Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Txakalaldia

2016ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Maskalduta topatu dut N, normaleko lehoi kizkur harroak amilduta eta begirada jolastia itzal. Betiko garagardoaren ordez pattarra eskatu du, baina segituan atzera eginarazi dio tabernariari: jartzeko, mesedez, kamamila bat. Galdera erretorikoa bota diot, ea depre dagoen, eta begirasun hutsez erantzun dit: ebidentea dela, jakina. Azalpenaren bila hasi naiz: osasuna, lana, harremanak, familia, krisi existentziala, Berlinen egonaldia egin nahi eta ezina… Ezetz. Eta isilik geratu da, esfinge, halako batean, hasperen egin, eta hitzaldi geraezinean abiatu den arte.

N-k esan dit baietz, txakalaldiak jo duela; are, izen zehatza jarri dio bere etsi aroaren kausari: «Depre politikoa da nirea». Eta erantsi du justu politikoa delako sentitzen duela hain pertsonal tristezia hori, hain hezurmuinetarainoko.

N-k esan dit Kataluniakoa errematea izan dela. Batetik, muturreko ikaragarria izan dela aldaezintasuna hain sinetsia eta hain erosoa duen gure jendarte mendebaldar oro-hartu honetan herritarren erabakimenez statu quo-a egiaz auzitan jarri duen prozesua nola korapilatzen ari den ikustea. Bestetik, belarrondoko ikaragarriak gertatu zaizkiola trabatze horren gainean gure herritik egin diren irakurketa murritz, ozpin eta banderizoak. Alegia, gainbeheraren errudun bakar CUP egitea bezainbesteko sinplekeria iruditzen zaiola Mas inbestitzea neoliberalismoari eta ustelkeriari baleko emate hutsa dela aldarrikatzea, aintzat hartu gabe testuingurua eta helburu eraldatzaile zehatzak eskuragarri direla. Eta beldurtzekoa dela dena binarismo absolutuetan ulertu behar hori: edo A edo B. Eta jakina, A eta B elkarren etsai —eta okerrago, Aren barruan A1 eta A2, elkarren kontra, prefosta. Eta A11 eta A12… Eta horrela infinituraino eta bat gehiago—. N-k iritzi dio helburu eta oinarriak ezartzerakoan sinple izaten baina haiei konplexutasunez heltzen ikasten ez dugun bitartean jai dugula.

Horrenbestez, gurera ekarridu auzia, eta esan dit abenduaren 20ko Espainiako Kongresurako hauteskundeetan independentziaren aldeko ezkerrak jasandako porrota ezin dela azaldu soilik boto eragingarriaren parametroetan. Era berean, ezin dela esplikatu ezkerretik herren eta urrun geratze hutsean. Batetik, badirela tartean enfrentamendu militarrak lagatako minak, poliedrikoki banatuta, poliedrikoki eragozle. Eta, bestetik, ezkerra eta abertzaletasuna elkarren kontra irakurtzeak nekez egingo diola independentzia zaletasunari mesede. Hain zuzen ere, ezkerra ari dela, pixkanaka, kontakizun eta hizkuntza berri eraldatzaile eta erakargarri bat sortzen, ideologia handien osteko gazte hipermodernoengana iristeko gai dena. Eta ez ote den oraingo egitekoa ezkerraren kontakizun eta hizkuntza berri horretara abertzaletasuna eramatea, kontakizun eta hizkuntza berrituz. Azpimarratu du abertzaletasuna dioela, eta ez independentismoa, herri eta kultur nortasunetik ere baduten gutasunen marrazketaz ari delako, eta ez ote den neoliberalismoaren markarik handienetako bat guzti-guztiok Manhattanen ainguratutako nortasun ustez unibertsalarekin berdintzea; denok mundu ikuskera eta desira bakarreko. Erantsi du, praktiketan zein diskurtsoetan ipar hori askotan galdu den arren, abertzaletasunak aspaldi egin zuela nazionalismotik askatzeko ariketa: aspaldi jarri zuela nahi izatea izateko baldintza bakar. Eta ez ote dugun gure belztasuna berreskuratu eta berritu behar, 60-70ekoetan Martin Luther King edo Rosa Parks goresten zituzten haiek bezala, edo Malcom X eta Pantera Beltzak 90ekoetan. Ez ote dugunegungo beltzak nor diren bilatu eta haiekin konplizitateak josi behar.

Hori guztia esan ondoren, hasperen egin du N-k. Kamamila amaitu eta hobeto sentitzen dela azaldu dit, egoteko lasai, laster indartuko dela, hain justu, Marina Garcés filosofoak bezalaxe uste duelako zinismoa eta ezintasuna ditugula etsairik handienak. Hori bai, argi utzi dit ez duela sentitu gabeko alferrikako irribarre bat gehiago egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.