Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Kulturaren egitekoa

2017ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Goizaldeko ordu txikiek eta taberna ilun bateko barra ertzak eskaintzen diguten babes amniotikoan begietara begira daukat lagun bat, konplizitate begirasun nabarmenaz, hau da, niniak nigan iltzatuta baina soa, egiaz, bere baitara bilduta. Badakit aitortza intimo bat egitera doakidala, eta gauean zeharreko garagardo ugariek halakoen harrera onera hurreratuta naukaten arren, hala ere, jendeki posmodernoongan konpromiso susmoak eragiten duen espantuak zeharkatu nau une batez. Eztarriko lakarra garbitu du lagunak konfesioari ekin aurretik, eta ahots iluminatuz iragarri dit: «Urteak dira gure kultur sorkuntzako inongo proposamenek ez didala barrua astindu, ezer berririk ekarri». Penatik haratago dio, etsipenez.

Horrenbestez, kontsolatzailearen rol antagonistara behartua ikusi dut neure burua, eta zerrendatuko dizkiot hainbat sormen lan, diziplina askotakoak eta, batez ere, diziplina arteko eta euscool garaietakoak, azpimarratzeko oso gauza ederren hartzaile eta lekuko izan garela; are, behin baino gehiagotan elkarrekin gozatu ditugula, barru-barrutik hunkitzeraino.

Baietz diost lagunak, hori egia dela. Baina ez dela horretaz ari. Hunkidura, bere horretan, bizipen intentso eta ederra izan arren, ez dela eragiten konplikatua: aski dela parean daukazun kolektiboaren zentzu komun eta leku komunen arteko giltzadurak non dauden detektatzea, eta atzamar bizkorraz haiek kilikatzea. Sofistikazioak gorabehera hori dela prozedura. Adibidea jarri dit: berari oraindik begiak malkoz betetzen zaizkiola Espainiako eta, horrenbestez, Hego Euskal Herriko, telebistetan Eguberri atari bakoitzean El Almendro turroi iragarkiaren melodia maiztua aditzean. Alegia, Pavloven txakurra bezala dela: «vuelveeeee, a casa vueelve» aditzen hasi orduko sentitzen duela zimikoa bihotzean. Muzina irakurri dit nonbait muturkeran, segituan zehaztu baitu hori baino hunkidura fin eta interesgarriagoak direla nik zerrendatutako liburu, disko, bertso, antzezlan, kontzertu, film eta gainerakoek eragindakoak.

Baina kontzesio txikiaren ostean berarekin segitu du temati: horiek guztiak ederrak eta gozagarriak izan zaizkion arren, ezerk ez diola barrua egiaz astindu, egiaz ezer berririk ekarri. Laburbilduz, ezerk ez diola dagoen lekutik mugitzeko adina deserosotasunik sortu. Baieztapen horrek antagonista kontsolatzailetik antagonista zirikatzailearena jokatzera eraman nau. Algaraka hartu dut, horrek arrazoi sinple bezain krudela duela esanez... zahartzen ari garela... hots, ez zaigula askorik falta bizkar gainean mende erdiko motxila zamatzeko, eta dagoeneko hasiak garela amona kipoletaren iragan denboren mirako errosario-mantrekin. Erantsi diot, bizi prozesuaren parte dela gero eta zailago izatea lilura berriak sortzea.

Berean segitu du, ordea, egoskor. Pentsatzeko esan dit, esaterako, 60ko urteetako Euskal Pizkundeak ekarritako kultur mugimendu guztia, Ez Dok Amairu eta enparauak, zer izan ziren gure gurasoentzat. Nolako eragina izan zuten hainbeste jenderen bizi praktika funtsezkoenetan. «Bizitza aldaketa kolektiborako indar izan ziren», azpimarratu. Edota, hein batean, 80ko azkenetako punk bolada palanka izan zela bizi praktika kolektibo berriak sortzeko. «Ordutik, ordea…», jo du lantua. Antagonista zitalaren lekura eraman nau azken horrek. Erantzun diot 90eko urteetatik aurrerako kultur proposamenek ez ote gaituzten misio kolektiboaren zamatik libratu, norberetasunari ahotsa eman... are, askotan tankera totalitarioa zuen giroa ez ote duen zulatu, ez ote gaituen oxigenatu, arnasberritu... kontraesanak geure egiten ez ote diguten ikasarazi, ez ote gaituzten hauskorrago, beraz, askeago, beraz, humanoago egin.

Begirada lausotu zaio lagunari. Baiezko moduko bat marraztu duburuarekin. Tragoa jo dio garagardo botilari. Eztarriko lakarra garbitu du berriro, eta esan dit gu han gauden bitartean milaka errefuxiatu eta migrante hotzez hiltzen ari direla opor leku izaten ditugun lekuetatik hurbil. Faxismo berriak maskara eranzten ari direla. Bere bizilagunen etxean, guraso erretiratuak eta 40 urteren bueltako alaba eta seme enplegu gabeak bizi direla 40 metro koadro kontzentratu, etsi eta, horrenbestez, liskarrez betetakotan. Edota, kuadrillakoak dituela bizkartzainarekin ibilitako zinegotzi ohia eta arrebarengana kartzelara bisitan milaka kilometro egiten dituen irakaslea. Ez al den garaia, horrenbestez, kultur narrazio nagusietan saihetsezintzat jotzen ditugun gose, pobrezia, desparekotasun, menperatze eta indarkerien zaldi eroei giderretatik heldu, sorkuntzaren bidez desnaturalizatu eta bizi praktikak aldaraziko dizkiguten kontakizun kolektibizitzaile berriak sortzekoa. Frakasoaren beldurra erantzi, eta ausart eta irudimentsu izatekoa. Ez al den hori kulturaren egitekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.