Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Olentzero eta utopia

2017ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Harridura eta dezepzioaren arteko eremu lohitsuan sentitzen da A. Izan ere, oso bestela irudikatzen zuen bizi berri duen unea, alabari Olentzero gezur handi bat dela argitzekoa —eta, horrenbestez, Mari Domingi, Bizarzuri, Errege magoak, Perez Sagutxoa eta egungo kosmogonia magikoaren gainerako izaki zein gertakariak braustada bakarrean eraistekoa—. Negarra espero zuen, barne min handietako negar isil eta sakona. Eta erresistentzia. Esate baterako, alabak eskuez belarriak irmo estaltzea berak botatako sententzia ez aditzeko: «Sentitzen dut, bihotza, baina Olentzero gurasoak gara». Edo, gutxienez, begiak ixtea. Eta lasaitzea lortu bitarteko besarkada-borroka luze bat: alabaren gorputza berearen kontra, haren amorru eztandatxoak bere bularrean, lokartu ezin luze bat, bere besoen babesaz baretzea lortu arte.

Oso bestela joan da kontua, ordea. Lokartu aurreko musua ematera hurbildu zaionean alabak berak galdetu dio, serio baina lasai: «Olentzerorena gezurra da, ezta? Ez da existitzen...». Totelka samar zerbait esaten abiatu denerako alabak eten dio jarduna: faborez, esateko egia. Ondorioz, buru eta begi keinuekin alabaren susmoa baieztatzea beste aukerarik ez du izan. «Pentsatzen nuen», esan du neskatoak, musua ohiko intentsitate beraz eman, eta horma aldera jiratu da, gauero bezala lotarako prest. A-ri, ordea, sinesgaitza egin zaio alabaren patxada, barrua bor-borka duelakoan dago, eta itaunketa hasi du: triste al dagoen, minduta, haserre, amorratuta, zer sentitzen duen, esateko lasai, ez gordetzeko barrura, berak primeran ulertuko duela. Alabak berriro sosegua: orain, lasai sentitzen dela, zalantza uxatuta. Eta, gainera, Olentzero ez dela desagertu, baizik eta gurasoek eta urteotan olentzerorenak egin dizkioten aitona-amona, osaba-izeba eta beste senide eta lagunen maitasuna izango duela aurrerantzean Olentzero. Musua emateko aurpegia hurbildu dio berriro, eta, ondoren, berriz jiratu da, horma aldera, lotarako prest.

A, ordea, artega geratu da, ohean luze etzan arren lokartu ezinik. Batezere, artega sentiarazten du alaba ume izatetik uste baino urrunago dagoela ohartzeak. Edo, zehatzago, ume izatea berak kokatzen duen leku inozotik urrun dagoela konturatzeak; xaloa eta leloa ez direla gauza bera jabetzeak.

Azken batean, artega sentiarazten du hemendik aurrera gero eta gehiago eta gero eta sakonago izango diren susmo deseraikitzaileak bata bestearen atzetik eraitsi ondoren alabari mundua ulergarri, bizigarri eta bere baitako egiteko tresnak emateko gai ez izateko aukerak. Alabari kontatu behar izateak albistegietan agertzen diren gerra eta hondamendiak ez daudela «han urruti-urruti» eta denbora zehazgabe batean, baizik eta opor lekuak bezain hurbil, espazioan zein denboran. Edota bera bezala lekuan lekuko Olentzeroei buruzko barne gogoetetan ibiltzen direla Mediterraneoak irensten dituen haur migrariak. Edo irratian entzuten dituen emakume eta haur jipoitze eta abusatzeak alboko herri, auzo eta atarietan gertatzen direla. Artega sentiarazten du pentsatzeak esan beharko diola bizikidetzarako arau direla sinetsarazi dioten partekatzea eta elkartasuna ez direla mundua antolatzeko ardatz. Aitzitik, botere lehia anker eta zapalketa joko sofistikatuak direla iparrorratzak.

Eta bereziki artega jartzen du hori guztia suntsitzean Olentzero berri bat eskaintzeko gai ez izateak: hau da, egungo mundua eta egungo jendeon sakoneko espektatiba eta nahiak, sakoneko nortasun egiturak aintzat harturik asegarria, eta, beraz, desiragarria den utopia bat pentsatzeko eta gorpuzten hasteko ezintasunak.

Hala ere, artegatasuna zertxobait eten zaio joan den igandeko Herri Urratseko oroitzapenak etorri zaizkionean. Memoriatik berreskuratutako irudietan alaba eta lagunak, beste milaka haur, gaztetxo, gazte, heldu eta zaharrez inguratuta eta haiekin batera kantuan, dantzan, solasean ikusi dituenean. Ez daki utopia hazitxo bat dagoen hor... Badaki, behintzat, bizipen hori opari bat izan dela alabarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.