garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Betiko gaietatik ihesi

2016ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Alderrai neraman hil osoa, informatiboki nora ezean, ohiko hedabideetan barrena egin ohi dudan itzuli presatuan kokoteraino naukaten kontuak besterik ageri ez zitzaizkidalako, denak hortxe, betikotuta, hautatutako medioa edozein zelarik ere. Izan irratia, telebista, berripapera edo internet, denak berdintsu begitantzen zitzaizkidan: Clinton gezurtia dela, eta Trump aberats ahobero zakila prestua, eta Rajoy kasik enperadore, eta gogoak ematen dion guztia egingo duela, eta alderdikeriaren gainetik alderdikeria, eta poliziak lehengo lepotik burua, eta tar-tar-tar. Giltzapean dagoenak bezala ihesi nahian, baina era berean eguneroko albiste-dosiari uko egin ezin, on-line aldizkari niretzat berrietan hasi nintzen jauzika eta lardaskan, irakurriz gogaitu behar izan gabe, ekarpenik egingo zidan notiziaren bila.

Hala, iturri harrigarrienei amua jarria nielako beharbada, Marseilla aldeko tipo batek pairatzen duen sindromearen berri jakin nuen estreinakoz, eta ondorioz, nire inoizko amesgaiztorik ilunenetako bat, terrorezko filmen bat errodatzeko inspirazioa piztu lezakeena, errealki mamitu daitekeela konturatu nintzen, kasu oso bakan batzuk besterik ezagutzen ez diren arren. Dispraxia diagonistikoa deitzen zaio sindromeari. Imajina itzazue zuen besoak elkarrekin borrokan, batek gauza bat nahi eta besteak hain zuzen kontrakoa, eta zuek ezin bakea egin. Imajina ezazue Marseilla aldeko tipo hura okindegian. Esku batez gustuko barra hartzen duela saskitik, gogoz eta begiz joa duena, eta beste eskuak, ogi barra zakar kendu eta saskira itzultzen duela. Batek hartu eta besteak utzi, behin eta berriz. Eta ezin ekidin. Lehentxeago, antzeko zerbait gertatu zaio soinean daramatzan prakak direla-eta. Hark erantzi egin nahi, baina alien eskuari, askotan bere kasa baina batez ere beti jabearen aurka diharduen horri, gogoak ematen ez. Imajina ezazue sindrome horrek mendean hartutako beste tipo bat, egarriak jota, sukaldeko iturria ireki eta edaten saiatzen dela, eta esku batek edalontzia betetzen duen orduko, beste eskuak harrapatu, kendu eta harraskan husten duela bere begien aurrean, eta ez duela kontrolatzea lortzen.

Are latzagoa, imajina ezazue tipo bera, 45 urteko gizasemea, autoan, kurba ezkerrera hartu nahian, eta esku eskuinak bere agindua betetzeko ahalak egiten dituen arren, ezkerrak, temati, eragotzi egiten diola indarrez. Ez diola inondik inora egin beharrekoa egiten uzten, eta azkenean kurba hartzerik ez. Imajina ezazue beste behin, berriz ere autoan, oina egoskortu zitzaiola eskuaren ordez, eta balazta sakatu behar zuen unean, azeleragailuari eman ziola besteak, barru-barruraino sakatu ere...

...Ezin larriagoa ondoriozta zitekeen arren, onik irten zuen autotik. Dozenaka proba eta azterketa egin ostean, okerra garuneko bi hemisferioen arteko loturan zetzala argitu zioten sendagileek; epilepsia kasu askotan bezala, burmuineko konexioek ez ziotela behar bezala lan egiten. Ez alienik, ez sorginkeriarik, ez eromen totalik. Akats fisikoa, beraz.

Dispraxia diagonistikoa. Ez dakit sindromea, salbuespenez sortzen den nolakotasuna ala gizakiaren bereizgarri intrintsekoa ote den, baina askotan etortzen zait gogora. Haren aztarnak ikusten ditut nire baitan, auzokideen jardunean, edo alderdi politiko, estatu eta gobernuekiko jokaeran eta ekintzetan: hemisferioak konektatzeko ezina, kontraesanak baketzeko ahalmen falta, gauza bat sinetsi eta kontrakoa praktikatu, helburu bat lortu nahi eta une berean hura zapuzteko bideari ekin.... Hain da errepikakorra moldea, hain da alienagarria, akats fisikoa izan behar duela. Edo eboluzioaren albo kaltea. Ezinbestean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.