Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Eraldaketaz, beraz, desioez

2016ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Gabon distiratsu eta zuri-gozoen bezperetan —edo terminologia laiko eta enrollatuagora ekarritaneguko solstizioaren aurrekarietan, baina berdin-berdin distiratsu eta zuri-gozo azken buruan- begira nola dabiltzan umeak: Unaik Patrulla Canina-koen aginte zentroa jarri du Olentzerori eskatutako oparietan zerrendaburu, lehenago idatzita zeukan Chrono Bomb ezabatu ondoren. Edo, zehatzago,jarri zuen esan behar, dagoeneko iragarri baitie gurasoei orain arteko gutunek ez dutela balio eta Olentzerori bene-benetan eskatu nahi diona Star Warsen ezpata dela, laserra, edozein merkataritza zentrotan 120 euro balio duen horietakoa.

Paulak, berriz,Descendant-eko panpinetatik Frozen-ekoetara egin du salto, baina orain, azken bi egunetan, inguruko denei ziurtatu die bere oparia, benetan desio duena, eta Bizarzurirentzako eskutitzaren hamaikagarren bertsio baina behin betikoan eskatu duena Starlily dela, adarbakar itxurako panpina magikoa: haurren ahots eta laztanei egiazkoa balitz bezala erantzuteko gai dena—egiazko adarbakarrik balitz, jakina—, eta Bizarzurik ekarri ezean 130 euro ordaindu beharko luketena gurasoek-.

Unai eta Paularen gurasoak marmar batean dabiltza: jakin badakitela umeak opari papera kendu orduko aspertuko direla jostailu berriekin, ganbara trastez betea dutela jada abandonatutako panpina eta jolasez... Funtsean, zer ikusi, huraxe nahi besterik ez direla txikiak, begiluze orotariko eta noranahikoa... Baina, era berean, hain dela ederra umeen ilusio lipar hori bizitzea, eta hain litzatekeela handia umeen desengainua Olentzerok, Bizarzurik edota Errege Magoek huts egingo baliete... Azken batean, halaxe direla gauzak...

Beraz, Unai eta Paularen gurasoak haurren ongizatez mozorrotutako haurren desirak bermatzen saiatzen dira, zentzuak, senak, maitasunak, barruak, edo dena delakoak, horixe agintzen dielako. Horrenbestez, bizitza diru-bilaketarako zereginetara lotuta antolatzen dute, lan produktiboa esaten dioten horretara itsatsita: atzera eta aurrera, presaka batean, lasterketa betean, bizitza eta mundua ezin harrapatuta bezala —eta, bide batez, Alepo, edota hilotzez gainezkatutako Mediterraneoa, edota bizilagun erdimileurista fikzio hutsak balira legez-. Hainbestekoa da larritasuna, eze mendian gora korrika ibiltzea bihurtu dutela atseden hartzeko modu.

Batzuetan, nekatu egiten dira, eta hasten dira beren buruei galdezka egiaz bizimodu hori al den nahi dutena, edo areago, zer nahi duten: bene-benetan zer den desio dutena. Galdera hori jaurtitzean aurkitzen duten hutsunea hain denez zabala eta sakona, soineko berri bat erosten dute, edo korrikarako ekipazio puntarengo bat, edo afaltzera joaten dira bolada-boladan dagoen jatetxera, edo bidaia bat egiten dute Berlinera, edo hitzordua eskatzen dute lagunik interesgarrienek aholkutako terapeuta cool-enarekin...

Amaia Perez Orozco pentsalari feministak asteazkenean Donostiako Feministaldian emandako hitzaldian laburbildu zuen egiazko jendarte eraldaketetarako muina: desirez jabetu behar dugu, desiren sortzea geure egin eta desira propioak sortu. Gainerakoan, kapitalismoak jaten digu geure desioak eratzeko gaitasuna. Kapitalismoak sortzen ditu gure desirak. Alegia, kapitalismoak gidatu ez ezik, egin egiten gaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.