Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Grandola: oi, gu hemen!

2015eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Grandolara ekarri naute oporrek, uztail amaierako iluntze batez. Tira, gezurra. Oporrek ateri unerik gabeko eguzkitara eta paradisua promesten duten hondartzetara eraman naute, aberastasun eta zorionaren goia bide den dolce far niente-aren urtean behingo entsegu klase ertainekora. Baina nire barru solidario, kritiko eta kontzientziaduna ez dabil lasai Maliburen trazara berdindutako Portugalgo Algarve deskastatuan; behar du, lasai egoteko, bestelako bazka. Eta hortxe dut Grandola, esku-eskura, iraultzaile usteko edonorentzat leku fetitxea.

Beraz, Grandolannaiz, uztail amaierako iluntze batez. Grandola Vila Morena-n: Jose Zeca Afonsori inoizko iraultza kantu ederrenetakoa sorrarazi zion herrian; are, inoizko iraultzarik ederrenetakoa piztu zuen abestia inspiratu zuenean —irudika daiteke armak krabelinez antzututa egindakoa baino zoragarriagorik?—. Herri xumea aurkitu dut. Ibili naiz plazan, zumardian, kantua, bihotz-ahoetan: «Grandola vila morena/terra de fraternidade/o povo é quem mais ordena…».

Ezker haizea ufaka espero banuen ere, nire zorigaitzerako ez dut Grandola Vila Morena-ren eta 1974ko Krabelinen Iraultzaren aztarna handirik aurkitu… Harik eta grandolatar baten argibideei segika —atsegin baina epel eman dizkit azalpenak— kantuari eta iraultzari egindako monumentura iritsi naizen arte. Horma luze bat da, eta Zeca Afonsoren abestia dago idatzita, partitura eta letra:«Em cada esquina um amigo/em cada rosto igualdade…». Krabelin handi bat erdian. Deserosoa egin zait horma-irudia hipermerkatuz inguratuta egotea. Deserosoa, halaber, monumentuaren aurrean asanblada baten ordez zumba entsegua egiten ari den emakume taldea topatzea. Baina, halere, lortu dut abstraitu eta hunkitzea: «O povo é quemmais ordena/Grandola vilamorena». Letra larrizko Herria-ren ordez jendezko herria, xurxulatu dit bihotzak. Horixeesplikatzen saiatu naizerromesaldi guztian nirekin dabilen 6 urteko alabari: norbanako bakoitzaren garrantzia, parte-hartzearena eta partekatzearena.

Transmisio lan horretan sutsu nabilela, alabaren adin bertsuko mutikoa hurbildu zaigu, klase ertainekoa ez dela salatzen duten arropaz jantzita. Eskekoen keinua eginez eskua luzatu dit, lotsagabe. Amorrua eta desafioa ditu begi artean. Zahar itxura ematen dion desengainua. Bertol Brechten Die Nachtlager-eko korapiloa gogoan, diru zorroa atera eta daukadanik txanponik handiena eman diot: bi eurokoa. Sinetsita nago irribarre gozoa jasoko dudala ordainetan, besarkada senidetsuan batuko direla mutikoaren eta bion begiradak. Kolpean itxi du ukabila, txanpona ondo estututa. Lehengo amorru eta desafio bera ispilatu da, ordea, haren begietan. Desengainu bera. Lasterka alde egin du, besterik gabe.

Bat-batean, atzendu egin zait Grandola-ren doinua. Haren lekuan gure pizkundeko Ameslariak taldearen «Oi gu hemen» etorri zait: «Oi gu hemen/bidean galduak». Hala sentitu bainaiz alaba mutikoari buruz egiten ari zaidan galderei erantzun ezinik. Argitasun kolpe batean, halaxe sentitu baitut gure herri ez ezik Europa zahar honetako ezkerra: geure burua klase ertain sinesten dugun bakoitzaren nahikeria, autoestimu, beldur, autolaguntza, ezintasun eta autosalbazioen labirintoetan galduta.

Eta halaxe sentitu naiz atsedena beste ilusiorik gabeko abuztu honetan, esaterako, agente eraldatzaileak sistemaren zutoin den futbol show business-a inolako ñabardurarik gabe loriatu behar dela aldarrikatzen ikustean; eta, kontrara, beldurrera zigortutako emakumeon boteretzea gaitzesten sumatzean.

Ez dut etsi nahi, ordea. Desengainua amaiera da. Udazkenak, eskekoek, errefuxiatuek, erasotutako andreek, irailarekin batera enplegurik gabe geratu direnek… argi diezagutela bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.