ARKUPEAN

Laxalt berria

Iñaki Galdos Irazabal -

2018ko martxoak 20
Hauteskunde urtea da aurtengoa Ameriketako Estatu Batuetan. Dagoeneko izanak dira hainbat bozketa, batik bat hainbat arrazoi dela medio sortutako hutsuneak betetzeko, baina egun handia azaroaren 6an izango da, orduan aukeratuko direlako, besteak beste, Ordezkarien Ganbara osoa, Senatuaren heren bat eta 39 gobernadore, Nevadakoa tarteko.

Adam Paul Laxalt da Nevadako gobernadorerako lehian murgildu diren errepublikanoetako bat. Alderdikideen arteko ekainaren 12ko primarioak gainditu beharko ditu lehenengo, baina bai primarioetarako eta baita ondorengo hauteskundeetarako ere ondo kokatuta dago orain arte egin diren inkestetan. Beste euskal jatorriko nevadatar bat ere egon zen lehia honetan sartzeko, demokraten aldetik kasu honetan. Elkon jaiotako Vince Juaristi, aita lekeitiarra duena, baina azkenean uko egin zion, etorkizunean urratsa egingo duenik baztertu gabe.

Paul Laxalt euskal amerikar ospetsuaren biloba da gaur egun Adam, estatuko fiskal nagusia. Gobernadore eta senatari izana, 1988ko presidentetzarako kanpainan lehen urratsak ere egin zituen, baina berehala utzi zuen. The first friend gisa egin zen ezagun laurogeiko hamarkada hartan, Ronald Reaganekin zuen harreman estuagatik. Paulen anaia Robert ere itzal handiko gizona izan zen, Estatu Batuetako euskal diasporako erreferente nagusietakoa den Sweet Promised Land liburu handiaren idazle, eta Pulitzzer sarietarako hautagai pare bat aldiz, besteak beste.

Irudiko luke horrelako aurretikoekin Laxalt berri hau Nevadarako hautagai naturala dela, laxaltarren, bertako euskal diasporaren eta baita estatuko gehiengoaren izena eta izana ordezkatzeko modukoa. Baina gauza ez da hain sinplea. Bizitza osoa kanpoan eman ondoren duela oso urte gutxi agertu zen Adam Nevadara, hain zuzen ere, bere karrera politikoa egitea erabaki zuenean, bere abizenak ospe handia duen estatuan (orduan Politico aldizkariari Nevadako errepublikano batek onartu zion bere abizena Smith balitz karrera hori adarjotzea izango zela). Carpetbagger esaten diete Estatu Batuetan oportunista politikotzat dituztenei, eta hala hartzen du jende askok Nevadan Adam Laxalt, baita beti bere aitonarengandik oso gertu egon direnetakoen artean ere. Horregatik da pentsatzekoa hainbat laxaltarren artean ez duela aparteko babesik izango ibilbide honetan. Bere euskaldun jatorriaz ere atzo goizean ohartu omen zen, orain kontrakoa erakusten saiatzen den arren, askorentzat itxurakeria hutsa besterik ez den jarrera erakutsiz.

Benetako ultra da Adam Laxalt; bere adierazpenek ikara sortzen dute sarri. Adibide gisa, hona hemen bere lagun batzuen zerrenda: 2014ko Nevadako fiskal nagusirako hauteskundeetara aurkeztu zenean nork eta Dick Cheneyk adierazi zuen erabateko lehentasuna zuela bere aukeraketak. Bere aldeko diru bilketan, besteak beste, John Bolton eta Newt Gingrich ibili ziren buru-belarri eta orain Koch anaiak omen dira bere emaile handienetakoak. Ted Cruzen alde egin zuen 2016ko errepublikanoen primarioetan, eta aurtengo maiatzaren 4an Dallasen omen zen hitz egitekoa National Rifle Association elkartearen urteroko biltzarrean, Floridako eskolako sarraskiaren ondoren bere izena zerrendatik misteriotsuki desagertu den arte.

Dena ondo badoakio, laster hasiko da ezagunago egiten gure artean ere Laxalt berria. Dagoeneko, nire harridurarako, hasi zaizkio zenbaitzuk zorionak eta animoak bidaltzen Euskal Herritik. Antzeko zerbait gertatu zen Maria Elosegi donostiarra Giza Eskubideen Europako Auzitegiko kide izendatu zutenean ere, harik eta bere ideologia azaleratu zen arte. Denborak esango du, baina oraingoz nik ez dut batere motiborik ikusten ez Adam Laxalti garaipena opa izateko, ezta irabazten badu pozteko ere. Nahiz eta euskal jatorrikoa izan, nahiz eta laxaltar bat izan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna