ARKUPEAN

Arrakasta edo putzua

Mikel Elorza -

2016ko abenduak 14
Bizitza proba dela esamolde erabilia da, seguruenik oinarri handirik gabea gaur egun —esamolde erabili gehienekin gertatzen denez—, baina taberna- edo plazako filosofia tratatu horietan arrakasta duena: bizitza proba da, edo probaz betetako bide bat. Bizitzan aurrera egitea probak egiten aritzea balitz bezala, langa edo atakak gainditzea. Duela gizaldi asko, neolitikoan hutsunearekin gogoeta egiten has gintezen baino lehen akaso hala irudika zitekeen bizitza, proba-lasterketa gisa, kontrario ere imajina zitekeen natura baten baitan. Gainditzen bazenuen, aurrera, eta bestela...

Ez dut uste probaz eraikita daukagunik egun bizitza, gehiago ikusten dut etapa eta bidegurutzeek osatua (hitz-joko erraza geratu zait eskura bidegurutze hitzarekin, baina ez dut espresuki egingo, nahikoa badauzkagu herri santu honetan, metaforikoak eta batez ere benetakoak). Funtsean erabakiak hartzea da, bueltarik gabeak batzuk, aldagarriak beste asko. Erabakiak, baina ez zehazki probak.

Duela gutxira arte.

Zeren eta natura basatik askatzen joan garen heinean probak desagertzen joan dira, baina zibilizazio basatienera iristen ari garela azterketak jarri ditugu totem. Orain dena da azterketa, eta emaitzen ebaluazioa, eta gainditu duzu edo porrotaren eremu latz eta gogor horretako kide bihurtzen zara. Azterketak eta emaitzak, eta gainera emaitza onak, ezta erdipurdikoak ere, onak edo oso onak.

Txostenen gailurrean azaltzeko, gu, mendiak hankapean hartzen (eta puntan gurutzea jartzen!) famatua den herri hau. Beti puntaren puntan.

PISA izeneko txosten horren kontuaz ari naiz, jakina. Nola uste baino nota kaxkarragoak atera ditugun eta larri jarri zaizkigun teknikari eta arduradunak. Zerbait egin beharra dago. Hobekuntza planak egin beharko dira, eta fite. Ikasle hobeak izateko? Ez. Gainera, zer da hobea izatea, PISAn nota onak ateratzea? Hobekuntza planak beraz... ikasle solidarioagoak izateko? Ez. Ikasle sortzaileagoak edukitzeko? Ez. Ikasle maitagarriagoak izateko? Ez. Injustiziaren aurrean ernegatuko diren ikasleak izateko? Ez. Desberdintasuna onartuko duten ikasleak izateko? Ez. Berdintasuna onartuko duten ikasleak izateko? Ez. Are gutxiago berdintasuna bultzatuko dutenak izateko. Disidentzia landuko duten ikasleak izateko? Ez...

Antzeko ziento bat galdera bururatzen zaizkigu denoi, baita teknikari eta arduradunei ere, eta erantzuna denetan ezezkoa da. Baina berdin du: hobekuntza planak egingo ditugu hurrengo PISA txostenean nota hobea lortzeko.

Xede horrekin bakarrik.

Izan ere, larriena ez da nota, larriena da aurreko parrafoan esandakoa denok dakigula, ohartun garela, bereziki hezkuntza alorreko profesionalak eta agintariak. Baina alferrik: nota ona ateratzea da kontua.

Lehendik ere ez daukagu erronka makala hezkuntza sistemarekin, curriculumarekin, pertsonak heztea bainoago eduki zehatzak (eta gero eta zehatzagoak) ikasleei helaraztea xede duen sistema batekin, lehia latzean dabilena (baina zentro arteko lehian, ez ereduen artekoan!!), non zurruntasuna printzipio nagusi bihurtu den, ebaluazioa helburu azken... lehen ere badugu zer hobetua, esaten ari nintzen, hezkuntzari guztiaren kulpa ez botatzea besteak beste, baina txostenei erantzutea jarri dugu ardatz.

Eta hezkuntzatik at berdin, azterketa eta ebaluazioa. Nota ona ateratzen duzu, edo porrotaren eremu latz horretara kondenatua zara. Arrakasta edo putzua. Salbu eta hezkuntza alorretik at nota kaxkarra beste digitu batzuekin gaindi dezakezula, neurtzen dela: kontu korronteko digituekin. Gure gizarte honetako pertsona arrakastatsuei begiratzea besterik ez dago, hain zuzen: haietako inor gutxik gaindituko luke PISAko gutxieneko nota.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna