Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Absurdoa

2016ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Zer pasatuko ote zitzaion burutik ETBren Nafarroako emisioa berehala eteteko agindua sinatu duen Espainiako Industria Ministerioko funtzionarioari? Jo dezagun bere bulegoan eserita dagoela, paper-saldoa duela mahaiaren gainean. Espediente horiztatuen artean, UPNko gobernu zaharrak (adiera guztiz zabalean) aurkeztu zuen salaketa du, zeinak Euskal Telebista Nafarroan ikusteko aukera bideratu izana legez kanpokotzat jotzeko eskatzen baitzuen, artez eta moldez, konpetentzia-inbasioa delakoan. Langile prestuak aztertuko zituen emandako argumentuak, kontsulta egingo zuen, eta bidezkotzat joko zituen, antza. Halatan, agiri ofizialaren azken orrian bere izenpea jarrita, espedientea itxi eta mahai gainean utziko zuen, bidaltzeko prest. Segundo horietan zer pasatuko zitzaion burutik? Bere ardura behar bezala betetzen ari zela edota denboraren gurpil zoroan mendebatzuk atzera egiten ari zela? Ohartuko zen absurdoa dela? Auskalo.

Telebista-eskaintza urritasunean hazitako belaunaldikoa naiz ni. Urrutiko aginterik gabeko antenadun tramankuluak egongelaren erdi-erdian kokatuta egoten ziren garaiko haurtzaroa da nirea. Espainiako telebista ofizialaren bi kateak ez ziren etxera heltzen ikusteko moduko kalitate minimoarekin, baina bizi ginen tokian Frantziako kateak eskuratzea ez zen zaila. Gogoan dut langar moduko batez estalita heltzen zirela Bidasoaren bestaldeko uhinak eta halaxe ikusten genituela albisteak, filmak eta erdizka baino ulertzen ez nituen marrazki bizidunak eta eztabaida-saioak. Horiexek maite nituen nik gehien, ulertzen zailagoak izanagatik agian, edota eskura izate hutsak eragiten zidan jakin-minarengatik. Edozein kasutan, gutxi iraun zuen begiak nekatu behar izate horrek: merkatuaren legeak autarkia telebisiboa apurtu zuen handik gutxira, eta laster ikasi nuen telebistak ematen ez zizkidan jakingarriak non eskura zitezkeen etxeko egongelatik kanpora.

Natorren atzera berriro geure funtzionarioarengana. Nafarroan euskarazko telebista-eskaintza jasotzea galarazten duen agindua sinatu eta bidali egin du, eta etxera doa eguneko lana amaituta. Telebista piztu du sartu orduko; baliteke aurreko egunean seme-alabek utzitako katean aurkitzea emisioa, urrutiko agintearen botoiak sakatzen hasi aurretik. Disney Channel topatuko zuen? Nickelodeon? MTV? Divinity? Bere gustuko telesaila jarriko du afaria prestatu bitartean, tarte batez berarentzat baitu telebista, seme-alabak beren logelako ordenagailuan gustuko youtuberrak ikusten ari direla aprobetxatuta. «Ongi da», pentsatuko du, «gutxienez ingelesa apur bat praktikatzeko balio izango die». Batere pentsatuko ote du euskarazko telebista-eskaintza eteteko sinatu berri duen aginduaz eta euskara apur bat praktikatzeko aukerarik gabe utziko lituzkeen haurrez? Auskalo.

Absurdo irrigarritzat joko genuke auzi hau guztia zein ondorio izan ditzakeen jakingo edo sumatuko ez bagenu. Besterik gabe, barre egingo genioke ateraldiari orain baino lehen horrelako beste asko jasan behar izan ez bagenitu. Zornaturiko zaurian piko egingo ez balu, ondorio praktikorik gabeko zerbait izango dela esatera ausartuko nintzateke, baina beranduegi da horretarako. Ikusi baitugu, orain baino lehen askotan, zein nekeza den behin eta berriro esperpentoarekin bizitzera ohitu behar izatera.

Historiak erakusten digu ezagutza eteteko, mugatzeko edo galarazteko ahalegin oro antzua izaten dela luzera begiratuz gero. Bide zuzenik ez dagoela ematen duenean, bidezidorrak irekitzen ditugula, ihesbideak erraztuz. Ez da oso urrutira joan behar horretaz jabetzeko, eta gurean adibide franko dago. Historiak erakusten digu hori, eta fisikak gogorarazten digu uhinek bere inguruko eremura hedatzeko berezko joera dutela. Gauza asko erakusten dizkigute historiak eta fisikak, maiz funtzionarioek beren espedienteetan ahaztu egiten dituztenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.