Albistea entzun

ARKUPEAN

Umorea eta bertutea

Idurre Eskisabel -

2017ko martxoak 11

Zenbat ez ote den idatzi egunotan Euskalduna naiz, eta zu? telebista saioak piztutako ika-mikaz eta haren ildotik Miren Gaztañaga aktoreak jasandako lintxamenduaz. Zenbat lerro Bidasoaz hegorako erredakzioetako pantailetan; zenbat hitz agintari eta politikarien komunikazio bulegoetan; zenbat salaketa mezu, elkartasun adierazpen, atsegite eta meme sare sozialetan... Izan ere, umorea ez da txantxa, eta are eta gutxiago da inuzentea.

Azken batean, gertakari bakan horretan gure korapilo zailenen hari muturrak katramilatzen dira: muinean herri izate nahi desberdin, eta, gainera, konfrontatuen auzitik sortzen direnak, hala nola identitateen eraikuntzarako errelato eta iruditerien arteko lehia eta talka. Uxoa Anduaga soziologoak maistraki azaldu du egunotan berripaper honetan umoreak boterearekin duen harreman estua; are, umorea eskuarki erresistentziarekin eta kontra egitearekin lotzen bada ere, egiaz, gehienetan, boterearen aldeko tresna izaten dela.

Nolanahi ere, gauza batek eman dit bereziki atentzioa: egunotan idatzi eta esan diren milaka hitz, esaldi eta mezu horietan: ez dudala bat bera ere harrapatu esaten duenik Euskalduna naiz, eta zu? saio horretatik jasotakoekin barre egin duela. Aitzitik, Miren Gaztañaga eta kideei babesik estuena agertu eta, are, zalaparta horren oinarrian Espainiako Estatuaren larderia dagoela salatu dutenen mezuetan ere, irakurri ditudanetan, beti bazen desmarkatze ariketa bat. Hau da, izan elkartasun zein salaketa mezu, hori formulatzera iritsi baino lehen behin eta berriro errepikatu den esaldi moldea izan da aurretik paratzea saioaren edukia ez dela mezu egilearen gustukoa. Ez diola saioari grazia zipitzik topatu.

Eta, zer nahi duzue, esatea... bada, bakar xamar sentitu naizela... Izan ere, aitortuko dut: istilua abiatu eta Youtuben talde oso interesatu batek jarritako hamar minutuko entresaka erabat interesatu hori ikustean barre egin nuen... Hori bai, karkailarik gabe eta esku ahurrarekin ahoa estaliz; hau da, erdi lotsaz eta erruduntasun zantzuekin. Drogarik gabeko mozkorralditxo intimo baten antzeko zerbait izan zen, parrandakoan, ordu txikitan, norbaitek edo zerbaitek zirrikitu bat zabaldu eta ugazaba edota lankide ukiezinaren pentzura astakeriak esaten hasten garenean bezala. Eta esango nuke, saioan Espainiaren gaineko estereotipoak ardatz hartuta solastatu ziren aktore, kantari, telebista aurkezle eta gainerakoak, aldarte berean sumatu nituela. Ez da dotorea, ez da eraikitzailea —kasu zehatzera etorrita, ziur aski, ez da telebista publiko batek emateko edukia—, baina, izan liteke askatzailea. Eta, batik bat, gertatu egiten da.

Pentsa eta pentsa nabil egunotan, ulertu nahian nire barreen nondik norakoa, eta, era berean, ulertu nahian telebista saioan egineko txisteen graziaren ukatze publiko erabatekoa —(auto)zentsurarik izan ote da hor?—. Ez naiz ondorio argietara iritsi oraindik, baina aurkitu ditut bi hari mutur: bat, Fermin Etxegoien kazetari eta idazleak zalaparta piztu duen saioan bertan esaten duena, hots, Espainia trauma dela. Ados nago, uste dut hala dela oraindik jendarte honetako herritar askorentzat: saioko kideen artean sumatutako mozkorralditxo giroa horren zantzu bat delakoan nago. Eta, diotenez, trauma handitu besterik ez da egiten ez ikusiarena eginda.

Beste hari muturra, Miren Llona historialariari noizbait irakurritakoaren haritik: iragan mende hasmentetan, Bilbo Handiko klase ertainak Meatzaldeko langile klasea estigmatizatzeko hango emakumeak «galdu eta moralik gabeko» erretratatu izanaz ari dela, esaten du meatzari haiek beren buruan sendotzeko baliatu zuten estrategia izan zela emakume indartsu, langile, kontziente eta arduratsuaren iruditeria eratzea. Hau da, feminitate burgesaren iruditeriakoa baino emakume eredu bertutetsuagoa eratzea. Nago antzeko mekanismoz jokatu dugula auzi honetan geure burua menderatuen bandoan ikusi dugunok: 8 apellidos eta enparauetan ikusitako itsuskeria bera atzemane ez ezik, hura erabiltzea ere arbuiatuz. Umore hegemonikoaren gainetik egoteko bulkadaz, bertutetsuago eta aratzago izateko premiaz.

Gerta dadila onerako... Adibidez, errelatoen eta iruditerien lehia euskaldunak vs espainiarrak ardatzetik gune eraikitzaileagoetara mugitzeko. Gertatuko ote da noranzko bietan...

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arrosarioa
 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - BERRIA Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz BERRIA Taldeak egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez

Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea.

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.