Blanca Urgell
EUSKARAREN NORMALIZAZIOA. NORANTZ EGIN?. BIDEBERRITZEN

Semeari erantzunez

2016ko urriaren 22a
00:00
Entzun
BERRIAk euskararen normalizazioari buruzko gogoeta eskatu didala semeari esatea ez zait ba otu! Berak, ez bat eta ez bi, niri galdetu: «Ama, zer da normalizazioa?», eta azaldutakoan gero berriz: «Eta nola lortuko duzue guk euskaraz egitea?».

Ai, ene. Izenordain horien ankerra. Gaitz erdi, pentsatu dut, egia poliedrikoa da. Poliedroaren aurpegi batzuk agertu dira artikulu sorta honetan, eta uste dut, irakurle, gustura irakurri dituzula, nik bezala. Beste aurpegi batzuk agertuko ditut nik, gehiago dagozkidanak. Baliteke denak lapikoan sartu eta ondo egosita semearen galderaren tamainako erantzuna ateratzea, nork daki.

Gure herrikide askok uste dute euskara hizkuntza miraritsu bat dela, antzinako etorki misteriotsu batetik etorrita euskaldunok geure bertute bereziengatik mirakuluzki gordea. Askok uste dute harribitxi bat dela, erdarak kutsatu gabe museoan babesteko modukoa. Debozio horrekin begiratzen dioten askok «beren» hizkuntza dela diote, ikasi ez duten arren.

Gure herrikide askok uste dute, bestalde, euskara umeei mintzatzeko, esku-pilotan jokatzeko edota poteoan aritzeko lain dela, noski. Areago, askok onartzen dute ordubeteko hitzaldietan hasierako bost minutuak eta bukaerako agurra ez ulertzea, euskaraz egin behar direlako; ordainetan besteok gizalegean eramaten ditugu zerbaiten ordezkari erdaldunek —asmorik onenaz, egia— irakurri behar dituzten euskal hitzaldi puskak.

Narras margotu dudan irudian osagai bat falta zait: semearen «zuek» ankerra osatzen dugunok, hain zuzen. Euskara maite eta euskaraz maite dugunok. Gure euskarazko blogean iruzkin soil bat agertu izanaz bibaka hasten garenok edota inor horregatik bibaka hasi izana ulertzeko gauza garenok. Benetako euskara bakarra gaurkoa dela dakigunok. Euskara ahaleginean luzatu, zatitu, lokaztu, astindu, bihurritu eta edertzeko ere prest gaudenok. Eguneroko jardunean, aisialdian zein lanean, ezertarakoa dela frogatzen dugunok, edo aukera izanez gero frogatu nahiko genukeenok. Euskara berez normala dela uste dugunok. Ixo! Geldi! Ez ote gara gu, euskal herritarrok, normaldu behar garenok?

Koldo Mitxelenak esaten zuen euskararen egiazko misterioa ez dela etorkia, iraun izana baizik. Bizirik iraunarazi zuen hark, auskalo zerk, ziur ez luke gaur balio; halere, baderitzat badirela balio liguketen beste zenbait kontu. Balio, zertarako? Ba, gutxienez gu normaltzeko. Adibidez, euskal herritar guztiok argi bagenu euskara gaur-gaurkoa dela, modernoetan modernoena, fisika nuklearraz, automobilaren pieza aldrebesenaz eta birus bidezko azken gaixotasun kutsakorraz ere aritzeko gaitutako hizkuntza. Halaber, euskaldunok jakingo bagenu euskara eskolan hartu dutenen portzentajeak garbi adierazten duela eurek hizkuntzari eutsiz gero lehengo ezaugarri batzuk galduko dituela. Ergatiboa, agian? Ez dakit, ez dago aurrez esaterik, baina edo etsi, edo komeni zaigu joera horri aurre egiteko neurriak hartzea, ezta? Balio luke, azkenik, euskaraz ez dakitenek behingoz ikasiko balute, ulertzeko beste ikasi bederen, «ama-hizkuntza» dutela uste duten erdaldun horiek gutxienez. Ordua da ozen esan dezagun, bidenabar, euskaraz ez dakitenak ez direla euskaldunak, aspaldiko egia bada ere.

Inkesta soziolinguistikoek balioko beste zerbait erakutsi digute, jakingo ez bagenu: diruak gauzak aldatzen ditu (eta legeek ere bai, diruz lagunduta badatoz). Hala bada, esan dezagun inbertsio gehiago ere behar direla. Belarriak dauzkanak badaki euskarazko laguntza gehigarriak behar dituztela ikasleek —aisialdikoak? bestelakoak?, adituek esan beharko—, batez ere ingurune erdaldunagoetan; eta ez gutxitan irakasleek eurek ere bai. Helduen euskalduntzea dohainik ez dakit, baina merke-merke jartzeaz hitz egin genezake? Eta zer esan euskal telebistaz, dirutan erraldoi bezain euskararen alde nano den horretaz? Zer iruditzen hauteskundeak irabazteko ez eze, ETB1 suspertzeko ere ekarriko balitz mega-aditu horietakoren bat?

«Ama, ez ahaztu bideo-jokoak!», diosta semeak, Olentzeroren gutuna idazten ari naizelakoan, antza. Egia: inbertsio berriak egitekotan, bestetik kendu behar, eta gobernu-kontseiluan badakin: edo lehendakaria alde dun, edo jai dun. Zer, orain lehendakariari erronka bota ere bai? Ba, bai: ez naiz beldur, irudipena baitaukat berak ere euskara normaltzat duela. Semearen zuek horietako bat dela. Seme-alaben seme-alabek euskaraz egitea lortu nahi duela. Orain hori Euskal Herri osoan egiteko prest legokeen galdetu behar...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.