Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Miserableak

2018ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Halaxe atera zitzaidan asteazken arratsean sukaldean. «Miserableak!». Gogoan, Victor Hugoren nobelaren izenburua; begien aurrean, Aitor Esteban. Telebistan ari zen EAJk PPri Madrilen zergatik eman dion babesa azaltzen. Ondoan nuen laguna, galdezka: «Harrituta? Ez dituzu ezagutzen, ala?». Telebistak piztuta jarraitu zuen. Hurrengo albistea: «Estatutu berriaren hitzaurrea aurrera atera dute EAJk eta EH Bilduk». Koadroa biribildu zen. «Artistak dira, Txema, artistak», gaineratu zuen lagunak. EAJ, berriro ere, zentraltasunaren ardatz. Egiazkoa al da, behin eta berriz, hemengo eta hango komunikabide publiko zein pribatu nagusietan errepikatzen den lelo eta irudi hori? Erdian daude benetan? Hain trebeak al dira negoziazioetan?

EAJri kritika egitea zilegi ez ezik guztiz beharrezkoa da, beste edozein eragile politikori egin behar zaion bezala. Galdera da zergatik obratu du orain horrela EAJk? EAJren jokabidea kalifikatzeko nahi adina adjektibo, zein baino zein gogorrago, erabili daiteke: doilorra, zitala, egoista... Mingaina eta luma nahi beste zorrotz litezke. Bai, baina kontuak kontu, galderak bere horretan dirau. Zergatik? Izan ere, analisia egiteko ezinbestekoa da, lehenengo eta behin, gertaeraren testuingurua ongi ulertzea eta, gero, errealitate hori gustukoa ez badugu, aldatzen saiatzea.

Euskal Herria oso gizarte politizatua izan da beti, baina azken urteotan despolitizazio prozesu nabarmena sumatu da maila eta esfera ugarietan, nola unibertsitatean hala kalean. Kosta egiten da jendartea sentsibilizatzea, etxetik ateratzea, manifestazio batera eramatea. Audientziaren hegemonia duten komunikabideetan balio eraldatzaileetatik urruti daude. Noizbait, komunikabide horietan, ikus daiteke erreportaje kritikoren bat, dokumental brillanteak, baita, zenbaitetan, iritzi-emaile mamitsuak ere. Baina, ildo nagusiak beste nonbaitetik doaz. Egoismo soziala, kontsumismoa, konformismoa, hedonismoa eta estetikaren gorazarrea barne muinetaraino sartu zaizkigu. Eskuineko alderdiak, eta EAJ orbita horretan dago, horren jakitun dira. Zergatik jarraitzen du PPk Espainia gobernatzen? Besteak beste, espainiar gizartearen sektore garrantzitsu batek ustelkeria onartzen duelako. Hemen hain desberdinak al gara?

Nola eragin? Hori da erronka. Kritika pedagogikoa egitea guztiz funtsezkoa da. Xede taldea zabala bada, eragiteko ahalmena biderkatu egiten da. Esaterako, EAJk dio pentsioen inguruan erdietsitako akordioa «bere» lorpena izan dela. Manipulazio itzela. Estebanek ez du domina hori bere paparrean eskegitzeko eskubiderik. Zergatik? Aski eza den akordio hori lortu bada, ez da izan EAJ edota PPri esker, baizik eta azken hilabeteetan astero-astero gure kale eta plazak duintasunez bete dituzten milaka pentsiodunen borrokari esker. Izan ere, EAJk ez du deitu manifestazioetara. Ez hori bakarrik; Eusko Legebiltzarrera gutxieneko pentsioa 1.080 euroan ezartzeko proposamena iritsi zenean, EAJk kontra bozkatu zuen. Kontra, bai; kontra.

Bestetik, Iñigo Urkulluk duen neurgailu etikoa bitxia da benetan. Batetik, ezker abertzaleari eskatu dio ETAk eragindako «min injustua» aitortzea (bide batez, zein da min justua?). Bestetik, bat egiten du Europan etikaren oinarriak gehien lokaztu dituen alderdiarekin, 155. artikulua aktibatu duen partiduarekin, Kataluniako borondate demokratikoa preso daukan gobernuarekin, adierazpen askatasuna birrindu duen erregimenarekin. Aholkuak ditu salgai, baina beretzat ez ditu nahi. EAJ ez da zentraltasunaren ardatz. EAJk bat egin du gizarte honi egunero min itzela eragiten dion elitearekin. Katalunia abandonatu egin du. Zapaltzaileen aldean jarri da.

Beraz, guztiz zilegi da EAJ presionatzea, bai politikoki eta bai sozialki. Areago, progresista den orok duen betebehar dialektikoa da; betiere, pedagogia politikoa eginez eta argudio errefusaezinak erabiliz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.