xabier martin
ASTEKO GAIA

Gerra ekonomia eta ahaleginak

2022ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Itxialdi handiaren bezperan zen Euskal Herria orain bi urte. Egun gutxian ikusi zen osasunaren arloko krisiarekin batera ekonomiarena zetorrela: enpresak ixten hasi ziren bata bestearen atzetik. Shock egoera horretan inork ez zekien zer gertatu behar zuen, aurren-aurrena osasunarekin, baina baita enpresa-lanpostu-diru sarrerekin ere, hau da, jendeak ordu arte zuen bizimoduarekin. Ziurgabetasun hitzaren adiera gogorrenak atzaparkada basatia eman zion gizarte nekatu bati, eta Atzeraldi Handiaren zauri sakonenak itxi ezinik aurrera zihoan euskal ekonomiari ere bai.

Orain, berriz, déjà vu sentipen batek harrapatu ditu asko Ukrainako inbasioak izango dituen ondorio larriez ohartzen hasi direnean. Inork gutxik espero zuen indarrez iritsi da geopolitikaren plaka tektonikoei eragiten dien gatazka, pandemiaren maldizioa erabat itxi gabe dagoela, amaitu gabeko zigarretarekin beste bat pizten den bezala, jakin gabe birikak onik aterako diren horrenbeste rock and rolletik. Bat-bateko enplegu erregulazioak hasi baitira berriro, jarduera gelditzen duten enpresak argindarraren prezio eroari aurre egin ezinik, kezkak baino gehiago beldurrak, eta baita analisi eta abisu apokaliptikoak ere.

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk esan du asteon «gerra ekonomia» baterako prestatu behar duela gizarteak, «ondorio larriak» izango dituelako. Ez du esan ondorio larri horiek luze jotzen badute zer egingo duen administrazioak gehien kaltetutakoak laguntzeko, nola ari den prestatzen gobernua gerra ekonomia horretarako. Gas, gasolina eta argindarra sekula ikusi gabeko garestitzea izaten ari direla igarri eta dagoeneko sufritzen baitute herritarrek eta enpresek, hala autonomoek nola konpainia handiek. Urkulluk aditzera eman du euskal gizarteari ere badagokiola Ukrainaren alde eta Putinen aurka ahalegin ekonomikoa egitea eta zerbait galtzea, beste agintari europarren antzeko mezua helarazita. Josep Borrell Europako Batasunaren erroen egungo zaindari oldarkorrena bihurtuta azaltzen da Hegoaldeko telebista kateetan, ordu erdiro-edo mantra berarekin. EBko beste estatu kideetako hedabideetan ez da hainbeste azalduko, seguruenera, Batasuneko diplomazia burua; baina, kontua da Borrelli eta Urkulluri ahaztu egin zaiela esatea nola banatuko den egin behar omen den ahalegin hori, denei ez baitie kalte bera egiten gasolina litroa bi euroan ordaintzeak. Biltegia betetzen ari den Opel Corsaren jabeari hutsago uzten dio patrika gasolindegira egindako bisita behartuak, atzean duen Porsche Cayenneren jabeari baino, haren biltegia askoz handiagoa den arren.

Hirugarren krisia hamabost urtean

Pandemiaren kalte ekonomikoa zenbaterainokoa izango zen aurreikusteko, izurritearen iraupenari erreparatzen zioten orain bi urte ekonomista askok. Orain gerraren iraupenari erreparatzen diote, baina jakinda, edozein kasutan, lehenago bukatuko dela auzi militarra hark utziko duen triskantza ekonomikoaren ondorioa baino. Putinen inbasioak egungo sistema ekonomiko globalaren ardatz nagusi batzuk aldatzeko saio batera bultzatu baititu Europa aberatseko gobernuak. Energia da giltza: gasa eta petrolioa. Trantsizio ekologikoarekin amets egiten duen Europa bere benetako ahuleziak esnatu du modu mingarri batean: oraingoz ezin zaio eutsi planeta salbatzeko onkeriari Errusiaren gas kutsatzailerik gabe.

Herritar-langile gehienek, baina, arrotz antzera dakusate geopolitika konplikatua. Dakitena da hamabost urteko epean hirugarren krisi sakona ezagutu dutela, eta azkenaren sakontasuna galdera ikur handi bat dela gaurkoz. 2008koak koska bat behera bultzatu zuen sozialdemokraziaren hegal azpian hazitako klase ertaina (edo dena delako hori), eta koska bat gora aberats klasea; pandemiak joera areagotu du, pobreen eta aberatsen arteko arrakala handituz, izurritetik hobeak atera behar genuen arren. Beharbada, jarrera naif bat izateari uzteko hirugarren aukera baizik ez da oraingoa, eta ahaleginen banaketa behingoz mahairatzekoa plaza publikoan, erreforma fiskaletik hasita. Bestela, zigarretak pizten jarraituko dira, aurrekoak itzali gabe, ongizatea erretzen den bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.