Miren Aranguren Etxarte.
ARKUPEAN

Zigorraz eta utopiaz

2016ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Gazteen pentsaerek asko esaten digute jendartearen normalizazio prozesuez. Eta nahiz eta ezin erabateko konfiantzarik izan erakunde publikoek egiten dituzten ikerketetan eta plazara salto egiten duten estatistiketan, ardura eta kezka sentitu dut honako titulu honekin; hamar euskal gazteetatik zazpik uste dute delinkuentzia gogorrago zigortu behar dela (EAEko gazteak hartzen ditu kontuan bakarrik). Eusko Jaurlaritzak egin duen Gazteen Argazkiak 18 lanetik Europa pressek bakandu duen datu bat besterik ez bada ere, datua kezkagarria egin zait zalantzarik gabe. Izan ere, Europa mendebaldean kartzela zigor handienetakoak dituzten estatuen artean kokatzen baita espainiarra, eta, nahiz eta delinkuentzia portzentaje txikienetakoa izan, populazioaren ehuneko handienak ziega barruan dituena da.

Baina zigorrean hezi gara txikitatik. Demokrazia neoliberal patriarkalek ezarritako normaltasunetik ateratzen den oro zigortu behar dela ikasi dugu, eta espetxeratzea, gatazka sozialak konpontzeko erantzun zuzen eta eraginkorrena dela sinetsi dugu. Zigor zuzenbidea, jendartean onartezinak diren biolentzia mailak deuseztatzeko tresna nagusia dela, alegia. Zigorrak, berdintasuna ezartzeko modu gisa ulertu ditugu, delituak sortzen duen mina sendatu nahian; biktimari eragiten zaiona eta bidenabar, jendartean osotasunean modu ez-zuzen batean sortzen duen segurtasun eza eta beldurra. Erakunde publikoek herritarrak «zaintzen» dituztela, haiengan laga behar dugula segurtasuna eta bake soziala ezartzeko gaitasuna dioskute. Azken batean, gu babestearen truke, gu kontrolatzeko boterea eman diegu txeke zuri batean.

Beste datu batek, ordea, lasaitu nau. Gazteen %57ek ez dute sistema juridikoan konfiantzarik, justizia soziala eta berdintasun kuota handiagoak lortu behar ditugula sinetsita. Herri honetan argi aski ikasi baitugu zer diren kartzelak, zer injustiziak, zer errepresioa. Sistemari interesatzen ez zaion guztia kartzelan sartzeko egiten duen ahaleginaz ohartu gara zorionez. Txotxongilo batzuk dantzan jartzea izanik ere. Zabortegi bat bihurtu direla kartzelak, jendartean nahi ez den guztia bertan botaz, pertsona gizarteratzeko ideiatik urrun. Baina hori jakinik ere, ez dugu asmatu kartzelaren ordezkorik aurkitzen, horren inguruan galdetuz gero inork ez baitugu erantzunik topatzen.

Preso politikoen aferaz ari garenean, argiago ikusten dugu, disidentzia politikoa kartzelarekin zigortzea ez baitugu zilegitzat. Ordea, guztiz desberdina da gure balio eta justiziaren ideiaren kontra aritzen direnekin, emakume bat erailtzen duen gizonarekin adibidez. Batzuen kasuan, «Espetxeak apurtu!» ozen oihukatzen dugu. Besteen kasuan, aldiz, kartzela zigorrak eskasak direla salatzen dugu, gogorragoak behar dugula izan emakumeei eraso egiten dituztenekin.

Ulertzen dut Mugimendu Feministak indarkeria sexistari aurre egiteko legeak bultzatu izana, ulertzen dut zigor zuzenbidea tresnatzat kontsideratu izana ere. Jule Goikoetxeak dioen bezala, berdintasuna ez baita lortzen, inposatzen baizik. Hortaz, eraso sexistak nozitu ditugunok justizia, aitortza eta erreparazioa eskatzea guztiz bidezkoa deritzot, noski. Baina zigorrak gure eskaeren parte izan behar al du? Zigorra-kartzela binomioa geroz eta estuagoa den jendarte batean? Kartzela zigorrak nahikoak ez direla pentsatzen duen jendarte batean?

Egiturazkoa den indarkeria sexista ez da amaituko gizon gutxi batzuk kartzelan sartuta, komunikabideetan behin eta berriz ateratzen diren erasotzaile horiek betirako entzerratu behar diren munstroak direla pentsatzeak indarkeriaren eta injustiziaren benetako dimentsioa ikustea galarazten baitigu.

Mila esker Angela Davisi eta harekin egunotan aritutako guztiei. Ditugun gatazkak konpontzeko ahaleginean, zein zigor eta kartzela ereduaz galdegin baino gehiago, kartzelarik gabeko jendarte ereduaz hausnartu behar dugula gogorarazteagatik. Zigorrak kapitalismoarekin eta patriarkatuarekin duen harremana aztertu behar dela eta kartzelak ezinbestean abolitu beharreko egiturak direla azpimarratzeagatik.

Utopia? Bai, eskerrik asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.