mikel elorza
ARKUPEAN

Legearen enperadoreak

2016ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Gauza ederra da hogeita hamaika eskutik izatea. Eta hobea esku horretaz gain, kartak ere zureak izatea, eta mahaia eta etxea, eta erabaki ahal izatea nork jokatzen duen eta nork ez, eta, esku gorena, erabaki ahal izatea une jakin batean 31ri irabazi egiten diola 32k. Nik diodalako.

Kritika handiak jaso ditu Bruselaren asmoak, Grezian dauden errefuxiatuak —artean errefuxiatu ere ez direla, aterperik ematen ez badiegu, herenegun kazeta honetan Aranbarrik gogorarazi zigun bezala—, alegia migratzaileak —beste hitz zoragarri bat, niri hegaztiak gogorarazten dizkit—, hau da, iheslariak Turkiara bueltatu ahalko direla. Multzoka. Bestelako galdakizun administratiborik gabe (galdakizun etikoak aspaldi ito genituen Mediterraneoan, Atlantikoan eta munduan diren itsaso eta ibai guztietan). Turkiara itzuli behar ditu Europak pertsona hauek—haietako asko Turkiako Estatuak berak jazarriak Iraken, Kurdistanen...—. Turkia inoiz Europan sartzearen truke, oraingoz goazen errefuxiatuok Europatik ateratzera. Kartak gureak dira, mahaia ere bai, eta hogeita hamaika daukagu eskutik.

Baina nolaz Europa handi honetan ahots politikoki desafinatu eta alternatiboak badiren, eta taldeak, eta eskrupulu batzuk ere bai, giza eskubideak eta kontu horiek, bada Bruselari esan zaio —erabakia hartu duten agintariei, alegia—, hori Europak oinarri dituen lege eta itunen aurkakoa izan daitekeela. Legez kanpokoa, errefuxiatuak bueltan bidaltzea. Gatazka armatuei ihesi mugitzen direnak, horiek bai baitira errefuxiatuak.

Eta aterperik ez eman arren errefuxiatu behar duten hauek bai baitute eskubiderik, legeak aitortzen die behintzat, eta beraz arazo bat dago. Nola konpondu? 32 31ren gainetik jarrita. Brusela araua prestatzen ari omen da. Legea aldatu, eta kito, akabo arazoa. Errazagorik? Ez alferrik bizi gara «legearen inperioa» deritzona oinarri duen tokian. Eta beraz batzuk legearen enperadore dira —gu ez—, beste batzuk agindupeko —gu bai—, eta beste batzuei eskubiderik ez ematearren kategoriarik ere ez diegu ematen eta hor daude, azken asteetan Idomeni izeneko tokian, lehenago jada izena ahaztu dugun beste toki batzuetan, uretan itotzen edo harresietako txarrantxetan zauriak egiten. Beti mugan, heriotza eta bizitzaren arteko mugan (utzidazue demagogia erraza).

Guri, telebista eta Interneteko irudiekin lotsatuta, amorratuta, inoizka legeari intsumisoizatea gelditzen zaigu. Intsumisioa gogorrago zigortuko duen lege aldaketak eraginez, bide batez.

Legearen araberako hiritartasuna aldarrikatzen zuen aste honetan bertan Fernando Savaterrek, geografia, kultura, etnia eta halakoetatik libro. Eta ulertzen dut. Europako hiritarrak, Europako naziotasuna, legeak ez bestek emanda. Nazionalismo etnikoen —katalana, euskalduna— kontrakoa, zatitu beharrean batu, berdindu egiten duena. Europako hiritarrak, eskubidez denok berdina, berdin du jatorria, erlijioa, herria, hizkuntza, legeak hala aginduta. Zeren eta azken batean, legea indarrean sartzearekin batera arraza, sexu, erlijio eta hizkuntza diferentekoak garenok berdinak izango garen bezala, diskriminaziorik batere gabe, legea sartzearekin batera geldituko dira beste batzuk legetik at, arraza, erlijio, sexu eta hizkuntza diferentekoak, diskriminazio batere gabe. Denak legetik kanpo.

Eta, edonola ere, enperadoreek beti aldatu ahal izango dute araua. Prozedura eta berme demokratikoekin eta hori, badakit, orain bezala.

Herritarren gehiengo batek enperadoreen asmoen aurka egiten duela? Prozedura eta berme demokratikoekin? Beti izango da eskura lege nagusiagoren bat, konstituzioren bat, idatzi gabeko printzipio eta balio unibertsalen bat erabaki horren gainetik ezartzeko. Karta txarragoak izanagatik ere, beti daukate karta magna-ren bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.