Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Asistenteak

2016ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Bihar zer eguraldi egingo duen galdetu diot sakelako telefonoak berekin dakarren ahots-laguntzaileari, eta ez kezkatzeko esan dit, hondartzarakoa izango ez bada ere, udaberriko giro nahasitik gutxi eta uda-girotik gehiago izango duelako. Alabek boleiboleko hondartzako partida asteburuan dutela jarrita daukat sega-potoko egutegian, eta horretxegatik jakingo zuen ahots-asistenteak zertaz ari nintzaion. Arrazoi berberarengatik, bada, goizean etxetik abiatzen naizenean trafikoaren berri ematen dit, eta auto-pilaketarik dagoela jasotzen duenean, abisua jotzen du, lehenago irten nadin berandu ez ailegatzeko.

Fikzioa dirudite gaur egun usu diren hainbat eta hainbat aplikazio berrik eskaintzen dizkiguten zerbitzuek, eta itxura guztien arabera, ahots-laguntzaileen esparruan etortzeke dauden aldaketek aparteko eragina izango dute geure bizimoduan. Besteak beste, kapaz izango dira testuinguruaren arabera erantzun bat edo beste emateko ez ezik, eskura duten informazioa ere arakatu, datuak gurutzatu eta galdetu ez zaiona ere aurresateko, gomendioak eskaintzeko eta baita geure ordez zenbait erabaki hartzeko ere. Iraultza datorkigula diote adituek, eta ez da soilik teknologikoa, eguneko aztura txikietako asko hankaz gora jarriko baititu iraultza domestikoak. Adituek, ohi duten tonu handiosoz eta niretzat nahi nukeen segurtasunez diote, behin eta berriro, den-dena aldatzen ari dela, eta gero eta bizkorragoa izango dela aldaketa hori.

Dena? Gauza batzuk ez, zoritxarrez. Emakume ahotsa dute bizitza erraztea helburu duten aplikazio berri horiek guztiek, apurka-apurka sukalde zokoraino sartu zaizkigunak. Hori kasualitatea izango dela azaldu zidan joan den egunean arlo horretan diharduen adiskide programatzaile batek, eta nik aholkurik eskatu ez banion ere, berak gomendioa eman zidan: bizitzan gauzak ez dira muturrera eraman behar, esan zidan, ez behintzat konspirazio-modu bat iradoki lezakeen mailaraino. Gauzak normaltasunez hartzeko esan zidan, teknologiak ez baitu ideologiarik, ez politiko ezta sozialik ere, izatez teknologia neutroa baita, genero-markarik gabea. Ezaguna zait leloa. Arlo guztietako adituei galdetuta, nola teknologian hala beste esparruetariko edozeinetan, denek edo gehienek esango baitizute arlo horiek guztiak neutroak direla. Eta guztietan aholku bera emango dizute, beti baitaude gauzak apurka-apurka aldatu behar direla esango dizutenak, eskuarki gauza horiek daudenean daudela eroso sentitzen direnak.

Beraz, normala da adimen artifizialeko teknologia garatu eta merkatu-produktu bilakatu dutenek emakume-ahotsa aukeratzea laguntzera zuzendutako funtzioak eta zerbitzuak eskaintzeko? Ezetz esango nuke, ez dela normala, normari bete-betean lotzen bazaio ere. Ez da normala, normaltasunik ezaren gainean eraikita dagoen arren: asistentziarekin zerikusia duten funtzioak errazago barneratzen ditugu feminizatuta eskaintzen baditugu. Berrikuntza gutxi, bada, den-dena berritu behar omen duen esparruan, enegarrenez.

Eta hori ez da huskeria bat, ez da anekdota hutsa. Emakumeak ez badira kontuan hartzen, nolako produktu eta zerbitzuak izango ditugu aurrerantzean? Autoetako segurtasun-uhalak bezalakoak agian, sekula emakume batek auto bat gidatuko zuenik imajinatu ere egin ez zuen diseinatzaile-talde batek sortua. Edo Apple etxe famatuaren osasun-zerbitzua bezalakoa, atzera bota behar izan zutena erabiltzaile arrunten osasun-parametro guztiak aintzat hartzen zituela iragarri arren hilerokoarekin lotutakoak txertatzea ahaztu egin zitzaielako.

Ez, gauza batzuk ez dira batere aldatzen ari, edo oso gutxi, eta oso motel. Bi mende bete dira Ada Lovelace jaio zela; kosta izan bazaio ere, Historiako liburuetara iristea lortu du ezagutzen den lehen programatzailea izan zelako, nahiz eta testuliburuetan behin eta berriro irakurriko duzuen «lehen emakume programatzailea» izan zela. Duela bi mende bezain arraroa eta arrotza da gaur egun «lehena» eta «emakume» izate horiek esaldi berean, eta azalpentxoren bat gehitu behar izaten zaio beti, sinesgaitza gerta ez dakigun.

Bihar zer aro izango den eztiki esatea bada balizko iraultzak gorde digun tokia, jai dugu (gizon nahiz emakumeok).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.