilen gure herrietan trekking-ean, paseoan mendian edo itsas bazterrean, bizikletan, surf taula gainean. Itsasoa eder zegoen, laño Gaviota plataformaraino —lehen sobera ere bai, laster geratuko zaigun plataforma bakarra!—, eta han inguruan promenatzen eta pedalketan zebiltzan guztiak manifestazioetara batuz gero kopuru majoak erdietsiko liratekeela pentsatu nuen. Beti bezala, nolanahi dela. Baina eguna okupatu zetorren: kirol konpetizioa ere ugaria zen, eskubaloi, errubgi, pilota eta futbol partidak aukeran. Maiatzaren Lehenean. Horrek benetan estonatu ninduen.

Sindikatua, futbol taldea eta aurrezki kutxa bizitzan sekula aldatzen ez ziren hiru gauza zirela hazi ginen, baina aldatu da. Futbol taldea ez, horri eusten zaio, baina besteak... kostata baina jendea hasi da finantza erakundez aldatzen, eta sindikatuak ardura eta harreman sozialen mapatik desagertzen ari dira.

Aldatu egin dira garaiak, amaitu da maiatzaren aurrenekoa langileen urteko egun nagusia izaten zen garai hura. Bandera gorriz kaleak betetzen zirenekoa, egun horretan inork lanik egiten ez zuen aro hura —salbu eta poliziak, kazetariak eta sindikalista prestu ekintzaileen bazkaria prestatzen eta seme-alabak zaintzen geratzen ziren emazteak—. Orain maiatzaren lehena jai eguna da, eta jai egunetan jendeak zeregin anitz ditu, eta askori tokatzen zaio lan egitea —ahaztu gabe sindikalista berriek ere bazkaltzen dutela eta zaindu beharreko seme-alabak dituztela—.

Maiatzaren Lehenak langileen ondasun izateari utzi dio, gainera, eta irudi gogoangarriak erakutsi dizkigu: Front Nationalekoek urteroko festa egin dute Parisen, Jeanne D'Arci omenaldia eginez —munduko langileriaren alde egindakoagatik txit ezaguna—; eta Espainiako gobernuburuak Lanaren Domina jarri dio dauzkan euroak kontatu ere ezingo dituen kirolari bati —hau ere bere ekarpen obreroagatik munduan ezaguna—.

Maiatzaren Lehena ez da lehen izan zena, baina gauza batzuk ez dira aldatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.