ARKUPEAN

Euskalduna izatearen latza

Mikel Elorza -

2016ko maiatzak 10
Arazo politikoa dela eta ez teknikoa ezta lege-kontua ere tontoenak ere badaki, ETB Nafarroan ikusi ahal izatearena. Alegia, behar ditugunak ez direla legelari edo soinu-ingeniariak, ezpada politika-ingeniariak. Neurri egokiak bultzatuko dituztenak Nafarroan ETB ikusi ahal dadin, inportantea baita dudarik gabe, baina batez ere estrategiak garatuko dituztenak hori posible egingo duten akordio eta neurriak behin-behinekoak izan ez daitezen, unean uneko gobernuaren menpe egongo ez direnak. Erabat posible ez da, gaur egun, hori ere kontziente izan beharko genuke. Marxista batek esango lukeen moduan, grouchomarxista batek, autonomi maila gorenenak lortu baititugu menpekotasun funtsezkoenean jarraitu ahal izateko. Estatu batek —edo formula parekide batek— ematen dituen tresnak eduki ezean, ezinezkoa izango da hainbat lege-morroilo haustea. Eta EAJren ezaugarrietan ez da nabarmendu, orain arte behintzat, hackerrak izatearena. Giltzak lortzera jo izan dute, pasahitzak eman diezazkietela. Eta beraz erabiltzaile autonomoak izan, bai, baina administrazio panelarekiko sarbidea oraindik Madrilek daukala. Eta hor sartzen dira sistema judiziala (Auzitegi Nazionala eta Auzitegi Konstituzionala), gatazka armatuaren ondorioz erabat hipertrofiatuta, eta Legebiltzarrean zilegitasuna hartzen duen ordenamendu juridikoa, hidra batek adina garro dituena: gobernu ordezkariak, Europarako zubiak, eskuduntza murrizketak...

Neurri eta erabaki erabatekoak iristen ez diren bitartean, batek bai baitaki iritsiko direnetz, bestelakoak ere baliatu beharko dira beraz, behin-behinekoak. Lanabesak garatuz Nafarroan euskarazko telebista egon dadin, ETB ez bada ere (agian irabazten aterako dira nafarrak, programazioari begiratuta telebistak euskaldunoi burla egiten digula sentipena daukagunon aldetik behintzat, derrigorrean Martzillako aitzur-jaurtiketa lehiaketa eta Faltzesko entzierroaren seigarren errepikapena prime-time-an ikusi behar izan gabe), eta euskarazko hezkuntza... eta erkidegoen arteko konfluentzia errealitatearen errespetuan oinarrituta, ez guk kolonialisten ikuspuntutik, anaia nagusi gisa, ez haiek erresumaren esentziatara joz nafar guztion komunio kosmiko bat bilatuz.

Nafarroan epaile batek bi eskolaren eredu aldaketa atzera bota izana, esaten ari garenaren erakusgarri da, bere txikian, eta ertz oso zehatz batetik helduta sistemaren erraiak erakusten dizkigu. Printzipio juridiko nagusia da epaitegien erabakiek ez dutela alarma sozialik eragiten. Ez horixe, esan genezake, atera daitezela kalera konprobatzera! Baina funtsean printzipioa baliozkoa da, horra makurrena, kontua ez baita egia edo gezurra den. Printzipioa izan bada eta sistemaren ardatz da. Horiek dira plazako neurriak, plazan jokatzeko derrigorrean onartu beharrekoak. Bestelakorik nahi duenak, plaza aldatu behar du. Eta plazari izenak aldatuta, q-ak k bihurtuta, ez da nahikoa. Plaza euskalduna izanda ere, plaza da eta bere neurriak ditu. Ia beti erdaldunaren berberak.

Aldaketarako, gainera, baikor naizenik ezin esan, Nafarroan aldaketa gauzatu zela, Ipar Euskal Herrian Elkargoa izango dela edo Londresen jatorri txiroko alkate musulmana dutela jakinda ere (musulman laikoa uste nik, eta ez ei da, lastima). Hauteskundeak Espainian PPk irabaziko ditu eta UPN izan daiteke Nafarroako alderdirik bozkatuena, eta EAJk botoak ez galtzeko edabea egiten dion druida kontratupean dauka, eta beraz batzuontzat nabarmena dena ez da itxuraz gainerako herritarrentzat hain nabarmena. Gizartearen oso aztertzaile on eta ironikoak garela, alegia, baina gehienak ez datozela gure azterketekin bat. Eta gainera, euskalduna alderik gogorrenari eutsi behar: telebistaren defentsa, Eurovisionen ikurrina ikus dadin aldarrikapena, orain udaberriko euskal festa guztien babesa...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna