Juan Kruz Lakasta
ARKUPEAN

Umiltasun lezioa

2017ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Txikitan, etxeko egongelan, bagenuen argazki ikusgarri bat: aita zezenaren aitzinean korrika, adarren puntaren puntan.

Plastikotasun handiko irudia zen. Aita bihurgunea ezkerrerantz hartzen ari zen, eskuin eskuan zeraman txapelaren laguntzaz adarrekiko distantzia zainduz,lege zaharreko korrikalarien moduan. Bazen lekuz kanpo zirudien detailetxo bat: jertse grisa lepoan loturik zeraman, entzierroan korrika egin ordez igandean paseoan ariko balitz bezala. Horrek irudiari dotorezia are handiagoa ematen zion. Bere garaian, argazkia Nafarroan eskela gehien saltzen dituen egunkariak azalera eraman zuen.

Argazki hura gogoan, hamabost urterekin hasi nintzen entzierroan korrika egiten, eta 23 urterekin utzi nuen, betiere halako argazki ederrean agertzea lortu gabe.

Jada etsita nintzelarik, 1995eko otsailaren 24an, Nafarroan horrenbeste eskela saltzen ez dituen kazetak toki berean harturiko beste argazki bat ekarri zuen lehen orrialdera. Ni ageri nintzen hartan, polizia baten aitzinean, porraren puntaren puntan.

Hura ere plastikotasun handiko argazkia zen. Neu lurrean nintzen, fetu jarreran, desobedientzia zibil ez bortitzaren lege zaharrak agindu bezala. Eta polizia nazionalak borra harrigarriki goian zuen, indarkeriaz beteriko keinuan.

Behinola, aitak aitortu zidan ez zela izan horren entzierro korrikalari ona, eta argazki hura ia kasualitatearen ondorioa izan zela. Nik ere aitortu beharko dut geu ere ez ginela horren dotoreak desobedientzia zibil ez bortitza egiteko tenorean.

Otsailaren 23 hartan zortzi lagunek egin genion planto hirugarren graduari, espetxera gintzaten. Zortziok hitzartua genuen polizia kolpeka hasiz gero lurrean geratuko ginela, baina lauk soilik bete genuen hitz emandakoa. Beste laurok hanka egin zuten, ziztu bizian.

Gure desobedientzia zibil ez bortitz ekintzari babesa ematera, berrehun bat lagun hurbildu ziren. Eta polizia porra-kolpeka hasi zelarik, haietako askok modu bortitzean erantzun zuten, harriak botaz poliziei, eta, jakina, polizien ondoan ginenoi.

Lurrean botata nintzela, gogoan dut argi bezain garbi ikusi nuela institutuko lagun min bat harria botatzen, eta harri puska hura neure burutik zentimetro gutxira erortzen. Euskaldunon Egunkariako lankide batek ez zuen halako zorterik izan: harrikada batek buruan zauri handia eragin zion.

Halako batean, poliziek jotzeari utzi zioten, eta Udaletxearen atarian ilara osatu zuten. Gu haien aitzinean eseri ginen, eta gutariko bat txirria biltzen hasi zen, poltsikotik zortzi gramoko beste material bateko harria aterata. Zur eta lur harritzar horrekin nora zihoan galdetu geniolarik, espetxerako probisioak zirela erantzun zigun. Hamar bat minutu behar izan genituen konbentzitzeko harri horrekin San Roke kaleko espetxera joanez gero intsumisioari zegokion bi urte, lau hilabete eta egun bateko espetxealdia ez ezik, beste lau bat urte emanen zituela giltzapean.

Intsumisioaren eta solidarioen garaietako molde horretako hamaika pasadizo datozkit gogora. Horiengatik guztiengatik, miresgarria begitantzen zait erreferendumaren aldeko kataluniarrak egiten ari diren guztia, bereziki eskaintzen ari diren desobedientzia zibil ez bortitz eta masibo maisu lezio latza.

Halaber, horregatik guztiagatik sinesgarria egiten zait egunotan segapotorik-segapoto dabilen mezua. Idazkitxoa ANC-Euskal Herriaren izenean sinaturik dator, eta dei egiten du larunbatean Bilboko manifestaziora joatera; ez, ordea, igandean Kataluniara bidaiatzera, erreferendumaren egunean protagonismoa kataluniarrena eta haien bide baketsu eta demokratikoena delakoan, eta han ez dutela gure laguntzaren beharrik.

Lerrook idazteko tenorean ez dago argi mezua egiazkoa den ala ez. Berdin zait. Hobeki adierazita: ez zait berdin, oso larria bailitzateke inork halako mezu faltsuak idaztea, mobilizatu nahi dutenak nahasteko edo kontrolatzeko. Baina bat nator aipatu dudan gogoeta nagusi horrekin, eta iruditzen zait zer pentsa eman beharko ligukeela. Askori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.