Juan Kruz Lakasta
ARKUPEAN

Nork idazten duen historia

2017ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Hainbatetan izan naiz Txinparta elkarteak Ezkaba mendiko gotorlekuko presoei eskainitako omenaldietan. Gailurrean, euripean, Fermin Valentzia kantari zela espetxearen sarreraren parean. Mendi hegian, eguzkipean, Drogasek gitarra astintzen zuela Artikako hilerriko bazter batean. Irakurria dut Felix Sierrak eta Iñaki Alforjak presoen ihesaldiari buruz idatziriko liburua, baita gaiari buruzko hainbat artikulu ere.

Badakit gotorlekua 1934tik 1945era izan zela kartzela. Han milaka lagun eduki zituztela preso: nazionalistak, sozialistak, komunistak, anarkistak, errepublikazaleak. Francoren aurkakoak.

Gogoan dut 1938ko maiatzaren 22an, 795 presok hanka egin zutela Ezkabako espetxe horretatik, espetxe frankistetako inoizko ihesaldirik handienean; frankistek iheslariok animaliak balira bezala ehizatu zituztela; haietako 221 tiroz hil zituztela; hiruk soilik lortu zutela muga gainditzea.

Badut, jakina, botilen hilerriaren berri. Esan gabe doa Ezkaba mendiko (895 metro) espetxe hotzeko baldintza latzen ondorioz, preso asko hiltzen zirela. Kartzelatik ez oso urrun, mendiaren magalean, haietako bat ehorzten zutelarik, kartzelako kaperauak haren datuak paper mutur batean idatzi, botila batean sartu, eta botila hura gorpuarekin batera lurperatzen zuen. Hala, 130etik gora gorpu berreskuratu eta identifikatu dituzte dagoeneko.

Maiz txalotu dut talde memorialistek Iruñearen historiaren zati hori berreskuratzeko eta ezagutarazteko egindako lan eskerga.

Alabaina, haatik, alta, ez neukan Ezkaba mendiko gotorlekuko presoei sostengua emateko dozenaka emakumek sortu zituzten elkartasun eta erresistentzia sareen berri, Amaia Kowasch Belaskok haiei buruzko liburua plazaratu duen arte: Sareak ehotzen.

Emakume horietako batzuk presoen senideak ziren. Beste batzuk, haien burkide ideologikoak. Motibazioa zernahi zela, gerrako eta gerra ondoko urte latz haietan, emakume ausart eta miresgarriok sareak ehundu zituzten presoei janaria, arropa garbia, kartak, finean sostengua helarazteko mendiaren puntako zulo ospeleraino, erregimen frankistaren errepresio, jazarpen eta umiliazio guztien gainetik.

Kowaschek haien izen abizenak, profilak, argazkiak eta istorioak bildu ditu: Carmen Perez Marturet, Elvira Barricarte Resano, Gregoria Esparza Zabalza, Petra Irigoien Bidaurreta... Haien artean bat, gure amona Milagros. Liburuan irakurrita jakin dut hark ere lagundu zuela, nolabait.

«Aipatzen ez dena ez da existitzen, horregatik da hain garrantzitsua emakume hauen izen abizenak biltzea eta haien istorio kontatzea», azaldu du Kowaschek. «Orain arte, hau guztia ikusezin bihurtu dute, ikusezina izan da kolore guztietako historialarien lanetan», gaineratu du. Historia irabazleek idazten dutela esan ohi da.Egia. Eta egia, halaber, historia zakildunek idazten (ohi)dutela.

Ekarpen itzela Kowaschena. Liburua Nafarroako Gobernuak argitaratu dio. Berriki, beste emakumezko historialari gazte batena karrikaratu zuen bezala: Nerea Perezen Langileria berri baten eraketa. Historiaren kontakizun victoriapreguistei kontra eginez, trantsizio deitu zuten hartan dena jauregietan eta alderdien egoitzetan erabaki zela diotenei aurka eginez, 50eko, 60ko eta 70eko hamarkadetako langileen borrokak aztertu ditu Perezek.

Zalantza izpirik gabe, egungo Nafarroako Gobernuak badu zer kritikatua. Baina ezin uka dakioke memoria historikoaren alorrean bikain ari dela, aipaturiko liburuak argitaratuz, errepresaliaturiko irakasleei omenaldiak eginez, elkarte memorialisten omenaldietan parte hartuz... Bere garaian, Nafarroan, memoria historikoa berreskuratzeko herri mugimendua abangoardiakoa izan zen, 1936 De la Esperanza al terror liburu itzelarekin hasita. Orain, Nafarroan, erakundeak ere abangoardia izaten ari dira alor horretaz. Badugu zertaz harrotu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.