ARKUPEAN

Paradisuen zaharkitze programatua

Joxerra Garzia -

2016ko otsailak 27
Behinola, belarrak hizketan zekien garaian, artaldea hurreratzen ikusi orduko marmarrean hasten omen ziren gertueneko belar izpiak: «aurrerago eta goxoago, aurrerago eta goxoago, aurrerago eta goxoago...» xuxurlatzen zieten ardiei, hartara haiek aurrera jo zezaten, belar izpi ustez gozoagoren esperantzan, izpi marmartiak «bizirik» utzita.

Bartzelonan amaitu berri den Mobile World Congress delakoari buruzko albisteetan irakurri dudanez, 2025ean 100.000 milioi Internet konexio izango omen da munduan. Horietatik, 7.000 milioi «besterik ez» omen dira gizakien artekoak izango (gainerakoak, gizaki baten eta objektu baten artekoak, edota bi objekturen artekoak izango omen dira). Ez da gutxi, 7.000 milioi konexio: munduko biztanle bakoitzeko bana, ozta-ozta bada ere, eta horrek aukera emango luke gizaki bakoitza bere buruarekin konektatuta egon dadin. Tamalez, konexio kopuru hori ez da lortuko gizaki bakoitzak konexio bana izango duelako, baizik eta batzuek (betiko aberatsek) konexio asko eta beste batzuek (betikoago pobreek) batere konexiorik izango ez dutelako.

Batzuen konektatze erabateko horretara iristeko, ordea, orain baino Internet azkarragoa behar omen da. Zentzu bietan azkarragoa: indartsuagoa (aldi berean konexio eta gailu gehiagori eutsi ahal izango diona), eta lasterrago dabilena. Horixe da Bartzelonan bildu diren teknologiaren guruen zakur-ametsa, eta badu izen propioa ere: 5G Interneta. Bosgarren belaunaldiko Internet azkarrago hori gabe, ezin izango omen dira behar bezala garatu bizitzeko ustez nahitaezkoak diren zerak: Errealitate Birtuala, Googleren automobil autonomoak eta eskifaiarik gabeko hegaldiak, besteak beste.

Günther H. Oetingger Gizarte eta Ekonomia Digitalerako Europako komisario jaunarenak dira orain arte hemen jaso ditudan profezia baikor horiek, eta baditu jarraitzaile sutsuak. Europar Batasunak 2020. urterako nahi du 5Garen ametsa gauzatu. Koreak, berriz, 2018rako, Joko Olinpikoak egingo baitira orduan han.

Iritzi kritikorik ere izan da, ordea, eta ez teknologia berrietan ni bezalako ezjakina den norbaiten aldetik, edota Saramagorekin batera «sekula ez da malkoz e-mailik lardaskatuko» aldarrikatzen duten horietako batenetik ere. Aitzitik, Mark Zuckerberg Facebooken asmatzaileak ohartarazi du ustezko paradisu horrek arriskurik ere baduela.

Zuckerberg jaunaren arrazoiak ez dira sistemaren (etengabeko garapenaren) kontrakoak, haren iraupena bermatzearen aldekoak baizik: «Ezinezkoa da gure industria haztea, baldin eta aberatsek gainerakoena halako bi lasterragoko Internet konexioa baldin badute». Zuckerbergen iritziz, 5G kontu horrekin itsutu ordez, Internet munduko zoko eta bazter guztietara helarazteari eman beharko litzaioke lehentasuna.

Jai dago, ordea, mundu aberatsean inork ez baitio (ustezko) aurrerapenari galga jarri nahi. Orain 5Ga bezala, oraindik orain 4Ga zen guztizko panazea, eta haren aurretik 3a, eta lehenago 2a, eta horrela beti, Josemiel Barandiaran handiak bildutako ipuineko ardiak bezala, «aurrerago eta goxoago, aurrerago eta goxoago, aurrerago eta goxoago» dioskun marmarraren mezua xalo-xalo (edo inozo-inozo) irentsita gabiltza eta.

Belarra aspaldi mututu zenez, artaldearen jabeak dira orain belarri ertzera lelo hori behin eta berriz xuxurlatzen digutenak. Horrez gain, aurrerago joateko belardirik sekula falta ez dakigun, gero eta maizago eskaintzen digute sekula eztako paradisuren bat, ia estreinatu orduko zaharkitzen dena. Egingo nuke urte pare bat gabe hasiko zaizkigula 6G Internetarekin kalaka ematen.

Gauzak horrela, bi aukera ditugu. Bata, argi ibiltzea. Bestea, ardi ibiltzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna