ARKUPEAN

Urik gabeko hodeiak

Mikel Elorza -

2017ko urtarrilak 25
Gaur egun oihartzuna duena bada, eta gainerakoa ez da. Inporta duena oihartzuna izatea da, ahalik eta jende gehienek zure erreferentzia izatea, milaka klik lortzea zure mezuak. Zurea irakurri gabe ere eginak direla kliken erdiak? Bost axola. Mezuak ez du inporta. McLuhan aspaldi hilda dago, animalia preteknologikoa da, eta haren parametroetatik egungoa ez dago entenditzerik: gaur egun medioa ez da mezua, mezua igorlea da. Mezuak entenditzea, gainera, ez da inportantea, inportantea hor egotea da, joera da garrantzitsua, aparra like dugu zerbeza utzita. Hor gabiltzan gehienok gara kontziente horretaz, eraikitzen ari garen hodei honen hustasunaz —urik sekula ez daramanez, euririk inoiz ekarriko ez duena—, baina nekez egin geniezaioke aurre. 1.0ra itzuli beharko genuke —non gaude, 4.0n? 5.0n?—, edukira, baina horrek puxika hustea ekarriko luke, eta hori ez da komeni, ez da tendentzia. Itzuli beharko genuke teknologia erabiltzera ezagutza eta jakintza partekatzeko, teknologiaz profitatzera ekoizpen-baliabideak gureganatu ahal izateko. Baina zail dago. Ekoizpen-baliabideak une batez eskurago izan genitzakeela ahaztu zaigu, eta haien gainetik jauzi eginda, ekoiztea hedatzearekin nahasarazi digute. Eta hedatzen dugu, baina hedatzen dugu poteko kea, azpian surik ez daukana.

Axola duena ez baita edukia, ezpada hor izatea: alegia, nor izatea.

Ez bila, hala ere, ikuspuntu apokaliptiko eta antiteknologiko bat. Ez dut segapoto eta sarerik gabeko Arkadia bateranzko itzulerarik balioetsiko. Internet eta telefonorik gabe bizitzea posible da, eta seguruenik zoriontsu izatea, baina bizimodu horrek aukera asko ixten ditu, batez ere gizartea aldatzeari dagokionez. Aldarrikapena ez da teknofoboa, teknologiaren beste erabilera baten aldekoa baizik.

Deus berririk ez, nolanahi dela, lagunak sare sozialetan beharrean benetan izan behar direla telefono-konpainiek eurek publizitate kanpainetan aldarrikatzen duten garaietan.

Axola duena oihartzuna da.

Audientziaren menpe bizi gara. Irismena da totema: irismen handia izatea medioek; lagun asko nabiganteek; bertxio asko mezuek; birbanatzaile asko argazkiek; eta abar. Jardutea. Zertarako jardun ez du axola, jardutea da kontua, eta zertaz jardun joerek esango digute.

Eta nola hainbat botoi eta pantaila diferentetan partekatuko ditugun partekarazi dizkigutenak, libre garela sinetsita egingo dugu. Kearekin jolasean ari gara, zaborrarekin ez denean, baina aniztasunetik egiten dugula esan digute, ni bakoitza bat delako eta beraz ezin anitzagoa, eta kontent goaz. Inoiz baino uniformeagoak garenean. Eta inoiz baino desartikulatuagoak.

Sistema honen erpinean daudenek —garai preteknologikoan zeuden berberak, eta haien oinordekoak eta azken urteotan igo direnak— kea erakusten digute, koloretakoa, ikusgarria, eta han katramilatzen gara suari erreparatu gabe.

Zalaparta mediatikoa ona da, ez aztora, ez dut kontrakoa esan nahi. Gure hautetsiek eta komunikatzaile taldeek eta alderdietako aholkulari andanak kate honetako begi inportanteak dira, olio honetatik edaten dute eta beraz sentibera dira eta inportantea da agitazioa, beti izan da inportantea. Baina itzali beharrekoa sua dela ahaztu gabe —edo piztu—, kearekin ez baita nahikoa.

Sadarreko pankarta baten bueltan gabiltza. Amorragarria bai noski (pankarta oro debekatzea da zalaparta honetatik atera daitekeena, baina hori beste kontu bat da), baina afera Iruñeko Sanferminetako gertakariak dira. Gizon gazte haien jokabidea, bortxatze kolektiboa, grabaketa, zakilean beste marka bat egin eta harro erakustea. Eta hori errepikatzen den jarrera dela ikustea, ez zela gertakari soltea. Hori da borrokatu beharrekoa. Hori da benetako gaitza.

Pankarta kentzea da errazena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna