Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Udaberriko ipuin bat

2017ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Urrats lasterrean goaz alaba eta biok ikastolara, egunero bezala: nire ezker eskuarekin bere eskuina oratuta, pauso erdi bat aurretik ni, tenkadatxo ia atzemanezinez atoan daramadala. «Beinga, beinga! Goazen, goazen! Presa, presa!», horra kaskezurrean zurrunbiloan agortezinean darabiltzadan ideia, mezu eta estimuluen murritza. Horra buru-sorbaldak aurrerantz makurtzera, goputz osoa aurreranzko ihesean zurruntzera, eta, horrenbestez, lepoko kontraktura kronifikatzera naraman mekanismo ohartu arren oharkabekoa. Pavloven zakurren pentsamenduen ibilbidea, dudarik gabe, nirea baino sofistikatuagoa da.

Eta, hara, bat-batean, alaba gelditu egin da. Gorantz begira paratu da, okotza eta bularraldea altxatuta, besoak zabalik, itsasontziaren brankan, haize kontra, askatasunaren irudikapen den heroiaren pare. Begiak itxi, arnasa hartu, eta «udaberria da!», aldarrikatu du. Algara batean hautsi naiz; bakar batean, ordea, barne «beinga, beinga! Goazen, goazen! Presa, presa!» isilezinak atoalari rolean jarri bainau berriro bigarrenerako. Hala ere, ezin izan diot alabaren udaberritzea errealitate hotzarekin negutzeko tentazioari eutsi. Arrazoia jabetu da nire mintzoaz, eta esan diot baietz, egutegiz, udalehenean sartuak garela, baina udaberritik gutxi duela egunak: begiratzeko, bestela, pasa berri dugun termometroari (7 gradu ozta-ozta) edo erreparatzeko txamarra umeltzen ari zaigun langarrari.

Alaba gelditu egin da berriz. Seko. Kopeta zimurtuta. Gogaitu plantan esan dit, urak busti egiten duela esplikatzeak sor dezakeen asperdura beraz: «Udaberria da, ama! Udaberri usaina dago!». Okotza eta bularra altxatu ditu berriro, besoak zabaldu, begiak itxi eta arnasa sakon hartu: «Usaindu, udaberria da!». Oraingoan, algara batean ez, baizik eta arnasa sakon batean hautsi naiz, sudurzuloetatik gora kaskezurreko zoko gordeenetaraino heldu zaidan sentipen ufadan. Oroitzapenek alabaren adin ingurura garraiatu naute, usainek, soinuek, argiek, itzalek, mugimenduek, denborak, gertakariek eta izakiok beste forma zein esanahi batzuk genituen arora. Eta, bai, egia da, udaberri lurrina dago, indartsua, nabarmena. Funtsean, lur usaina da, orbel zaharminduak, milaka izakiren gorpu ustelduek, izotzetatik epelerako igarotzeak, hezetasunak, ernetzen hasitako haziek eta esnatzen hasitako zomorroek gozatutako lurraren lurrina.

Zerbait gertatu da nire kaskezurrean, «beinga, beinga! Goazen, goazen! Presa, presa!»-ka zebilkidan barne oihularia isildu egin baita. Eskutik heldu diot berriro alabari, baina lehen baino askoz ere leunago. Ibilian hasi gara, baina lehen baino askoz ere geldoago. Parke parera iritsi gara, egunero bezala, baina gaur, barrura egin dugu. Sanjose loreak seinalatu dizkiot alabari, huntzari begira egon gara, txiribitei, bazter bateko lilipa sortari. Makurtu eta lurra ukitu dut, hezetasuna sentitzeko eta azazkalak zikintzeko beldurrik gabe. Esku ahurretan mordoxka bat bildu, eta usaindu egin dut. Gero alabari eman diot usaintzeko. «Udaberria da!», esan diot.

Aitona zenak behin eta berriz adierazi zigun azken borondatea etorri zait akordura: lur hutsean ehortzia izatea, errauste erlatibizatzaileetatik bezala harrizko hobi arrasto lagatzaileetatik ihesi. Lehenago agindu katoliko estuari egozten nion borondateari esanahi berria aurkitu diot orain, bizitzarekin bat egiteko bulkada sumatu baitut aitonaren lur premia horretan: udaberritzekoa eta, atzera, negutzekoa. Garen huts eta guzti horretan (l)urtzekoa.

Pentsatu dut egunero lurra arretaz usainduko bagenu ezabatu egingo genituela jabetzak eta mendekotasunak, gauzenakbezala izakienak.

Berandu iritsi gara ikastolara, baina berdin izan zaigu. Udaberria da. Langar hotzetan. Gaurkoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.