ARKUPEAN

Lau axola

Mikel Elorza -

2018ko maiatzak 9
Gasteizko biribilgune horietako batean galduta —bide-talo, K lagunak deitzen dienez—, bueltaka ibiltzearen sentipena badut nik ere, gaiak eta hitzak behin eta berriro errepikatuz, modu borgestar harro batean esanda, beti artikulu bera idazten. Eta nik irudipen hori baldin badut, irakurleek... Baina, gu iritzilari orojakileon defentsan, esan behar dut errealitatea bera dela egoskorra, errealitatea dela ez harri berarekin birritan behaztopa eginarazten diguna, harri-multzo bera kalearen erdian behin eta berriro jartzen diguna baizik, kaleak bide-taloz bete dizkiguna.

ETAren amaieraz ari naiz, errelatoaz ari naiz, duela 15 egun hizpide izan genuen horretaz. Txistea egiteko gogoa ezin saihestu: orain denak errelatoarekin kezkatuta dabiltza, baina zer espero zuten, «ven y cuéntalo» hainbestetan eskatu eta gero!! Denak kontu kontari. Kanpainak esplizituki esaten ez zuena zen zer eta nola kontatu ere haiek esango zutela. Egonaldiaren amaieran inkestan 1etik 10era 10etik hurbil ibiltzea, horrelako inkestak betetzen denak ere zein onbera garen jakinda (kalteberak direnek bete ere ez baitute egiten, eta beraz ez dira estatistiketan ageri). Kanpainak azken batean datsegit-ak lortzea zuen helburu, nagusiki hori, orain sare sozialetan ditugun eragile hiperaktibo mordo horrek bezala. Txalo birtualak dira xedea, edukia lau axola (lau oraingoz, laster bost).

Beldurra ematen duena da, egun batzuk igaro eta aparra jaits dadinean, aparraren azpian zerbezarik ez dagoela egiaztatzea. Alegia, zalaparta isilduta, su-zirien distira itzalita, normalidadera etorriko direla gauzak. Bere onera etorriko diren beldurra, ez baitakigu ona zer den, eta, okerragoa dena, norena den! Izan ere, azken zazpi urteetan izan dugun normalidadea —ordukoa da ETAren benetako adierazpena— hagitz arriskutsua begitantzen zait. Ohitu gara ETAk jardun gabe bizitzen, eta beldurra ez da ETArik gabe bizitzen ohituko garela —hori berez ona da—, ezpada konpondu gabe gelditu diren kontuak, batzuk gelditu dira eta, ahanzturan geldituko direla. Presoez ari naiz, nagusiki. Biktima batzuez ere bai.

Espainiako Gobernua beste interes batzuek mugitzen dute —hauteskunde-interesak, jakina—, eta zail da harengandik estatu mailako erabakiak espero izatea. Gutxi izan dira azken urteetan estatu-erantzukizun baten ikuspegitik hartutako erabakiak, gehienak alderdi-interes batetik hartutakoak izan dira. Eta estatu mailan hartu diren gutxiak, gerrarakoak izan dira. Bake garaietan eskuzabaltasunez eta etorkizunerako ikuspegiz jokatzea ez dute hautatzen estatuek.

Baina jendarteak ere beste interesgune batzuk ditu. Bilbok, adibidez, errugbia. Gauza jakina da errugbia oso presente egon dela historikoki Bilboren bizitzan, erreferente bat izan dela, eta normala da beraz baloi obalatuak hartu izana gure hiriaren bihotza; bihotza eta giharrak, eta eskeletoa... 1.000 eurotik gora gaua, hotel batean. Ebentoa, badakizu. Hori eta gero etorriko direnak. MTV eta abarrak. Hemen ere errepikakor ariko naiz. Inpaktoa, ekonomikoa noski. Horrela neurtzen da arrakasta, horrela neurtzen progresoa. Produceo, ergo sum. Ekintzaileak behar ditugu —XXI. mendekoak, nonahiko jaurlaritzek laguntzen dituztenak—, negozio perspektibak eta merkatu-hobiak. Hobiak!! Bertsolari onegia ere ez du behar horri zuku pixka bat atera ahal izateko... Tira, esanguratsua ere bada euskal kulturaren egoeraz egin den eta idazten dudan etxe honetatik ozen iragartzen zaigun azterketan kontsumoa neurtu izana. Neurtu denaren hitz zehatza hori izango da, ados, baina marka ere bada hori, hitza kontsumoa izatea.

Lehenago ere makina bat aldiz esan dugu, geure burua errepikatzen baino ez gara ari, baina esaera moldatu beharrean gaude, bide-taloa bezain egoskor ageri baitzaigu beti parean: esadazu nola deitzen diozun eta esango dizut zer zaren. Baina horrek ere ez du lau axola, bihar beste txio edo guasap bat idatziko dut-eta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna