Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

'Oh, Catalunya!'

2017ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Estimulu hutsalen jario etengabeakalzheimertutako burmuin kolektiboan jada urrunak zaizkigun Bartzelonako eta Cambrilskoerasoen biharamunetan, aldarri batek bete zituen Kataluniako plaza eta kaleak, kataluniarren buru eta gorputzak: «No tinc por» (Ez dut beldurrik).

Akorduan dut nola tarte batez lelo horren egokitasunari bueltaka ibili ginen analisi politiko eta mundu aldaketarakoegungo agora nagusietan, hau da, magurdiz hornitutako gin-tonic abangoardisten bueltako solasaldietan, eta Whatsapp-Facebook-Twitteretan. Hain justu, bazen korronte bat leloari onbera, naif eta infantila iritzi ziona: errealitatearen ukapenean oinarritua,eduki politikoz hustua, eta , ondorioz, egoerari egiaz aurre egiteko ezgauza. Gainera, bi noranzko antagonistek jaurti zuten kritika: munstro jihadistaren erro ikaragarriei aurre egiteko mezu eta modu gogorragoen eskean batzuek; jihadismoaren eragiletzat diagnostikatutako inperialismo kapitalista mendebaldarra deseraikitzeko lanabes zorrotz eta gotorragoak nahian besteak.

Eta, hara, nola hilabeteren buruan nahiz eta bitartean jazotako gertakarien apartekotasunagatik mundualdi oso bat pasa dela iruditu berriro ere «no tinc por» (ez dut beldurrik) ozen aditzen den Kataluniako plaza eta kaleetan, nola «no tinc por» oihukatzen duten milaka kataluniarren buru eta gorputzek. Oraingoan, jakina, ez du jihadismoarekin zerikusirik, Espainiako Estatuaren makineria osoari ari zaizkie: administrazioaren, eragileen eta komunikabideen egoitzetan sartu diren guardia zibilei, gainerako indar armatuei (egunotan kalean ikusi dugun eskuin mutur inkontrolatua barne), epaile eta legegileei, statu quo-aren bermediren agintari eta politikariei, makulu dituzten hedabideei... «No tinc por», horien denen aurrean aldarri. «No tinc por», ustez xalo eta xumea.

Baina ondo pentsatzen jarrita, ba ote dago egun eta gure jendarteetan «ez dut beldurrik»adieraztea, eta, batik bat,gorpuztea baino ezereraldatzaile, subertsibo etapolitikoagorik? (bai atentatuen kudeaketari dagokiola, bai herri askapeneko prozesuari). Izan ere, ispiluari zintzo begira jarrita, ez al gauzka behazuneraino janda ideologia talken araberaulertutako historiaren amaiera iragarri Francis Fukuyam politologoaren izpirituak? Ez al gaudemuineraino sinetsita bere txar ugari eta akats hilgarri eta guzti gaur egungo mendebaldetarra dela egon daitekeenik eta jendarte antolaketarik egokiena? Hortik kanpora ez dagoela anabasa beldurgarria besterik? Ez al da kapitalismoaren garaipenik handiena utopiak pentsatzeko gaitasuna ebatsi izana, bestelako bizitza desiragarriak irudikatzekoa? Ez al da beldurra horretarako baliatzen duen suntsipen handiko arma?

Bihar gertatzen dena gertatzen dela ere, horregatik da dagoeneko Kataluniakoa mugarri bat, mugarri handi bat: milaka jendek ez duela beldurrik esan duelako, eta beldurra erantzi duenez, borroka molderik ederrenean murgildu delako, hots, zilegi ez zaizkion arauen desobedientzia baketsuan eta kolektiboki askatzaile zaizkion beste batzuekiko konpromisoan. Eta prozesu horretan denean geruza diferenteetan aletu daitekeen utopia bat ari direlako marrazten, oso gauza xume eta oinarrizkoetatik hasita. Esaterako, alderdikerian zutoindutako politikaren ikuspegi hegemonikoa hautsiz, eta gure begi normalizatuetarako ezinezkoak diren kidetzak posible eginezbai, Convergenciatik datorren tradizioaren eta CUPen elkarlanaz ari naiz, eta esango nuke harreman horren ezinbesteko ondorioa dela politika beraren eta hari atxikitako herri zein jendarte eduki eta balioen birformulatze bat.

Eredua da Kataluniatik datorrena. Euskal Herrian aspaldi sumatu zuten hainbatek han bazegoela zer ikasia. Horregatik, eta, agidenez, utopien zikloak 40 urteko epealdiekin zerikusia duelakoan, egunotan, Lluis Llachen L'estaca-rekin batera Xabier Leteren Canço a Catalunya darabilt ezinbestean gogoan: «Itsas ilun honetatik zure argi haundira/ bihotz begiak zabalik nagokizu begira. Urteak eta mendeak zugan iraupen dira/eraman gaitzazu azkar askatasun berrira (...) Oh Catalunya! Oh Catalunya!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.