ARKUPEAN

Hitzak eta hortzak

Joxerra Garzia -

2015eko abenduak 19
Inoren zer esangoak lotzen badizkigu zangoak, atera kontu zer gerta litekeen mintzo zaigun hori koitadu izenbako bat izan ordez itzal handiko norbait denean.

Aristotelesek sekulako ekarpena egin zion mendebaldeko filosofiari, eta horrixe zor dio bi mila eta hirurehun urte igarota ere batere apaldu ez den ospe itzela. Bere aldiko bururik argiena izanda ere, ordea, bere aldiaren kume eta jopu da beti gizakia, eta arlo askotako ekarpen harrigarriekin batera arlo askotako pitokeria galantak ere utzi zizkigun filosofo greziarrak (denean eta beti geniala ezin izan!).

Aristotelesen pitokeria horietako bat, hauxe: emakumeek gizonek baino hortz-hagin gutxiago dituztela. Dedukzio bidez iritsi zen ondorio horretara: emakumea, izatez, hiritar petoaren eta jende izatera ere iristen ez den esklaboaren arteko kate maila galdu halako bat da; ahulago izanik, odola meheago du gizonak baino, eta gorputz tenperatura apalagoa; beraz, gizonak baino hortz-hagin gutxiago izan behar, nahitaez.

Arrazoibide txukuna, premisak ontzat hartzeko modukoak balira. Hori esan zuenerako, jakintzaren guru erabatekoa zen Aritoteles, eta jendeak itsu-itsuan sinetsi zuen andreen hortz-haginen kontua. Luzaroan ez zitzaion inori otu maixuaren esana zalantzan jartzea.

Norbaiti harrigarria gertatuko zaio hain erraz egiaztatu (edo gezurtatu) daitekeen kontua nola irentsi litekeen horrela. Aristoteles bera birritan ezkondua zen, baina beste edonork ere aski zuen inguruko emazteki baten hortz-haginak kontatzea, filosofoa oker zegoela frogatzeko (horretarako baimena lortzea erraza ote den, horixe ez dakit nik, ez naiz eta inoiz inoren hortzak zenbatzen saiatu). Kontuak kontu, inork ez zuen hortzen kontaduria egiteko lanik hartu.

Hauteskunde kanpaina honetan sarri etorri zait burura filosofia ikasten ari nintzela gogoan iltzatuta geratu zitzaidan pasadizo (peri)patetiko hori.

Azken lau urteotan, erabateko gehiengoa baliatuz, Espainiako erresuman ongizatea kimatzen, ustelkeria gizentzen eta frankismoaren espirituari lustrea ateratzen aritu direnak ongizate gizartearen bermetzat aurkezten zaizkigu orain. Inkesten arabera, badirudi jendeak sinetsi egiten diela, gainera; antza, boterean denari dena barkatzen zaio hegoalde (z)urrun hartan. Nola ulertu, bestela, Prestige itsasontziaren isuriak «plastilina izpi ziztrintzat» jotzen eta 2011ko martxoaren 11ko atentatuak ETAri egozten setatu zena presidente izatera iritsi izana, eta orain kargua berritzeko aukerak izatea?

Egia esan, boterea eskuratzeko arriskua duten beste alderdi espainiarrak ere ez zaizkit suziriak jaurtitzen hasteko modukoak begitantzen, baina txarren artean ere graduak daude, eta aukeran zuhurragoa dateke txar zahar ziurra baztertu eta balizko txar berriari txanda ematea. Klima aldaketaren kontra gaude, baina giro aldaketaren alde.

Euskal Herria ia desagertu egin da estatu espainiarreko eztabaidetan (Txirritarena, akaso: «errespetua guardatu zuten / beldur ziraden artean»). Gurean, berriz, oro har deseroso atzeman ditut nik Hegoaldeko hautagaiak (Espainiako sukurtsal huts ez diren alderdietakoak, behintzat), lehiatu nahi ez eta hala ere lehiatu beharraren arteko talkan edo.

Bistan da ez dugula asko aurreratu Aristotelesen garaitik: atzo ttunttun, gaur ere ttunttun...

Emakumeak hortz-hagin kopuruan (ere) gizonon berdin direla egiaztatzea bezain erraza baita, azken batean, politikariek hauteskunde garaian diotena sinesteko modukoa den (edo ez) erabakitzea.

Tratulari ezinago kaxkarrak ginateke, kuanto, saldu nahi diguten astoaren hortzei erreparatu ordez saltzaileen hitzetan fidaturik egingo bagenu erosketa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna