mikel elorza
ARKUPEAN

Orokorrean gaiztoa

2014ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Tartaro izeneko Infernura zigortu zuten Tantalo, Zeusen seme apetatsu horietarik bat, Greziako mitologian. Itxuraz, eta kondaira horietan pertsonaia guztiek duten zori gaiztoaren jokoaren baitan, Tantalok nektarra eta anbrosia —jainkoen edabeak, orduko koka edo EPOa, ez nago oso ziur—lapurtu, eta gizakiei eman zien (eta ordudanik lurtarrok nektar eta anbrosia guztiak zukutu ditugula esan beharrik ez dago, bihar hasiko diren festa global horiek etsenplu). Gerora beste azioren bat egin zuen, eta zigor latza jarri zioten Tantalori: infernuko laku batean egotera zigortu zuten, zutik, eternidadean, urak kokotseraino eta frutak justu buru gainean, ezin egarria ez gosea ase. Mitologigileek asmatzen dituzten pairamen paregabe horietako bat.

Niobe izeneko bere alaba batek ez zuen askoz patu gozoagoa izan: seme-alaba gehienak hil zizkioten, inbidiaz eta jelosiaz jardun zuelako ziur ez dakit zertan. Esango genezake emakume bekaizti gaiztoa izan zela, laburbilduz. Izan ere, greziarren kondairak ez dakit, baina hori bai unibertsala dela, eta mantentzen da: emakumeak gaiztoak dira, badakizu, orokorrean. Gizonezkoak ez, zakarrak eta are basatiak izan daitezke eta kristorenak egin, baina gaiztoak; gaiztoak emakumezkoak dira. Berez: geneetan eramango balute bezala. Nahiz eta geneetan iltzatuta dagoela dirudiena bestea den: alegia, gizonezkoek elkarri esatea, broma balitz bezala baina benetan hala sentitzen dela, «badakik, emakumeak gaiztoak izaten dituk...».

Kontuak kontu, Nioberi ere egokitu zitzaion destinu latz petrala.

Eta hainbat urte geroago, patu makurrak Afrikako infernuan batu ditu berriro aita-alabak, kimikari bataiatzaileen gutiziaz. Metal bat niobio bataiatu zuten, kolunbio izena ere baduena. Beste bat tantalo. Eta biak elkarrekin ageri dira naturan, normalean, bien izenaz osaturiko mineral batean: koltan.

Alboan izeneko GKEaren ekimenari esker berriro ere trending topic bilakatu da hitza, koltana. Mea hori darabilte gure segapoto eta tablet eta hainbat trepeta egiteko, ezinbestekoa da, eta munduan den koltanaren %80 Kongon dago, eta gai honen komertzioak astindu du, gehiago, lurraldea. Eta beraz koltanaren ekoizpen eta merkaturatzea Kongo azken urteetan txikitzen duen gerra eta miseria etengabearen erdigunean dago.

Nolabaiteko kontsumo arduratsu bat bultzatu nahian, estatu eta gobernuak inplikatu nahi ditu Alboan elkarteak, euren enpresak bultza ditzaten teknogailuen fabrikazioan koltan zikina erabil ez dezaten —duela urte batzuetako odolezko diamanteen tankeran—.

Ekimena ona eta txalotzekoa da, planetaren lotsaizun izan daitekeen Kongo begipean jartzen baitu. Lurralde ezin aberatsagoa, infernu bilakatua da hango bizilagunentzat gizon zuria —eta ez emakumea, nahiz eta gaixtoa bera izan— hara iritsi zenetik. Lehen ere paradisua ez zen izango, baina ordudanik...

Txalotzekoa ekimena, baina ez dakit zenbaterainoko gero arrakastatsua izango duen. Kazeta honetan Danel Agirrek atzo aitortzen zuen askok aitortzen ez duguna, eta da jakitun izanagatik ere gure kontsumo ohiturek ematen diotela oinarria hainbat esplotazio molderi, dela gizateriarena, dela naturarena, nekez aldaraziko ditugula kontsumo ohiturak. Ez da erabat horrela, eta kontrako norabidean, alternatibo adjektiboari erantzuten dioten mugimenduetan egiaztatzen ahal da beste mundu bat posible dela, txiki eta oinarrizkotik hasita, baina oso zaila da. Batzuetan hartz mota oso bakan baten desagerpenak milaka gizakiren heriotzak baino gehiago durduzatzen bagaitu ere, zenbait ohituraren aldaketa gogorra egiten baitzaigu. Baina ez geneetan horretarako programatuta ez gaudelako, ezpada ohitura batzuetan aldatzeko eta besteetan ez aldatzeko programatzen gaituztelako. Emakumearen gaiztotasuna bezala, geneetakoa ezarritakoa da, ez berezkoa.

Hori hondarribiarra ez baldin bazara, orduan akaso genetikoa baita. Egunotan dokumentala ikusi dut alardeari buruz eta... baina isilduko naiz, ez bainaiz hangoa, bertakoa, eta beraz ezin baitut hura ulertu, eta gutxiago hari buruzko iritzirik eman. Gainera, emakumezkoen afera da hura, eta badakizu, irakurle, emakumezkoa orokorrean gaixtoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.