ARKUPEAN

Beste nazio kontu horiek

Mikel Elorza -

2017ko otsailak 22
Banku eta enpresa handien nazionalizazioaz hitz egiten zen garai batean, egitasmo politikoak ziren. Iragan iraultzaile ezkertiar ortodoxoaren ildo nagusien artean zegoen, eta haien ikur zen bezalaxe, kontrakoen demonioa nagusietakoa zen. Bandoak garbi xamar zeuden, eta bakoitzaren ildo politikoaren zutabeak ere bai.

Ildo politikoak eta eskuin eta ezkerraren arteko diferentziak urardotuz joan dira, hainbatek transbertsalitatea deitzen dion horretan, ia desagertzeraino. Zutabe finkorik inork ez du, izatekotan marra gorriak dauzkate, eta horiek ere aise margultzen dira, behin hauteskunde kanpaina pasatu eta gero Erromako zubiaren tankeran hasten baitira, gorritik laranjarantz... urdinean bukatu arte (edo morean tarteka, paparrean edo lepoan jartzen dugun more horretan, apaingarri).

Finantza erakundeak nazionaliza daitezke, jakina, baina XXI. mendeko moldean. Eskuinak egin du, hainbat tokitan. Ez bankua bere osotasunean estatalizatuz, baizik eta haren zorra, eta diru publikoz sendatu ditu, atzera diru pribatua jariatzen segi dezaten.

Eskema zaharrek ez baitute balio.

Behialako diferentzia horiek, eskuin eta ezkerrekoen artekoak, ez dira errealitatean ematen, onar dezagun. Paparretan eta aldarrikapenetan gorde nahi baditugu ere. Kontu korronteen edukietan, etxebizitzetan, kontsumo —eta aisialdi— ohituretan inbertsio handiak egin dira. Diruzko inbertsioak batzuek, eta batez ere aldaketa muturrekoak, goitik beherako iraulketak. Eta orain denok gara zentroagokoak, eta, zentroan ez daudenak ikusezin dira. Ez dira gutarrak, ezta ingurukoak ere. Ezagutzen ditugu batzuk, badugu haien berri, baina beti zeharka. Ahotsik ez baitute, ikusgarritasunik ere ez. Ez dituzte iritziak ematen medioetan, ez dira aditu eta unibertsitate-irakasleak, ez daude sindikatuetako buruzagitzetan, ezta hautetsien artean ere —baten bat zerrendan bai, baina posturik gabekoetan—, eta are gutxiago inongo lobby edo erakunde agerikotan. Behe klasekoak —egon baitaude— ikusezinak dira. Eta gainera, haien xedea egoera hori uztea da, modu indibidual batean eta ahalik eta lasterren, zentro eroso eta konfortable honetara iristeko. Edukitzea eta izatearen arteko borroka eternala, edukitzeak KOz irabazia du. KOz, eta diruz (ez dugu onartu nahi, baina ez digute irabazi, erosi egin gaituzte).

Ez nadin, ordea, zutabe-soziologia egiten has, horretatik ez baitzaigu falta, ni baino askoz prestatuagoak (gure herrian bitik bat filologoa da, eta bestea askotan soziologo!).

Politika eta ideologiaren alorrean sumatu dudan perbertsioan nazionalizazioen beste alderaino joan garela iruditzen baitzait. Ezkerraren zutabe irmo ziren hainbat kontzeptu, zerbitzu publikoa eta justizia sozialaren ingurukoak, alderdi guztiek bere egitearen kontu transbertsal horrekin, gezatzen joan dira, eta ohartzerako ezabatuko zaizkigu erabat.

Zerbitzu publikoak pribatizatu egiten dira, gestioaren eta efikaziaren izenean, publikoa eta doakoa ez direla gauza bera saldu zaigu —horrek ondorio lehena du deborarekin kendu egiten dela—. Gizarte zerbitzuak esternalizatu egiten dira (zein hitz itsusi eta kontzeptu makurra, arraioa!), esku sasi-pribatuetan utziz, pixkanaka erabat pribatizatuz edo desagerraraziz. Eta horrela alor guztietan: osasungintza, kultura, hezkuntza, industria...

Ondorioak begien bistakoak dira: ez daukana ez da iristen gutxieneko zerbitzuetara. Daukana bai. Horiek dira klaseak, eta gutako ia denak —ni neu, nire ingurua, kazeta honetako irakurleak, medioen jabeak, agintariak...— bigarren multzoan gaude.

Grazia egiten dit zer kezka eta erosta sorrarazten dituen jendeak —gazteak!— doako kulturan hazten ari garela, filmak eta diskoak dohainik deskargatzen dituztelako Internetetik. Eta inolako arrangurarik ez die sortzen gainerako guztia —botikak, ikasketak, garraioa, udal zerbitzuak ...— ordaindu beharrak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna