Joxerra Garzia.
ARKUPEAN

Aldez aurreko porrotak

2015eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Mikel Laboa omen zen joatekoa, baina azkenean ezin, eta niri galdetu zidaten Lleidako Palau del Vidre aretoan Galeuscak antolatutako kantaldian parte hartu nahi ote genuen. Hogeita hiru urte neuzkan, baietz esan nuen.

Bartzelonarako trena eta Txirritak aipatzen duena, hor nonbaiteko lastertasunez ibiliko ziren: Txirritarena «goizean irten Irundik, eta / iluntzerako Madrila» iristen zen; gurea, berriz, iluntzean abiatu Irundik, eta goiza ondo argituta heltzen zen Bartzelonara.

Ausarkeria hartatik oroitzapena besterik ez zait geratzen: ez argazkirik, ez jaialdiko afixarik, ez hari buruzko dokumenturik... ezeren deusik ez. Alde ederreko atarramentua, haur jaio berriaren lehen putza hamaika argazki eta hamalau bideotan jasoa geratzen den garaiotakoarekin alderatuta.

Internetari eta Lleidako funtzionari jator batzuei esker jakin berri dut1976ko urriaren 23an izan zela kantaldi hura, eta entzuleak seiehun bat izan zirela. Antza, han kantatu beharrak sorrarazi zidan izuaren arabera kalkulatu izango nuen nik entzule kopurua, hamar bat milaren aurrean kantatu genuelakoan bainengoen.

Diario de Lérida egunkariak ateratako kronika ere helarazi didate aipatu funtzionario jatorrok. Hasieratik igartzen zaio kazetariari nazionalismoaren kontrako herra, eta berehala ateratzen du horren araberako ondorioa: Galeusca hura porrot erabatekoa izan zen, berak aurrez uste (eta desio) bezala, jakina.

Kronika hori irakurri arte, garbi samar neukan apurra, hauxe: Maria del Mar Bonet tarteko zela, eta Euskadiren ordezkari Jon Bergaretxe eta gu aritu ginela. Gu, Herrezpalak (Herri-ezpalak), alegia: ni neu eta Iñaki Ugarte Irungo adiskidea, nire gitarra txartxoa beste musika laguntzarik gabe.

Sekulako larria sortu zitzaidan Bonet eta haren talde jendetsuaren emanaldia entzutean: erakustaldi haren ostean nola atera jendaurrera gitarra soilarekin? Etxamendi eta Larrralderen kantuez gain, guk geuk sortu edo itzul-moldatutakoek osatzen zuten gure errepertorioa. Mamiz indartsu, doinuz eder, baina interpretazioaren aldetik motza zen gurea, eskasa.

Izututa, zera erabaki nuen: gu kantari hasi baino lehen, jendeari astia eman behar geniola Boneten bandaren sonoritateaz ahazteko. Testu bat idatzi, eta Bartzelonan ikaskide izandako lagun bati eman nion, katalanera itzul zezan. Oholtzara igo, eta hamar bat minutuko mitina egin nuen, jendea sutu eta Maria del Marrez ahazteko haina denbora igaro zela iruditu zitzaidan arte.

Espainiako bandera errepublikano asko zegoen entzuleen artean, eta horixe hartu nuen nire mintzaldiaren ardatz. Ondo zegoela, esango nuke esan nuela, Errepublika zale izatea, baina, berez, nazio hainbat errepublika sortzea zela helburua...

Sekulako txalo zaparrada jo ziguten, eta orduan hasi ginen gu kantari: Non dira gure lagunak, Oriol,Mendiz joan nintzen ihesi, Hantxe Ibardingo mugan...

Diario de Lérida egunkariko kronikan oso tarte txikia eskaintzen digute Euskadiren ordezkari izan ginenoi. Nahikoa, hala ere, hamaika aldiz hanka sartzeko:

«Ian Bergareche (sic) eta Hegaraz-Palat (sic) bikotea hain izan ziren euskaldun, ezen deskuidatuta ere ez zuten Cervantesen hizkuntzako hitzik erabili. Egiazki, Ian Bergareche (sic) areago izan zen mitinlari kantari baino».

Ia berrogei urte geroago ere hemen gabiltza, monarkia eta Espainia handi bakarraren erresuman nazio hainbat errepublika aldarrikatzen. Eta orduan bezala, hedabide gehienek, Diario de Lérida bihurtuta, gure porrota aldarrikatzen dute, aldez aurretik. Zer gura, hura ikusten baitu jendeak, bai lehen eta bai orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.