ARKUPEAN

Bai edo bai protokoloak

Mikel Elorza -

2017ko martxoak 8
Haiek zuri noiznahi deitzen dizute, edozein ordutan, eta hitz-jauzi zaparradakoan haien eskaintza paregabearen berri ematen, eta erne ez bazabiltza kontratu edo tarifa di-da batean berritzen. «Gutxiago pagatuko duzula», hori da amua. Eta kosk egin nahi ez badiozu, haserretu ere egiten dira, ergela ote zaren, nola ez duzu nahiko bada gutxiago pagatzea. Gutxiago pagatzeko aukera egonda zuzenean zergatik ez dizuten gutxiago kobratzen eskatzen badiezu, ordea, ezinezkoa dela, eskaintza bat dela baina eskaintzaren barruan sartzen dela... sartzen da diru gehiago gastatzea, konpromisoak berritzea, eta bestelako pagamendu batzuk.

Eta ez dakizula zuri bururatu haiekin hitz egin nahi izatea. Makinak eta zoritxarreko doinutxoak egingo dizu harrera —elkarrizketa grabatua izan daitekeela mehatxu atarikoarekin—, eta batek daki zer miseriazko soldataren truke zure haserreak entzun beharko dituen lehen hesitik gora ez duzu egiterik izango. Arduradunak ezin dira jarri. Izorrai. Haien agente guztiak okupatuta daude. Deitu berriro minutu batzuk pasatuta. Pi-pi-pi.

Telefono konpainiez ari naiz, ohartuko zineten, baina argindar edo gas konpainientzat ere balio du. Oligopolio guztien funtzionamendu moduak dira, pairarazten dizkiguten protokolo beldurgarriak.

Eta nire galdera: mundu hain baketsuan bizi nahi dugun garai hauetan, hori bortxa ez al da?

Atea jo eta faktura bat eskatu eta zu konturatzerako tarifa aldatzen dizutenean —adinekoa eta babesgabea bazara, errazago—, gero zuk (jakin gabe eta nahi izan gabe) benetan eman ez duzun hitza aldatu ahal izateko dedalo burokratiko-telefoniko izugarri bat pasatu behar baduzu, hori ez da bortxa?

Aurrezki kutxara edo bankura hurbildu zara, eta dirua eskatu diezu. Etxea erosteko. Hurrengo 20-30 urtean pagatzen egongo zara, utziko dizuten dirua baino askoz gehiago ere bueltatuko diezu. Eta hala ere... Zein komisio ez dizkizuten kobratuko esango dizute lehenik, haien eskuzabaltasuna eta, inportanteena, zureganako hurbiltasun eta enpatiaren erakusle, eta ondoren zerrendatuko dizute, derrigorrezkoak direlako, kobratuko dizkizuten guztiak. Edo igual ez dizkizute oso garbi adieraziko, baina sinaraziko dizkizute.

Eta mailegua lortzearren ordaindu beharreko gestoria-zerbitzu eta kontratatu beharreko aseguruak azalduko dizkizute —denak ere haiekin egin beharra, bai edo bai—, eta ez okurritzea zuri esatea zuk betidanik izan duzun asegurua haiek eskaintzen dutenaren aldean hobea dela, edo ez duzula asegururik nahi. Alferrikakoa. Banku eta aurrezki kutxek egiten dutena ez baita proposamen bat, formalki hala aurkezten badizute ere: agindu bat da; edo haien asegurua kontratatzen duzu edo zaldi-buru odoltsu baten aldamenean esna zaitezke.

Umiliazioak —batzuk hain agerikoak finantza erakundeko langilearen erruki ulerbera lagun izaten dutela— eta, batez ere, inposizioak. Bai edo bai. Hori da protokolo nagusia. Munduan inoiz asmatu den estakuru onenarekin, gainera: libre zarela beste batera joateko! Libre? Honek erakusten du gizaki modernoaren paradoxa: menpekotasun oinarrizkoenetatik abiatu gara libertatearen mailarik esklaboenak erdiesteko.

Eta hori, mailegu baterako aukera izateko zortea baldin baduzu. Soldata arrunta baldin baduzu (hasteko, soldata baldin baduzu) eta gurasoen etxea hipotekatzeko modurik ez, ba orduan ezezko diplomatikoa jasoko duzu, pena aurpegiera, eta entzungo ez dituzun haien gibeleko komentarioak: «Mailegua ematea nahi ez zuen ba hilean 800 euro irabazita! Eta abalik gabe!».

Hori bortxa ez bada, esadazue, zer da?

Bai, badakit, ez daukazue esan beharrik: delitu txio batzuk dira, telebista programa batean egindako komentarioak, kazetarien argazkiak...

Gurea bortxakeria da.

Haiena aukera... librea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna