Gemma Sangines Saiz.
EUSKARAREN NORMALIZAZIOA. NORANTZ EGIN? BIDEBERRITZEN

Lehen hitza euskaratik, semaforo berdera

2016ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Orain dela urte batzuk, Lehen hitza euskaraz goiburua ezarri zen. Beste pentsaera bat zekarkien euskal hiztunei. Ideia iraultzailea zen, hautsi egiten baitzuen hizkuntza normalizaziorako hilgarria den aurreiritzi bat: heziera txarreko kontuarena. Elkarrizketa hasteko diosala euskaraz egiteak pole position-ean (terminoa Joan Melià soziolinguistari hartuta) jartzen du solaskidea: gakoa komunikazioan jarritako hizkuntzan hitz egitea bada, Egun on esanda hasten denak argi uzten du euskara izango dela hizketan erabil dezaketen hizkuntza. Norbaitek, berriz, uste badu heziera txarrekoa dela denek ez dakiten hizkuntzan hitz egitea, berezko kontraesanetan erortzen da: nola eutsi solaskidea heziera txarrekoa delako ideiari, agurtu baino besterik egin ez badu?

Ikuspegi psikologikotik, instrukzio jakin bat barneratzeak ezeztatu egiten du hiztun minorizatuak sistematikoki erabaki behar izatearekin jasan behar duen presioa; izan ere, ezezagun batekin harremanetan hasten den bakoitzean, noizik behin baita ezagunekin ere!, hiztun elebidunak ezinbestean hartu behar du erabakia: euskaraz ala erdaraz? Arazo hori gaindituta, nabarmenki aurreztuko dugu energia.

Azken hilabeteetan, zenbait herri-ekimen garatzen ari dira han-hemenka, betiere euskara erabiltzea hiztunen hizkuntza-ohiturak aldatuta sustatzeko helburuarekin, eta barrura zein kanpora begira. Hau da: behin identifikatuta aurreiritziak eta mitoak (zailtasuna, ohituren errotze-indarra, ezezko erantzunak lehenestea) eraisteko, eta hizkuntza-ohitura asertiboak gordetzeak dakarren hedatze-efektua areagotzeko.

Aldaketa honetara helduta, euskal gizartea prest dago urrats bat haratago egiteko, lehen hitza euskaraz ematearen instrukzioa zabalagoa egiteko. Beste instrukzio bat barneratuta, argia eta esplizitua. Zalantzari inolako zirrikiturik uzten ez diona: hitz egin dezagun euskaraz semaforoak berde dirauen bitartean. Komunikazioa ezinezkoa dela ageri-agerikoa egiten ez zaigun bitartean, hizkuntza aldatu gabe eutsi dezakegu. Hain zuzen ere, hiztun arruntek jokatzen duten modu berberean, anglofonoak izan, zein gaztelaniadunak.

Euskaldunok baliatzen dugun hizkuntza Menderatzailerako Konbergentzia Araua azaltzeko bide bat da semaforoaren kodea. Interakzio-mailaren eta aurrez buruan ditugun ideien arabera aldatzen edo aukeratzen dugu hizkuntza. Kode horren arabera, sei geruza bereizi ditugu: aurrenekoa, lehen begi-kolpera aldatzea (solaskidearen itxuragatik, euskalduna ez dela pentsatuta); beste muturrean, solaskideak bere hizkuntzan hitz egiteko eskatzen digunean (edo hartara behartzen gaituenean) aldatzea. Lehen hiru geruzetan, berde dago semaforoa, besterik gabe ez zaigulako batere agerikoa elkarrizketarekin jarraitzea ezinezkoa denik. Hala ere, egongo dira noski ideiak, aurreiritziak, ohiturak... komunikazioa ezinezkoa delako pertzepzioa eraikitzera garamatzatenak (solaskidearen larruazalaren koloreagatik, ez adituarena eginik bezala begiratzen digulako edo azentu arraroz hitz egiten duelako...). Beraz, aukera dago traba horiek aldatzeko.

Laugarren geruzan, berriz, anbar kolorekoa dago semaforoa: euskaraz hitz egiten diogula entzun bezain laster, berak ez dakiela esaten digu solaskideak. Anbar kolorekoa da ez digulako esaten ulertezina egiten zaiola, baizik eta berak ez dakiela hitz egiten, ez besterik. Are gehiago: horrelakoak gertatzen diren batzuetan, bere jokabidea zuritzen saiatzen da solaskidea, geure hizkuntzan erantzuteko gai ez delako.

Hizkuntza menderatzaileetan hitz egiten dutenek semaforoa gorri dagoenean baino ez dute ikusten arazoak egon litezkeela beren hizkuntzari eutsita; hau da, solaskideak ez diela ulertzen esaten dienean edo bere hizkuntzan hitz egiteko eskatzen dienean (bidenabar esanda, nekez gerta liteke azken hori). Horretara helduta bakarrik —eta ez noski aurretik deskribatu ditugun beste zirkunstantzietan— ulertzen dute ezinbestean egin behar dutela zerbait: edo komunikazio-modua aldatu, edo komunikatzeari uko egin (azken hori ere ez da horren bekatu larria eta...).

Hiztun minorizatuok —euskaldunak, bretoiak edo kurduak— oso bestelako jokabidea izaten dugu: semaforoa berde dagoenean ere baztertzen dugu hizkuntza. Besterik gabe onartzen dugu txinatar batek ezin duela euskaraz egin, Gasteizen ezin zaiola inori lehen hitza euskaraz bota, edo alukeria galanta litzatekeela nor-nori-nork iraganean jokatzeko arazoak dituenarentzat euskaraz jarraitzea. Ez dakigu koloreak bereizten. Den-dena ikusten dugu gorri monokromoan. Beraz, hiztun arruntek bezala jokatzea litzateke kontua, onarturik edonor izan litekeela gure hizkuntzaren hiztuna, haren itxura edozein dela ere, eta nekez hitz egiten badu ere ez zaiola batere kaltegarria izango elkarrizketarekin jarraitzea.

Hori dela eta, egoerak bereizten ikasi behar dugu, geure buruari jartzen dizkiogun tranpa kognitiboak hautematen. Ikasi behar dugu geure buruari instrukzio argi bat ezartzen: semaforoak berde dirauen bitartean, guk aurrera, lasai, tinko, eta, ezpainetaratzen bazaigu, irribarre distiratsu batekin, gure esparru linguistikoa osasuntsu hazten doala jakitearen erakusgarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.