mikel elorza
ARKUPEAN

Sarearen erdigunea

2016ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Mamu bat dabil Europan zehar. Milaka errefuxiatu dabiltza nora ezean, mamu deslaien gisara, baina dabilen Mamua, larria, bat da: Erresuma Batuak Europa Banatuaren alde egingo ote duen. Brexit delakoa, alegia.

Alde batekoek identitatea omen dute ikur nagusi, joan nahi dutenek alegia, joan nahi duten guztiek izaten dutena. Ingelesek euren burua Europatik at nahi dute —non praktikan beti egon diren, irlak emandako bakartzea medio—, baina eskoziar eta gainerakoak eurekin nahi dituzte. Asunto konplikatua bilakatzen baita identitatearen kontuhau.

Europako Batasunean jarraitu nahi dutenek ezin dute, Europaren identitatearen kartak ez baitu balio jokoa edukitzeko, izardun bandera urdinak jendeari kantu-lehiaketa baitakarkio gogora, eta ez haien burua identifikatzeko ezer. Pentsa, futbol selekziorik ere ez du Europako Batasunak! Hortaz, bat eta handiaren aldekoek —ingelesak eurak Eskoziako erreferendumean edo Ipar Irlandan— ekonomiaren jokoa baliatu dute. Porrota dakarrela hanka egiteak, krisia... Alegia, beldurraren mezua. Katalanek badakite zerbait horretaz.

Ez diot inolako sinesgarritasunik ematen diskurtso horri, ez-ezagutzaren atrebentziatik esaten badut ere. Europako Batasunetik irteteak ekarriko duen krisi eta porrot izugarria, ekonomikoa eta beraz bizimodukoa —bizimoduaren alderdi materiala—, ez dakit nik zinez hainbestekoa den. Finantza eta ekonomi eta merkatu harreman-sare horren desegitea denen kalterako den ez dakit, sare horren irabazi eta beraz erabaki-guneetan daudenentzat bai seguru. Greziako dirua kobratu gabe geldituko zirenak, Londresko City-rako sarbide zuzena galduko dutenak. Horientzat, izatekotan. Eta horiek ez gara gu. Azkenean pagatu guk egingo dugula? Bai. Thomas Piketty irakurri gabe ere ohartuak gara batasun ekonomikoarekin irabazi eta onura handiak batzuenak direla, lokalizatuak, eta galera eta krisiak izaten direla globalizatuak. Eta zuloak amildegi joera duela. Azken hamarkadetan Europako batasunaren mugetan bizi den oparoaldia ez dut ukatuko, jakina. Nola ukatu, horren albo-kalte ideologikoak ordaintzen ari bagara? Hain zuzen ere, pentsatzen dugun bezala bizitzetik bizigaren bezala pentsatzera pasatu gara, iraultzak eta erreboltakbihotzean eramatetik petxuan eramatera, kamisetan marraztuta.

Oparoaldia ukatu gabe ere, beraz, jarraitzen dut pentsatzen gezurra gezurrari dabiltzala sarearen guneetan mantentzeko besteok konbentzitu nahi gaituztenok. Besteok izanik sare hori ehuntzeko izerditzen direnak eta maiz bertan itsatsita gelditzen direnak. Zalaparta ateraz hegoekin, bai, baina askatu gabe, irentsiak izan zain.

Inor etor dakidake esanez sarea hain zuzen dela egitura bat erdigunerik ez daukana, korapilo guztiak izan daitezkeela erdigune... Zientzia alorretik hola izango da akaso, baina ni, letretakoa (badakizue, «etorkizunik» ez eta fama eskasa duten literatura, filosofia, historia eta horietakoa), konbentzituta nago sareek badutela erdigunea. Non? Irabazieta erabakitzen dutenak bizi diren tokian. Sareetan erebatzuk euli dira eta besteak marasma.

Ez dezadala kontaketaren haria gal, dena den. Oparoaldia bizi izan dugula badakit (batzuek askozaz oparoagoa), baina ezin onartuzkoa da antolamendu modu bakarra hau denik, ez eta onena ere. Eta gauza segurua: Europaren Batasunaren defentsa sutsua egiten dutenak haien alde ari dira, eliteen alde.

Aurrekoa esanda, eman dezake Brexit-aren aldekoa naizela. Eta hala naiz, edo ez, ez dakit, berdin zait... Britainiarrekiko txera berezirik ez dut, baina besteak ere... Europarkidetasuna ez da nigan sustraiak erraz botako dituen sentimendua.

Irlakoek futbola asmatu zuten, bai, hala da, baina hori ez dakit, gaur egun, meritua den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.