Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Lehen aldiz, berria

2016ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Ezin konpara daitezke gatazka armatuak, gerrak, bata bestearekin. Gerra bakoitzak bere lurzorua sortzen du, zeinean hazi pozoitsuak erein egiten dituzten borrokan diharduten bi aldeek eta uzta endemikoak sortzen dira, tokian tokikoak, bertan baino konprenitzen ez direnak bere osotasunean. Fenomeno unibertsalek egoera partikularrak sortzen dituzte. Bertakoek, denborarekin, beren gerraren ondorioak naturalizatu egiten dituzte, bere errutinetan txertatuz, eta badakite zein ordutatik aurrera halako tokietatik ibiltzea galarazita dagoen, zein seinale zelatatu behar diren oihanean edo kale-bazterretan, zein galderari ez zaion erantzun behar ezezagunen bat gerturatzean, eta abar. Zenbat eta luzeago jo gerrak, orduan eta errotuago daude haren ajeak: denborarekin, identifikazio kolektiboa sortzen da, nortasun-zeinu bihurtzen dena.

Egia da: ezin konpara daitezke egoerak, baina aldi berean, gerra egoera guztiak berdinak dira. Kontraesana dirudi, baina eskarmentuak esaten digu ez dela horrela, esperientzia komun eta partekatua sortzen dutela gerrek, urakanaren begiek eragiten duten zurrunbiloaren parekoa: esperientzia horrek den-dena xurgatzen du, bizitzako aztura sinpleenek ere haren jirabiran dantza egiten dute eta iragana zein etorkizuna interpretatzeko irizpide ia bakarra sortzen du. Eta gerrak ikasbide komunak uzten dizkigun bezala, zer ikasia badago baketik ere, aldeak alde, txapon beraren aurria eta binperra baitira.

Kolonbiako Cartagena hirian izenpetu dute bertako gobernuak eta FARC taldeak 50 urte igaro eta gero gerra-ohiturak banan-banan desegitea helburu duen bake-akordioa, asteburu honetan Kolonbiako herritarrek, ongi bidean, berretsi egingo dutena. Igandea izango da, beraz, mugarria, baina horretara iritsi aurreko pausoek ere ikusmin handia sortu dute, hizki larriz idazten diren gertakizun historikoen muntakoa.

Amaieraren hasiera dela azpimarratu dute aldeek, nork bere hitzekin, nork bere gerra-azturekiko oraindik atxikia; nork bere golkorako, esango nuke. Hitz eder askoak espero nituen, gogoratzeko moduko hitzaldi sentituak, liturgia moduko bat espero izateko baitzen, eta liturgia guztiek bezala, barruak ukituko zituen hitz sakonak izango zituela espero nuen, nire xalotasunean, une hori eztanda txinpartatsua izango zela uste nuelako, mundu berria abiaraziko zuen big bang moduko bat. Esaldi batek harrapatu nau, ordea, denik eta esaldirik sinpleenak, agian: «Gerra bat gutxiago dago munduan». Konstatazio bat da, datu bat, begi-bistako egia bat. Horra, lehen ikasgaia: gerra-adierazpenek hitz potoloak behar dituzte, baina bakea xuxurlatu egiten da, berba lauz adierazten du bere burua egokien.

Nola izendatuko dute hemendik aitzina bizi izandakoa? Bertako adiskide batek gogoeta egin dit honen inguruan. Idazlea da eta idazteak hitzak zehaztasunez erabiltzea eskatzen duenez gero, maiz geratu da zein berba zehatz aukeratu ezinik, guztiak desegoki, labur edo hankamotz geratzen zaizkiolako. «Gerra», esan zidan, «aldi bateko eztanda izango zela uste izan genuen denbora batez, hasi eta buka egingo zena halako baten. Egoera hau, ostera, bizitzeko modu bat bilakatu zaigu, identitate molde bat eta elkar hartzeko errutina maltzurra bilakatu da». Gerra berba ez dute atsegin, baina ez dago ordezkorik: gerrilla? Liskarrak? Konfliktoa? Borroka? Adiskidea 50 urtetik beherakoa da eta ezagutzen ditu hiztegi-aukera guztiak, izendatzen ez dakiten infernuan sortu eta hazi egin delako. Tximeletak nabari ditu sabelean etor daitekeen hori nolakoa izango den galdetzen diodanean, baina itxaropentsu dago etor daitekeena zerbait berri, desberdin eta hobea izango dela zalantzarik ez duelako. Itxaropentsu dago, zalantzak gorabehera, bizitzan lehen aldiz ez dakielako nolakoa izango den etorkizuna: lurzoru berrian landatuko dute, golde berriaz, lehen aldiz.

Bigarren ikasgaia: bakea ez da lortu behar den helmuga, eraiki behar den abiaburu berria baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.