ARKUPEAN

Zerrenda zatarra

Juan Kruz Lakasta

2017ko abenduak 7
Nafarroako Gobernua UPNren esku zegoela, Foru funtzionario izateko azterketetan, ingelesa eta alemana jakiteak gehiago balio zuen euskara jakiteak baino, hala Tuteran nola Iruñean. Nonahi, ingelesak eta alemanak bina puntu balio zuten. Euskarak, aldiz, 0 puntu Tuteran, eta 1,8 Iruñean. Puntuazio justifikagaitza, besteak beste, aintzat hartuz azken hamar urteotan, Foru Erkidegoan, 100 lagunek lortu dutela alemaneko titulua, eta euskarazkoa, aldiz, 4.000k.

Foru Administrazioan 16.000 langile publiko daude, eta plaza horietatik guztietatik 160k soilik dute euskarazko profila. Nafarroan, herritar guztien %12,9 dira euskaldun osoak, eta %10,3 euskaldun hartzaileak. Guztira, euskaldunak %23,2 dira. Eta euskarazko profildun plazak, %0,1.

Datuek argi erakusten dute UPSNren erregimenak sistematikoki baztertu dituela nafar euskaldunak, bai lanpostu publikoak lortzeko aukerari dagokionez, baita zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubideari doakionez ere. Argi uzten dute euskaldunak baztertzea UPSNren erregimenaren ezaugarririk behinenetako bat izan dela.

UPN agintean zela, Hezkuntzan, euskarazko eta gaztelerazko oposizioetako azterketak egun eta ordu berean egiten zituzten, euskaldunek ez zezaten eduki lehiatzerik gaztelerazko plazak lortzeko.

Egungo gobernuak zerrenda bakarra ezarri nahi du. Erran nahi baita, epaimahai bakarra, azterketa bakarra, azterketa hori nahi den hizkuntzan egiteko aukera, eta, hortik eratorritako puntuazioen arabera, zerrenda bakarra.

Alta, gobernua sustengatzen duten indarretako batek, Ezkerrak, erabaki du horren aurka egitea, PSNk aurkeztu duen lege proposamenaren alde bozkatuz; sozialistekin, UPNrekin eta PPrekin gehiengo oso alternatiboaren zerrenda zatarra osatuz; gehiengo sindikalari eta euskararen aldeko talde guztiei bizkarra emanez.

Kontseiluak zerrenda bakarraren aldeko manifestaziora deitu du, Euskarari bide eman, berdintasunaren alde! lelopean. Eta Ezkerrak Twitterren erantzun dio «akatsa» dela «zerrenda bakarra eta euskararen sostengua nahastea»; izan ere, haiek ere badaude «euskararen eta berdintasunaren alde», eta, hartara, planteamendu horrekin Kontseiluak «euskarari sostengu sozialak kentzen dizkio».

Ene uste apalean, aldiz, Kontseilua motz geratu da, nik zerrenda bakarra euskararekin ez ezik aldaketarekin ere lotuko bainuke. Ene uste harroan, Ezkerrak aldaketari sostengu soziala kentzen dio zerrenda bakarraren aurka eginez, aldaketa ez baita posible (sinesgarri, eraginkor, bideragarri) UPSNren erregimenaren ezaugarririk behinenetako bat izan den euskaldunen bazterketa zuzendu gabe.

PSNren lege proposamena aurrera ateratzen bada, euskaldunek (hau da, elebidunek) lan bikoitza egin beharko dute: bi azterketa eta bi programazio. Jakina, hainbatentzat lan gehiegi izanen da, eta hartara euskarazkoak soilik eginen dituzte, edo denak prestatuko dituzte baina behar baino gutxiago. Eta horrek, beste behin ere, abantaila emanen die (gazteleradun) elebakarrei.

Emakumeek politikan (eta kazetaritzan, eta...) tokia eduki dezaten, gizonek lekua galdu behar. Beltzak autobusean esertzen badira, hainbat zurik zutik joan beharko dute. Eta euskaldunen bazterketa amaitzen bada, erdaldunek aukera gutxiago izanen dituzte oposizioetan.

Ulergarria izan liteke hainbat gazteleradun elebakarrentzat abantaila galtzea ez izatea xamurra. Baina ez da onargarria abantaila horri eutsi nahi izatea. Onargarria ez den bezala erabakiak hartzea abantailari eutsi nahi dioten horiengan pentsatuz, eta urtetan baztertuak izan direnak beste behin ere bazterrean utziz.

Ez zait atzentzen Ezkerrak gobernuari euskararen aldeko beste hainbat neurri aurrera ateratzen lagundu diola. Eta zinez eskertzen diot. Baina horrek ez du konpontzen zerrenda bakarraren auzia. Eta zerrenda bakarrarena konpondu beharreko auzia da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna