Gaizka Aranguren.
ARKUPEAN

Uhaldeari begira

2015eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Norberak ingurune jakin batekiko sentsibilitate handia izatea baino gauza eraginkorragorik ez dago. Horrela da behintzat ingurumenarekiko errespetuari dagokionez.

Norberaren bizitza filosofia izan daiteke erabat antropozentrikoa, animista edo malabarista, baina arlo, esparru, eremu jakin batekiko atxikimenduak erraiak mugitzen dizkigunean, hura bihurtzen da gure jardun eremu eta formakuntzarako ikasgai nagusi.

Ur gezetako arrantzaren maitaleentzat, hau da, ibaietako arrainak zirikatuz (torturatuz finean?) gozatzen dugunontzat, ibaien arroak dira munduko eremurik laudagarrienak. Horregatik, ziur aski, eragiten dieten edozer gauzaren aitzinean bertze inork baino sentsibilitate handiagoa garatu ohi dugu.

Errandakoaren ondorioz, ekosistema horien ezaugarriak ikasteko grina biderkatu ohi zaigu eta joera antropozentrikoen aitzinean uzkur agertzen gara.

Eta, horrela, iruditzen zaigu ibaiak, errekak, padurak, uhaldeak izan direla, azken 125 urteotan, gizakion eragin kaltegarria modurik larrienean jasan duten ekosistemak.

Industrializazioak, desarrollismoak, hirigintza krudelak eta ildo horretan garatu ditugun bizimoduek ibaiekiko harremana eta haiei buruzko hizkera baldintzatu dute.

Azken asteotan izandako elurte eta euriteen ondorioz kolore guztietako alarmak piztu dira gurean. Komunikabideen informazio fluxuaren ehuneko izugarri handia eguraldiari lotu zaio eta, bereziki, ibai eta urtegien egoerari. «Ibaiak gainezka egin du», «Urak baratzeak eta garajeak hartu ditu»... Ibaiak bere senetik irtenda daudela ematen du, lur berriak kolonizatzen dabiltzala, gurea dena bereganatzen, min egiten…

Dagoeneko ohartu beharko genuen, ordea, gu garela haien lekuan sartzen garenak. Ibaiarenak diren lurretan etxebizitza eraiki dugunak gu gara. Urak, lehenago edo geroago, bereak direla erranen digu, nahiz eta notariotik sekula pasatu ez den.

Hiriak eraiki ditugu ibaiertzetan, haiek bakarrik eskaintzen zigutelako egarria asetzeko, garbitzeko, garraiatzeko edo jolasteko bezain bertze ur. Eta horren behar zuzena ez dugula erabaki dugunean, molesta ez gaitzaten, ubide bihurtu ditugu.

Egia da gaurko hiriko ibaia ez dela garai bateko estolda kirasduna. Egia da araztegiei esker ez diogula gure zikinkeria guztia zuzenean irentsarazten. Baina handituz gero, berehala begiratzen diogu mehatxuari bezala. Bere lekutik atera nahi duen basapiztiari bezala. Lurraldea kendu diogu eta ubidearen kartzelan sartu. Gure jabegopeko bertze animalia bat balitz bezala.

Eginahalak bikoiztu baino gehiago egin beharko dugu, komunikazioaren eta lengoaiaren ildoan bereziki, hurrengo belaunaldiek bertze era batera pentsatu eta bizi dezaten ibai, erreka edo uhaldeekiko harremana. Komunikabide gehienek darabilten «gainezka egiten ari da» hori «bere lur eremutan mantso eta eder zabaltzen ari da» bihur dadin. Erreka zikin dagoela diogunean plastikoz josita dagoenean izan dadin, ez egurrez, sasiz eta harriez hornitua.

Tarteka, argi dago, sentsibilitate grinatsuek bere errotiko kontraesanak motxilan daramatzate.

-Aita, eta hemen amuarrainik ba al da?

-Mmmm… Ez dut uste.

-Zergatik?

Gutako gehiegi gaudelako inguruan.

Orduan, ezin da arrantzarik egin? Bai. Ez duzu amuarrainik harrapatuko, ordea.

-Baina, aita, badakizu nik ez dudala arrainak hiltzeko interes berezirik… Aski dut pixka bat torturatzearekin.

-...

-Antropozentrikoak gara, aita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.