mikel elorza
ARKUPEAN

Leihatilaren iraunkortasunaz

2017ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Herritarren eta Administrazioaren artean distantzia egon ohi da, leihatila batekoa batez beste. Leihatilak forma eta kolore desberdinak izan ditzake, baina neurria hori da. Iduri luke hutsa dela, baina izugarria da. 15 edo 30 zentimetroek ematen dutena baino askoz luzeagoa. Metro mordo batekoa, zeinak, inork kontrolatzen ez dituen bihurgailuen bitartez, bihurtzen diren amorru, desesperazio, tripako min eta hona ekarri nahi ez ditudan bestelako sentimendu erabat itsusiak, isilduko ditudanak indarkeria sustatu nahian nabilela inork esan baino lehen.

Halakoa da leihatila, txikian oso handi, distantzia unibertsalaren sinbolo. Eskola edo auzi-geletako koxka bezala. Irakaslea garai batean, eta epaile jaun-andereak gaur egun (eta baita abokatuak ere, herritarraren defendatzaile izan arren), oholtzatxo batean jartzen dira, ikasleak edo epaigaiak baino goraxeago, eta koxka hori neur dakizkiokeen 15 edo 30 zentimetroak baino askozaz luzeagoa da. Metroak eduki litzake, zeinak bihur daitezkeen, bihurtzen diren amorru, desesperazio eta sentimendu aitorrezin horiek.

Neomundu digital honetan, sotilagoa da orain leihatila. Mostradorea telefonogune bihurtu da, erantzungailu automatiko, hizketan egiten duen tramankulua. Edo, lurtarragoa, arreta-zerbitzu bakar zentralizatu bat. Zeina den une honetan modurik eraginkorrena herritarra ez atenditzeko. Zure aferaz ez, eremu horretaz arduratzen denarekin, ez nagusia noski, langilearekin ere jada ezin duzu hitz egin zuzenean, izen hori izanagatik ere dena baita zeharka, eta hainbati azaldu behar diozu zure arazoa, zure eskakizuna, atzera ere galdera berberak eta NA zenbakia ere berriro eskatuko dizun lankidearengana bideratu aurretik. Leihatila birtuala asmakizun ikaragarria da: ez du inora ematen!

Ez da, baina, hartzen gaituzten langileen afera. Haiek ondo hartu ohi zaituzte (ia denek) eta ahalegintzen dira kasu egin eta eskatutakoa betetzen, arazoa konponbidean jartzen edo gutxienez zuzen bideratzen, baita edukazioaren mugetatik gora maiz, herritarrak tonuz kanpo harrerakoari entzunarazi nahi dizkionean erantzungailu automatikoekiko erretolika guztiak. Ez da langileena arazoa, ez funtzionarioena. Ez baita arazoa, Administrazioarentzat: antolamendua baizik.

Mugetan, errefuxiatuei laguntze aldera gotortzen ditugun muga horiexetan, lodiagoak izaten dira harresiak, hesiak, txarrantxak izaten dituzte, hormigoi gogorra, burdina eta armadun guardiak. Baina horiek gaindi daitezke, lanjer latzak hartuta noski, zaurituta edo hila gertatzeko arriskuz, eta gero eta gutxiago zoritxarrez, baina iragankorrak dira.

Leihatilak ez.

Horregatik harresi eta hesiak indartzeaz gain, legegile eta agintariak jartzen ditugu lanean, hesiak gaindi ditzaketen gutxi horiek gerarazteko, eta lege, arau, xedapen eta dekretuak egiten dituzte, guztiek ere forma unibertsal bakarra hartzen dutena: leihatila.

Eta gero, leihatila-piramidearen gailurrean, besoak gora Pasang Temba bailitzan, hautetsia dago. Herritarrengandik hurbil egotea hitzetik hortzera darabilena, arrangura nagusia hori duena, baina... zure desadostasun eta urruntasuna agertzen diozunean,bere jardunarekiko, esaten duena, Donostia 2016ri buruz bezala, herritarrak ez dutela ulertu, kontua dela agintariek ez dutela behar bezala komunikatu.

Alegia, telefonoa belarrian inorengandik inorengana zaudenean jartzen dizuten musika ezin gorrotagarriago hori.

Leihatila gorenak.

Ahulak dirudite, hauskorrak. Baina ez. Kristala apurtu zenezake, mahaia suntsitu, hankak ken diezazkiokezu, gontzetarik atera, telefonoa txikitu, kableak bihurritu, ordenagailua masakratu... baina leihatilak iraungo du zutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.