Xabier Mendiguren Elizegi.
ARKUPEAN

Teknotonto baten aitorpena

2018ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Ken Loach ez dago nire zuzendari kuttunen artean: bere mezu zuzen usteko eta intentzio onaren kontrako aldean, pisu gehiegi dute, nire ustez, demagogiarako joera nabarmenegiak, manikeismo ukituek, aurretik sumatzeko moduko topikoek eta enfasiek. Hala ere, orain arte egin duen azken filma, 2016an Cannesen Urrezko Palma irabazitako I, Daniel Blake izenekoa, benetan gustatu zitzaidan.

Daniel 59 urteko behargina da, beti bere eskuz eta izerdiz lan egin izan duen arotza, bihotzeko arazoak sortu zaizkiola-eta medikuak lanik ez egiteko agintzen dion arte. Alabaina, sistemaren nahi gabeko hutsegitez edo berezko zekenkeriaz, zerbitzu sozialetatik lan bila jardutera behartzen dute, bestela langabezia-saria kenduko diotela-eta.

Filmak baditu hainbat une on, baina niri bat geratu zitzaidan buruan iltzatua: burokraziak bere burubide eta zorabide propioak dituenez, Daniel Blake koitaduari Internet bidez eginarazten dizkiote administrazioarekiko tramiteak, eta inoiz ordenagailurik eduki ez duen esku-langilea hor dabil, altzariekin trebe baina teklekin baldar diren hatzak non sartu asmatzen ez duela. Zuetako askorentzat agure errukarri baten buruhauste txikia besterik ez da izango hori, baina nik fobiarik baldin badaukat, inola ere menderatu ezin dudan buru biko hidra horri diot: burokrazia eta teknologia.

Seguru asko ez naiz bakarra. Beste film bat datorkit gogora, hau ere ezaguna baina aurrekoa baino zaharragoa: 1986an Peter Weirrek filmatutako Witness (Lekuko Bakarra). Polizia barruko ustelkeria-istorioak zientoka ikusi ditugu pantailetan, eta Harrison Forden interpretazio txukun eta guzti ere honakoa ez zen horren gogoangarria suertatuko, ez balitz amish komunitatearen bizimodua gertutik eta xarmanki agertzen duelako: Europatik Ipar Amerikara XVIII. mendean emigratu eta garai hartako bizimolde, bizibide eta tresneriari egoskorkeriaz eusten dion sekta erlijioso edo talde etnikoa.

Bai, badakit lehenaren goraipatze akritiko eta aurrerabidearen kritika arrazoitugabean ari naizela, edo hala dirudiela behintzat. Barka nostalgia txutea. Ez zen hori nire asmoa. Ez naiz bere ezjakintasunaz harrotzen diren horietakoa, eta nahiago nuke ni ere neure lagun teknofiloak bezain iaioa banintz trepetxu elektroniko horiekin guztiekin. Traketsa sortu nintzen baina.

Beraz, alde batera utziko ditut nire ameskeria luddistak, bai baitakit ezinezkoak direla, baina, horren trukean, aurrerapen teknologiko oro berez eta automatikoki denontzat onuragarritzat jotzeari uzteko eskatu nieke teknomaitale sutsuei. Haiei kontra egiten hasita, nik ere erraza nuke oroitaraztea, Kenloachkeria merkean, utopia-asmoak distopia zein aise eta zein maiz bihurtu diren historian, edo etengabeko berrikuntza-behar zoro hau zein estuki lotuta dagoen egungo kapitalismoaren eta kontsumismoaren beharrei. Ez dut hortik joko; besterik gabe, eskari xume batzuk egingo ditut amaitzeko, ezertarako balioko ez dutela badakidan arren: hasteko, izan gupida apur bat munduko Daniel Blake guztiei (eta ez bakarrik pelikula batean agertzen direnean); gogoratu beti tresnak gizakien zerbitzurako direla edo izan beharko luketela, eta ez alderantziz; demokraziaren hedatzea eta sakontzea ahotan hartzen duzuenean, kontuan hartu amildegi digitalaren beste aldean geratu diren guztiak; eta pentsa une batez modernitate teknologikoan bizi direnen (garenon) jokabidea zenbateraino ez ote den zilborzentrikoa, elitista eta gizartearen parte handi batentzat baztertzailea.

Eta orain bai, trogloditen infernura kondena nazakezue, lasai asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.