Patxi Zabaleta
ARKUPEAN

Egiazko gako politikoak

2016ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Eztabaida politiko sakonen aukera izan daitekeelakoan nago 2016. urtea. Krisialdi bezperak eta krisialdi biharamunak beti izan baitira azterketa eta gogoeta sakonak egiteko aroak.

Kataluniari esker Iberia osoan erabakitzeko eskubide demokratikoari buruzko eztabaida hedatu da eta, zorionez, gainera, badaude estatu osoan zabaldurik diren bi indar politiko eskubide hori mahai gainean jartzen dutenak; Podemos eta IU alegia, bien artean ia sei milioi boto izan dutelarik.

Aldarrikapen demokratiko horren aurrean ez da nahiko aterabidea konstituzioa aldatuko dela esatea. Beharrezkoa da konstituzioa zertan aldatuko den aipatzea eta zehaztea. Erabaki eskubidea jaso gabe aldatzen baldin bada konstituzioa, gorringorik gabeko arrautza bezala da. Gakoa da federalismoa eta konstituzioaren aldaketa bezalako proposamenek edukia zehaztea ezinbestekoa dutela, eta zehazten ez den bitartean ez dute arazoaren muina ukitzen, ez diote egiazko gakoari aterabiderik ematen.

Katalunia Europako nazio handi eta aurreratuenetako bat da. Katalana Europako hizkuntza handien artean aurkitzen da, nahiz eta ez daukan aitortuta europar ofizialtasunik. Askoz gutxiago mintzatzen diren beste hizkuntza batzuek, esate baterako malterak, Maltako hizkuntzak alegia, baduen bezala.

Era berean, ez da benetako gakoari erantzutea «aldebiko akordioen aterabidea» proposatzea. Aldebiko edo alde gehiagotako akordioak egin ahal izateko, nahitaezkoa da erabakiak hartu ahal izatea. Erabaki ezin duenak ezin du hitzarmenik egin, eta hitzarmenak egiteko beharrezkoa da erabaki ahal izatea. Mendeetan foruen azaleko ikuspegia zaindu den paktismoaren edo pakzionamenduaren irudia berpiztu nahi izan du EAJk, eta horrek ez du arazoa bere sakontasunean ukitzen; are gutxiago konpontzen. Aterabide modernoa eta demokratikoa, nazio aurreratuek erakusten diguten bezala, erabaki eskubidean oinarritu behar da, negoziazioak, hitzarmenak eta akordioak duintasunez egin ahal izateko.

Bakearen ibilbidea burutzeko garaia ere iritsi da 2016. urtearekin. Preso politikoen izaera ez da onargarria demokrazia heldu batean, onargarria ez den bezala giza berdintasuna ukatzen duen biktimen arteko ezberdintasuna. Onura penitentziario guztiak onartzeaz gainera, amnistiaren zentzu sakona aterabidearen oinarrietan dago, eta, aurrerapauso guztiek bezala, arlo honetakoek ere autokritika sakona eskatzen dute. Izan ere, onura penitentziariorik ospetsuena eta esanguratsuena askatasun probisionala da, eta hori onartu izan baldin bada, beti ezin liteke justifikatu hirugarren graduari edo holakoei muzin egin beharra.

Hego Euskal Herrian, bai Euskal Erkidego Autonomoan, bai Nafarroako Erkidego Foralean, azkeneko hauteskunde orokorrek Ezker Abertzaleari emandako astinduaren dardara ez da oraindik eten.

Geuregandik eta geure historiatik ez ezik beste herrietatik eta beste herrien gaizpentsu eta bizipenetatik ikasitakoak ere ildo argia markatzen du, eta zera da: esparru politiko anitzak eta zabalak izan behar dutela eredu eta egitura. Ezker Abertzaleak berreraketa edo errefundazioa behar du. Irizpide aurrerakoia dutenen erdiko edo zentroko ikuspegietatik hasita ezker muturreraino, barne demokraziaren adierazle amankomuna lotura delarik.

Benetako sozialdemokrazia gauza guztiz serioa den bitartean, iraultza kutsuko fraseologia umekeria izan daitekeela iradokitzen zuen Leninen idazlantxo ezagunak aspaldi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.