mikel elorza
ARKUPEAN

40 urteko bakea

2015eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Frankismoak adina urte, baten bat gehiago, iraun ditu post-frankismoak. Ondorenak. Ondorengoek ere iraun dute, batzuek besteek baino luzeago. Bidean gelditu dira herentzia batzuk, eraitsita zenbait, zahardadez haien kasa erorita hainbat, eta askok oraindik ere hortxe dirau.

Zail zen pentsatzea duela 40 edo are 30 urte oraindik ere halakoez jardungo genuenik, baina hala da. Berrogei urte pasatu dira eta oroimenezko gehigarriak egiten dira hedabideetan, baina ez II. Mundu Gerraz, adibidez, egiten direnak bezala: frankismoarekin, pasa direnekin batera oraindik ere irauten dutenak gogoratu behar baitira.

Irauten baitute, esan dugu.

Kale-izenak eta monumentuak (Iruñekoa iraingarrienetako bat) daude, eta udal batzuetako alkateen margoak, baina batez ere haien inguruko eztabaidak eta defentsak segitzea, eta nola, da kezkagarriena. Gainditu gabe dagoela, zauria itxi gabe dagoela adierazten du horrek hain zuzen. Kontuak kitatuta baleude —kitatzeko bai baitaude kontu asko—, espantu edo zalaparta gutxiago sorraraziko luke hemengo plakak edo hango eskulturak.

Baina berrogei urte geroago, kontuak kitatzeko daude: ardurak dauzkatenek, eduki zituztenek, ez dituzte pagatu… hartu ere ez dituztelako hartu. Altxamendu nazionala sustatu zutenek eta terrorea egikaritu zutenek lasai pasatu zituzten berrogei urte, eta ez okerrago hurrengoak. Ezta haien ondorengoek ere. Eta hura dena finantzatu zutenek eta hartaz ekonomikoki baliatu, horiek ez dira fitsik ere mugitu. Diosala aldatu dute, besoa jaitsiz, baina berberak dira. Eta diru, lursail, enpresa, ondare, negozio eta banku berberak dituzte.

Auzitegietan honetaz hitz egin ahal izateko Argentinara joan behar izan da, berrogei urte geroago. Beranduago ere esango nuke, kasu honetan.

Abituei berrogei urteko garbitualdiek frankismo usaina ere ez diete kendu, baina normala da nazional-katolizismoa izan baitzen diktaduraren oinarri ideologikoa —gehi boteredunaren laineza, mendeku-gosea...—. Eta oinarri horri dario hurrengo berrogei urteetan garbitzen asmatu ez dugun, utzi ez diguten patsa, eta kultura balioei, heziketari, adierazpen politiko-estetikoei erreparatu besterik ez dago. Nazional-katolikoak gara, oraindik ere (Abel Azkona artista auzipetu nahi dute ostia kontsakratuekin idazteagatik: akordatzen profetaren karikaturak egin ahal izatea askatasun gorenaren adierazpen zela duela ez asko esaten zutenekin?).

Eta frankismoaren lauzarik astunena, Valle de los Caídos-ekoa baino pisuagoa: bide-bazterretan, leizeetan eta batez ere senideen bihotzetako hutsuneetan lurperatutakoak, desagertuak, desagerraraziak. Desagertuen zama latza duen estatu bat…

…orain demokraziaren paradigmetako bat da, askatasunaren aldeko akelarre beldurgarri honetako bultzagileetako bat. Egunotakoez agerikoenak esanak daude: Irak eta Siriako gerrak, industri militarraren aspaldiko mahukak —Boeing, Lockheed… manifestazioetan pankartei eutsiz joango dira, joango ez dira ba!—, Saudi Arabiarekiko hipokrisia eta lotsa, lagunak futboleko kromoak bezala trukatzea unean uneko interesen arabera (Al-Assad irtengo ote krisi honetan garaile? Erdogan, Iran...)...

Ez naiz ni Parisko atentatuen aurka isilik geldituko, terrazan zerbeza hartzen ari zarela tiroka zaitzaten izugarria baita, eta finean Estatu Islamikoa deitutakoari ezin natzaio inolaz ere atxiki: ez estatua ez islamikoa ditut maite. Haiek ere ez ni, etsai naukate islamistek, eta estatuak maiz... baina ez naiz haien kontrako lubakian sartuko. Ni ez nago gerran.

Eta ez naiz bakarra. Batzuk bakean daude, segitzen dute. 40 urteko bakean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.