Inaki Galdos
ARKUPEAN

'Abertzale izan ezkero gaur...'

2018ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Doktrina ofizialaren arabera, Katalunian independentismoa oso sendo baldin badago, nazionalistak ez diren sektoreak erakarri dituelako da. Barkatuko zait atrebentzia, baina nire uste apalean, abertzaleak ez zirenetako asko abertzaletu egin direlako gertatu da hori. Nahiz eta horietako gehienek ez duten inoiz onartuko orain abertzaleak direnik, besteak beste, abertzale izatearen inguruko eztabaida izugarri labainkorra delako. Garrantzi handirik gabeko ñabardura dela pentsatuko dute norbaitzuek, baina niri berebizikoa duela iruditzen zait, are gehiago gure artean estrategia eta subjektu independentistari buruzko gogoetek indar handia hartu dutenean, Katalunian begirada jarrita sarri(egi).

Ukaezina da gaur egun abertzaleen balizko batasunak ez lukeela izango gure artean indar nahikorik independentziaren bidean estrategia bat ezartzeko. Nabaria da, beraz, hegemoniaren bila subjektu berria artikulatu beharra dagoela baldin eta aurrera jo nahi bada. Horren inguruko teorizazioetan dihardute besteak beste Ernesto Laclau eta Chantal Moufferen euskal jarraitzaileek, oso ekarpen interesgarriak mahaigaineratuz, sakontzeko beharra bai, baina aldi berean zenbait desadostasun eta kezka sortu dizkidatenak.

Iruditzen zait irakurketa ezkorregia ari direla egiten hainbat abertzaletasunak independentziari eskain diezaiokeenari buruz. Eta neurri batean bere egin dituztela arerioak gure nazionalismoari buruz esandako asko, euskal gizartearen gehiengoak irentsi ez zituen gezurrak zirenean portzierto. Adibidez, partikulartartasun/unibertsaltasun dialektikan ez dut uste inoiz kontzeptu unibertsalen bandera inork kendu dionik euskal abertzaletasunari, aldarrikapen politiko partikularren borrokan murgilduta egon bada ere. Ez dut uste unionismoaren joko horretan erori denik, unionismoaren esku kontzeptu horien monopolioa utzita. Are gutxiago uste dut esentzien gotorleku bihurtu denik abertzaletasuna, ez hori bakarrik behintzat. Ondo dago, beharrezkoa da, abertzaletasunaren mugak onartzea, baina askotan iruditzen zait subjektu berri horren bila, hegemoniaren bila, marrazten ari den hainbat bide orritan berebiziko ahalegina dagoela muga horiek estuegi jartzeko eta abertzaletasunak bere baitan dituen ahalmenak gutxiesteko. Kontuz, ea jende berria erakartzearen erakartzez ez den beste hainbat jende etsipenez betetzen.

Azken hauteskundeetan Puigdemonten zerrendan joan den Hector Lopez Bofill izan da Katalunian arrisku honi buruz prozesuan zehar behin baino gehiagotan ohartarazi dutenetako bat, ez bakarra. Kezkagarriak (izan) dira bere ustez emantzipazio kolektiboaren ideia eta nazioarena lokabetzeko ahaleginak eta aberririk gabeko estatua sortzeko proposamenak, Kataluniako nazionalismoan sekulako higadurak sortuko zituzketelakoan. Subjektu independentista berria eraikitzeko ahaleginean erabili den hainbat argumentazioren arabera, ahalegin hori hutsala gertatzekotan nazioa bera hilzorian geratzeko arriskuari buruz ere gaztigatu du Tarragonako idazle eta irakasleak. Iruditzen zait Lopez Bofill gustura egongo dela bilakaerarekin, askok uste zutenaren kontra subjektu independentista handitu bada, abertzale kopurua izugarri gehitu delako izan da batez ere. Hala iruditzen zait niri behintzat, azkenean aberriarekiko atxikimenduak askoz ere pisu handiagoa izan duela hobeto bizitzearen arrazoi pixka bat naifak izan duena baino.

Abertzale izan ezkero gaur, gauden denok anai! kantatzen ziguten Pantxoa eta Peiok Telesforo Monzonen letrarekin. Ez anai eta ez alai gaude egun. Ez dira modako hitzak abertzale eta nazionalista. Adiskide zahar batek esan zidan orain hurrengoan, «ni ez naiz nazionalista» esaldia «ni ez naiz arrazista» edota «ni ez naiz homofoboa» bezalakoen pareko bihurtu dela ia. Bada, bere muga eta gabeziak onartuz eta independentziaren bidean gehiengoak artikulatzeko egiten diren proposamenak oso gertutik jarraituz, abertzaletasunak oraindik goia jo gabe duela uste dugu batzuek. Are gehiago, independentzia lortzen badugu, abertzaleen kopurua asko igoko delako izango da, ustezko independentista ez-abertzaleen kopurua baino askoz gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.